Wednesday, April 16, 2008

MARTXOAK 10, HATSAREN OMENEZ

HATSAren POESIA aldizkariaren 10 urteak betetzen diren honetan, martxoaren 10ean Iruñean ekitaldi bat egin zen urtebetetzea ospatzeko. Egun hartan goxo-goxo egon ginen LASTOZKO IHESGUNEETAN saioa ikusten eta WHISKYA ETA HONDARTZA antzerki irakurtua entzuten. Argazkitxo batzuk atera zituen Auxtinek eta hona hemen argitara emanak.

Batek baino gehiagok galdetu egin du azken aldi honetan ea zein den HATSAren elkartearen eta ASPALDIKU elkartearen arteko lotura, ASPALDIKUren bloggean HATSAren informazio anitza eskeintzen baita.

Bai, bi elkarte ezberdin gara, guztiz autonomoak, baina komunikazioa oso estua dugu bi elkarteon artean. Gainera, kontua da gutariko batzuk bi elkarteetan gaudela. Ez da harritzekoa... Euskal Herrian bagara lagun anitz txapela anitzekin... ez al da hala? Milaka elkarteetan eta diru zorroa husten hainbat lekutan, hilabeteko bazkide fitxa ordainduz. Beraz, ASPALDIKU gauza bat da eta HATSA beste bat. Baina, ez dago arazorik ASPALDIKUkoa izateko eta aldi berean HATSAkoa ere bai. Edo alderantziz, HATSArena izan zaitezke eta ASPALDIKUkoa ere bai.

HATSA Elkartea guztiz euskalduna da eta euskararen alde lan egiten du euskal poesia, hots, euskaraz egiten den poesia bultzatuz. Auxtin Zamoraren lanari esker Senperetik Euskal Herri osora zabaldu da eta ibilbide horretan euskara du helburu eta abiapuntua.

ASPALDIKU, berriz, euskaltzalea da, baina ez osoki euskalduna, bazkide anitz erdaldunak direlako. Gehien bat Nafarroa Garaian aritzen da eta olerkari euskaltzale baina erdaldun bati sorrera zor zaio Nafarroan poesiaren besta bat antolatzea eta olerkari euskaldunak gonbidatzea bururatu zitzaiolarik. Elkarte honen hazia orduan erein zen, gure protohistoria txikiaren Harrizko Aroan. Eta une hartan ASPALDIKU elkartea sortzearen ideia hasi zen gorpuzten eta "euskara sail" bat osatzearen beharra agerian uzten. Izan ere, ASPALDIKUren euskal arloa honela osatu zen, HATSAren POESIAren orrialdeetan idazten zuten lagun batzuekin. Eta handik lotura.

ASPALDIKU sortu zenean argi eta garbi ikusi zen, euskararen kasuan argiago eta garbiago oraindik, Nafarroa izena zentzu zabalean ulertu behar zela. Izan ere, Jimeno Jurio historialariak irakatsi bezala nafar hitza (bizkaitar hitzarekin gertatu ohi den bezala), 'euskal' hitzaren sinonimotzat hartzen dugu, Erdi Aroko usadioa egungo gizartera ekarriaz.

Beraz ASPALDIKU, ASPALDIKU da eta HATSA, HATSA. Baina ASPALDIKUko euskaldunak HATSAren seme-alabak gara eta gure ama maite dugu... baita gure aita ere!

Sunday, April 13, 2008

"Muxugorri" liburuaren aurkezpena Berriozarren

Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara, Muxugorri poesia liburua aurkeztuko dugu Berriozarren. Aspaldikuren eskutik datorren poesia liburu hori Berriozarko Udalaren laguntzari esker argitaratu da, eta sei poetak parte hartzen dute, hamarna poemarekin: euskaraz, Mikel Balentziaga Izagirre, Naiara Sánchez Inda eta Josu Jimenez Maia; erdaraz, berriz, Ana Estepa Román, Genoveva Gómez Prieto eta Kutxi Romero Lorente.
Hiru emakumezko eta hiru gizonezko, seiak "Muxugorri" inguruan bildurik, poesia Berriozarretik mundura eskaintzeko.
Liburuaren aurkezpena arratsaldeko 7etan eginen da Berriozarko liburutegian, hilaren 23an.

Thursday, April 10, 2008

ASPALDIKUREN HISTORIA HURBILA

Ondoko lerrootan gure elkartearen hastapenen inguruko eztabaidak dituzue. Erdal poeta batzuk hasi ziren poesiaren inguruan topaketa bat antolatzen ("kongresu" hitza zerabilten). Horietako bati (euskaltzalea baitzen) euskaldunei deitzea bururatu zitzaion eta gutako batzuekin harremanetan sartu zen. Gonbitea onartu genuen eta... gaur egun arte!

