Monday, December 27, 2010

TK aldizkaria, karrikan da (22. zenbakia)

Nafarroako Liburuzainen Elkarteak 2010eko abenduko zenbakia plazaratu du berriki. Joxemiel Bidadorri eskeinitako alea da. Oso ongi argitaratutako aldizkaria da... Hatsaren Poesiaren antzera, aldizkaria baino liburu bat dirudi.

Bertan hainbat idazle nafarren iritziak jasotzen dira "Euskaraz idaztea Nafarroan" gaiaz. Hona hemen iritzi horietako batzuk:

* Anjel ERRO : "Nafar idazle baten lana "saritua" izan denean, Nafarroatik kanpoko instituzio batek egin du (dela publikoa, Euskadi Sariak bezala, dela gutxi gorabehera akademikoa, Kritika saria bezala, edo dela guztiz ekimen herrikoikoa, orain gutxi irakurle talde batek martxan jarritako 111 akademia)."

* Patxi LARRION : "Idaztea, idaztearen ekintza ezer bada, jarduera pertsonala da, baina, plazarik gabe nekeza egin ohi da, eta hau idazten duenak birtuala baino haragizko plaza nahiago."

* Jon ALONSO : "Honez gero ez dut uste inork, fundamentu pixka batekin arituz gero, uka dezakeenik euskal idazleen bazterketaren oinarrian bulkada politiko dagoenik. Euskarazko edozein manifestazioaren aurka dagoen bulkada berbera. Nafarroako bizitza publikotik -hartaraz gero, pribatutik ere bai, baina horrek ez du hainbeste inporta- euskara desagerrarazten tematzen den jende horren bulkada ezagun hori."

* Josetxo AZKONA : "Beraz, euskarak gure lurraldean dituen hiztun-kopuruari erreparaturik -aski urria bera, gehienez jota, populazioaren %12-, errateko gisan gaude halako idazle multzo trinkoa badela gure lurraldean. Gabeziak gabezia, euskal letren jarraitasuna ez da eten Nafarroan, ez horixe !"

* Aingeru EPALTZA : "Handia da, gero. Iruñean, urrikalmendu begiradak sumatu izan ditut neure burua euskal idazle gisa aurkezturik. 'Nora hoa, gizagaixo hori, lau katuk ere erabiltzen ez duten hizkuntzan idazten !'"

* Inma ERREA : "Nafarroan gertatzen ari dena da horren adibide. Agintariek ez dute nahi euskarak aurrera egitea, eta horretarako klase orotako trikimailuak baliatzen dituzte. Esaterako, literaturaren alorrean, euskaraz idazten dugunok ikusezin bilakatzen saiatzen dira, baina horrekin ez dute lortzen gaztelaniazko literaturari bultzada ematea Nafarroan. Besteak beste, gaztelaniaz idazten duten idazle nafar asko ez direlako euskararen arerio, eta hori, euskal kulturaren arerio ez izate bera, baztertua izateko arrazoia bilaka daiteke Nafarroan. Penagarria da hizkuntza bati herra erakustea, penagarria, itogarria eta antzua."

* Josu JIMENEZ MAIA : "Adierazgarria den beste adibide bat. Iaz Iruñeko Pamiela argitaletxeak atera zuen Siete Poetas Vascos liburuan, Jose Angel Irigarai handiak apailaturiko liburua, Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Jon Gerendiaga, Tere Irastortza, Xabier Lete, Xabier Montoia eta Joseba Sarrionaindiaren liburua ezagutzen al dute Nafarroako poeta erdaldunek? Irakurri dute? Lepoa eginen nuke ezetz. Eta ele biz egin zen antologia hura.

* Joakin BALENTZIA :

Ezagutzen ez duena gaitzesten duen horri
eskaini nahi diot
ene hitz arrotz hau,
apalki, badaezpada ere,
ulergarri ere bai,
ez nahasteko moduan;
itzultzaile iaioak direnez gero,
ene berba barbaroak
egokituo dituztelakoan nago:
ni hemengo naiz,
jaiotzez, legez,
bihotzez, gorputzez,
ametsez, heriotzez,
hauxe da ene lengoaia propioa,
odolez egindakoa
mende anitzetan zehar;
zu mintzatzen hasi baino lehen
hemen nengoen ni,
hiztun, sinestun,
ene mito eta jainkoekin,
bakean,
lurralde lau eta malkar hauetan,
lagunen artean,
solas, maitasuna egiten,
noizbait itsasoari
baina beti eguzkiari so
ama lurrarekin loturik;
baina zuk, ezagutzen ez duena
erdeinatzen duen horrek
ez duzu ikasi nahi
orain dudan kezka guztia
bihotzean, gorputzean,
heriotzan, odolean,
eta nire lengoaia berezi eta zaharra
arbuiatzen duzu
modu basati batez,
eta ez dugu elkar ulertzen jakina;
zure hizkuntza ikasia dut
halabeharrez, nahitaez,
baina zuk, berriz, nirea ez,
eta elkar joka gabiltza aspalditik:
otoitz egin dezagun,
edozein hizkuntzatan,
jainkoren batek gorde gaitzala
bion bihotza,
herioak aginduta,
izoztuta ez geratzeko.