Hala eta guztiz ere, estakururen bat edo beste ere egon zen hasiera hartan orduko antolatzaile guztiek ez baitzioten euskarari begirune bera erakutsi, eta tamalez, antolatzaile hura antolaketa taldetik atera bazen ere, harako hura iltze batek zurezko oholean uzten duen zuloa bezalakoa izan da guretzat.

Hona hemen egun haietan eztabaidatu zena sustatu.com webgunean:

NAFARROAKO ERDAL OLERKARIEN KONGRESUAN EUSKALDUNAK GONBIDATUTA

Nafarroako olerkari, talde poetiko eta aldizkari poetiko guztiak gonbidatuta daude. Euskararen kasuan, euskaldun guztiok gara neurri batean edo bestean nafarrak, historiak, literaturak, Euskal Herriak berak nafar egiten baikaitu. Beraz, euskal idazle guztiak daude gonbidatuta eta, horregatik, euskal aldizkari poetiko guztiak ere bai.

ERDAL OLERKARIEN KONGRESUAN EUSKALDUNOK ZABALKUNDE LANA

Hasierako programa pixka bat aldatu duten arren erdara/euskara ratioa ez dago batere orekaturik baina ulertu behar da haiek antolatu dutela kongresua, haiena dela, eta batzuek ez dutela ezta ideiarik ere gure munduaz, olerkaririk ote dagoen ere ez. Gu, euskaldunok, ikusezinak gara gure etxean. Horregatik, garrantzi handikoa da, behingoz, haiek gutaz oroitu eta lekutxo bat guretzat utzi izana. Hau da, zabalkunde lana egitera joango dira bere aldizkari, talde poetiko edo olerkiak aurkeztera hurbilduko diren euskaldunak. Erdaldunek jakin nahi dute nor garen eta zer nolako gauzak egiten ditugun. Baten batek lan hori egiteko gogoa badu, orain du aukera.

ERDALDUN EUSKALTZALEEI EUSKAL MUNDUAREKIN ZUBIAK ZABALTZEN

Apirilean, benetako "NAFAR POESIAREN BESTA" egin genuen Senperen HATSAren POESIAren egunean, Oxtikenean. Hori da gure benetako besta. Besterik ez dago. Erdal munduak proposatzen digun hau zubi txikirik baizik ez da. Baina eskertzekoa. Beti bizkar emanda bizi diren bi komunitateok egun batez elkar hartzeko eta aditzeko aukera. (...) Agian, orduan, oraindik ulertzen ez dituzten gauza asko hasiko dira ulertzen. Bizitzaren gauza asko ez baitira ikasten, bat bederak jasaten ez dituen arte. Euskarari ez zaio tarte bat utzi behar, euskarak bere tartea bete behar du. Gauzak batera egin behar dira. Programak eztabaidatu eta adostu. Euskal idazleen elkarteen iritzia eskatu behar da. Euskal poeten ideiak entzun. Gonbidatuak izan beharrean gu ere izan gintezke kongresu horren antolatzaileak, sustatzaileak, bultzatzaileak. Orain, berriz, gonbidatuak gara eta eskertzen dugu gonbidapena. Halere, ulergarria da, hein berean, batzuek gonbidapenari uko egitea. Baina, halaber, interesgarria da eskeintzen zaigun abaguneaz baliatzea erdaldunen aurrean euskararen alde mintzatzeko eta erdaldun euskaltzaleei euskararen mundura daraman zubia erakusteko.

ANTOLAKETA

Antolatzaileek kongresua antolatu duten moduan, hobe da denok hainbat taldetan banatuta egotea, denok hitz egiteko aukera izan dezagun. Banaka etorriz gero bakarrik olerkiak irakurtzeko aukera egongo da, baina izena garaiz ematen baduzue talde poetikoen eta aldizkarien tartean sartu ahal izanen zarete, eta poesiari buruz hitz egin ahal izanen duzue, edo euskarari buruz, horretarako taldeak egingo baititugu propio. Gogora ezazue, ordea, entzule gehienak erdaldunak izanen direla eta ez legokeela gaizki esaten duzuena erdaraz ere aditzera ematea, llabur-llabur bada ere.

Wednesday, April 9, 2008

HATSAREN POESIA EGUNA SENPEREN

Bildumatxo labur bat

Apirileko lehen igande honetan Euskal Herriko lau hegaletarik etorritako 70 bat olerkizale, Senpereko Larraldean elkartu dira, euskarazko olerkiari besta bat egiteko, beren biziko harat honateri ebatsi egun bat, poesiari eskaintzeko.

Besta honen karietara, 10 garren «Hatsaren Poesia» deitu olerki bilduma aurkeztua izan zen . Honen azalean hatsa eta lurra elgarrekin lotu nahi duen argazki bat aurkitzen da eta, barnean 120 bat idazleen olerkiak, bai eta 130 bat haur eta haurtxoen talde-olerkiak ere.

Bazkari ondoan, hor ziren 40 bat idazleek, beraien,edo, bestan ezin izan zitezkeen idazleen olerkiak irakurtu edo abestu zituzten, entzuleeri zirada asko sortaraziz New York-eko Elizabeth Macklin eta Amsterdameko Aitziber Renteriaren testuak ere entzunak izan ziren, munduko beste puntan, poesia euskaraz idazten dela nunbait nabarrituz. Iaz Poesiaren egunean zirenen artean idatzitako olerkia, ere une berean, azaldua izan zen.

Bere 69 urteak egun hortan betetzen zituela eta, hastapenetik «Hatsaren poesia»n parte hartu duen JosAnton Artzeri, omenalditxo bat egina izan zen Honeri dagokioke datorren 2009 urteko olerki bildumaren hitzaurrea idaztea.

Hatsa hartzen balin bada eta botatzen, hatsa, behin betikotz uzten da ere. Andolin Eguzkitza, Olivier Olarizu eta Manex Bergarari, urteetan zehar «Hatsaren Poesia» liburuan parte hartu zuteneri, minuta bat ixiltasun eskainia izan zen.

Arratsaldean «Barneko burbuilak» deitu bideoak arrakasta haundi bat bildu zuen, baloratuz: Hatsa elkartearen babesapean egiten diren tailer kideen olerkiak,bai eta Auxtin Zamoraren argazkiak.

Arratsean olerkari gazteak beren baitarik elkartu ziren eta pentsatuz jadanik datorren urteko poesia bildumari, olerki kolektibo bat idatzi zuten. Horrela bururatu zen euskal poesiari eskainia izan den egun goxo hau !

Hatsa elkartearentzat,

Auxtin

P. S. Erran gabe doa, Hatsaren Poesia egunean, Senperen ez zirenentzat, liburuaren ale bat dohainik idazle norberarentzat gordetzen dugula. Hau, zuek eskatutako modu egokienean igorriko dizuegu. Denontzat postaz dohainik bidaltzea garrestiegia zauku edo bestenaz, garaio gastuentzat eskatzen dugu 3 Euro.

Poesiaren munduan egonez, «Aspaldiku», Iruñeko kultur elkartekoek jakinarazten dute, Nafarroako 3 garren Poesiaren biltzarra, ekainaren 7an, larunbatarekin, goiz eta arratsaldez, Lizarrako Gustavo de Maeztu museoaren egoitzan iraganen dela Hatsaren Poesia bilduman parte hartzen duten guziei, nor beraren irakurketa bat proposatua zaie.

Hatsaren Poesia egunean hartutako argazki zonbait, bai eta Gara-n (milesker Guillan Oier) eta Berria-n (milesker erredakzioa) agertu artikuluak «Aspaldiku» elkartearen Blogean aurki ditaizke.

Tuesday, April 8, 2008

Hatsa elkartearen X. festa Senperen


Zinez egun ederra, pasa den igandean Senperen eman genuena: Auxtin Zamoraren lan eskergari esker, hamargarren urtez, poesiaren inguruan biltzea herrialde guztietako poeta euskaldunak ez da lorpen makala, izan ere.
Atzo GARAn eta gaur BERRIAn agertu denaz landa, argazki gehiago dituzue ikusgai: Iparraldetik eta Hegoaldetik blogosferara igorriak, poesiaren bidez mugak gainditzeko. Profitatu!

AKATS BAT GURE ELKARTEAREN ITZULPENEAN

Aspaldiku Elkartearen erdal izenburua kontuan hartzen badugu, ez dirudi oso egokia euskaraz darabilgun itzulpenak, itzulpena baita, ez baitzen jatorrizkoa euskaraz asmatu eta handik erdalduna sortu. Beraz, ikus dezagun erdaraz zer diogun: Kulturaren Hedapenerako Elkarte bat da eta kulturaren hedapen hori Nafarroan egin nahi dugu. Halaz guztiz, inskribatu genuen itzulpena bestelakoa da... Nafar Kulturaren Hedapenerako Elkartea omen gara eta hori ez da ez ariman, ez izpirituan, ezta gorputzean ere, adierazi nahi genuena Aspaldiku sortu genuenean. Nahi gabe, akats txiki bat eskapatu zitzaigun eta orain bi gauza ezberdin diogu hizkuntza batean eta bestean.

Erdaraz, Kulturaren Hedapenerako Elkarte bat garela diogu eta ongi dago. Izenari kasu eginez, esaten duguna da, zehatz-mehatz, Nafarroan hedatu nahi dugula kultura, eta hori ez dago batere gaizki (benetan beharrezkoa baitzaio, halajaina!, sine die ez baita ingelesa, hi!). Baina, ikus dezagun euskararen kasua...

Euskaraz, Nafar Kulturaren Hedapenerako Elkartea omen gara... eta hau zer da? Nafar Kulturarik ba ote dago? Pentsamentua eta nafarra ez ote ziren uztartu ezinezko kontzeptuak Barojarentzat? Ez gara horren urrun joanen, baina, egia esan, nafar kultura, benetan kultura izanen da baldin eta nafartasun delako hori zentzu irekian ulertzen badugu.

Gatozen harira, euskaraz idazten duen Renoko euskaldun batek edo erdaraz idazten duen Argentinako gautxo batek (gauez ibiltzen ote dira?) gure erdal izenburuari kasu eginez Nafarroan kultura hedatzeko aukera daukate baldin eta kulturarekin zerikusia duen edozein gaiez aritzen badira; esaterako, Ameriketako euskaldunen bizitzaz, edo Panpako gitarrajole ameslariez, konparazione. Baina euskal izenburua kontuan hartuko balute eta nafar kultura hedatzeko beharra balute, zer egin beharko lukete izenburuarekin bat etortzeko? Zertaz aritu beharko lukete? Zeri buruz idatzi beharko lukete? Raimundo Lanasen garrantziari buruz? Sarasateren zorioneko arrabitari buruz... edo zeri buruz? Zer da nafar kultura hedatzea?

Euskal Kultura zer den argi dagoela dirudi (honetan bai, ezta?); izan ere, printzipioz euskararen bitartez egiten den guztia da euskal kultura, euskararen ibilbidea osatzen eta aberasten du. Honetaz gainera, erdaraz egiten den gauza anitz sar daitezke honen barruan beste arrazoi franko direla medio. Baina nafar hitza erabiltzen dugunean zentzu geografiko, historiko, edo dena delakoa eransten diogu izenari eta honetan izugarrizko saltsa dago.

Anitzen iritziz euskaldun guztiok gara nafarrak, neurri batean edo bestean. Beste batzuek berriz nafar hitza oso zuhur erabiltzen dute eta ez diote edozeini izen hori eman nahi. Batzuk zuhur, beste batzuk oparo... Baina, agian, nafar kultura esapide hori berraztertu beharko genuke, jakiteko behingoz zer arraio esan nahi duen.

HATSAREN POESIARI OMENALDIA LIZARRAN

Artikulu interesgarri bat argitaratu da GARA egunkarian Igandeko bestaren kariaz. Hasiera batean zuzen-zuzenetik egunkaritik kopiatu genuen arren, egokiago dirudi iturrietara jotzea eta hantxe bertan irakurtzea. Beraz, klik egin egunkariaren izenean eta jakin ezazu zer gertatu zen Senperen eta zeinen gozoa zegoen apairuan jan genuen zikiroa. Gure esker ona eta zorionik zorionekoena sukaldari trebeei. Haiek ere euskal poesiaren alde izugarrizko lana egin zuten, poetei jaten eman baitzieten olerkiak idazten segi dezaten, gauza jakina baita sabela hutsik ezin dela ongi pentsatu, halafede!

Bestalde zikiroa prestatu zutenak badakigu, jakin, herriz herri dabiltzala astero zikiroa prestatzen eta aurtengo agenda guztiz betea dutela... ez da ez harritzekoa! Bai gozoa!

Eta orain, mesedez, Oier GUILLANen artikulua irakurri ahal izateko ondoko estekan sakatu edo klikatu: GARA

2008ko apirilaren 07a

KRONIKA | Poesia eguna Senperen

«Hatsaren poesia»ren hamargarren urteurrena ospatu dute Senperen

Hatsa elkarteak orain hamar urtetik argitaratzen duen «Olerki bilduma» aurkeztu zuen atzo Senperen. Sormena eta literatura ulertzeko filosofia irekiaren isla izan zen poesia idazle eta, oro har, poesiazale ugari bildu zituen jaialdia.

p055_f01.jpg

Oier GUILLANek GARA egunkarian idatzia:

Hatsaren urteurrenak izango du ordea, segidarik, ekainaren 7an omenaldia egingo baitzaio Lizarran, Nafarroako idazleek antolatu ohi duten poesiaren egunean.