Wednesday, December 22, 2010

Euskal Poesia Nafarroa Garaian... non argitaratu ??

Euskal literatur aldizkarien kontuetan Nafarroa Garaian ez dugu deus... basamortu bat da... baina basamortuen kontuan ere, basamortuak eta basamortuak badira... eremu soildua da gurea... urik gabeko basamortua (basamortuetan ohikoa den bezala), noizbait ur putzu ugariak zituena eta Korrok aldizkariaren garaian itsaso bat izan zena (itsaso zabal bat, beti itsaso hitzari "zabal" adjektiboa erantsi ohi baitzaio).

Nafarroako basamortu honetan urik ez dago eta ura ekartzen baduzu kantinplora kentzen dizute, basamortu honetara ura ekartzea debekaturik baitago. Nazka eta guzti ematen du.

Gauzak honela... Aspaldikukook behin baino gehiagotan galdera hauxe egin diogu geure buruari: Nafarroa Garaiko olerkari batek ba al du olerki solte batzuk argitaratzerik Nafarroa Garaian literatur aldizkaririk ez dagoela kontuan harturik ?

Arazoa, agian, ez da horren larria eta aldizkaririk ez izateak beste problema batzuk konpon ditzake, adibidez, kalitate txarraren auzia. Izan ere, zure olerkiak oso txarrak badira, hobe da ez argitaratzea, herriak eta euskarak eskertuko dizu. Baina ez argitaratzea aldizkaririk ez dagoelako, non argitaratu ez dagoelako... hori ez dun/duk bidezkoa...!! gure hizkuntzaren aurkako erasotzat hartzen dut nik. Finean, edozein idazlek izan beharko luke eskubidea nahi lukeen guztia plazaratzeko, txarra izan edo ona izan, berdin zait, beste gauza da, jakina, ea irakurleak irakurriko dizuten edo ez... baina hori beste kontu bat da.

Baina, argitaldaririk ez badago, argitalpenik ere ez, eta, aldiz, euskararen kontra dagoen kultur politika bat baldin badago, hain zuzen ere, galerazteko euskal aldizkariak sortzea, orduan, zer egin ? Nafarroa Garaiko euskal prentsa ito nahi dute... euskal aldizkari (Guaixe...), irrati (Xorroxin, Beleixe... Euskalerria Irratia...!! - irrati honen kasua lotsa emateko modukoa da, baina aurpegihandi jetapalo hauek ez dira, ez, inolaz ere lotsatzen) eta telebistak (Ttipi-ttapa)... gure espresabide guztiak arazoek itota dauzkate, diru laguntzarik gabe, oztopoekin eta trabekin alde guztietan...

Nafarroako Admistrazioak gure prentsarekin honen zikin eta zeken jokatzen badu, nola jokatuko du beste era batera gure kulturarekin, gure literaturaren, euskal literaturaren alde... ? Haiei euskal literatura bost axola zaie... (ezta bost ere...!)... euskal abizena duen guztia gorrotatzen dute... euskal poetak ? zoaztela Euskal Herrira ! (Nafarroatik kanpo esan nahi dute ezjakin horiek, Aspaldikukook ongi dakigun bezala... izan ere, Tuteran master bat eman ziguten... "euskaldunegiak" omen ginelako.)

Baina, berriro ere...

Olerki gutxi batzuk argitara eman nahi badituzu, ideia solte baina (zure iritziz) garrantzitsu batzuk komunikatzeko beharra baduzu eta Nafarroa Garaian bizi bazara... non argitaratu...?

Hatsa aldizkariak poesian betetzen du hutsunea... eta Maiatz aldizkariak, poesiaz gainera, euskal literaturaren gainerako alorretan ere... Lapurdi, herrialde txikia... baina literaturaren aldetik hagitz handia... Nafarroa Garaia bera ere baino handiagoa... Lapurdik arintzen digu Nafarroa Garaian sentitzen dugun mina... neurri batean Euskal Herri osoa da Nafarroa eta, hori dela eta, Senpere eta Baiona dira Aspaldikukoontzat Nafarroako hiriburu literarioak. Eta, horregatik, baztertu dugu aldizkari bat sortzeko ideia... gainera, agian, ez genukeen lortuko.

Joxemiel Bidador, poeta, Hutseaniko hazkurria, Pamielaren eskutik


Joxemiel Bidador, Pamielaren eskutik !!

Kaixo Joxemiel... ez nekian zeruan ere idazten ariko hintzenik... jakina! leku bat baldin badago aproposa eta gozoa idazteko hori zeruak behar dik !! Ba, zer esan, mila esker Olentzero baihintzen ekarri diguan gabonetako opari polit honengatik... irakurriko diagu, ez zalantzarik izan !!

Hutseaniko hazkurria eta beste

http://www.pamiela.com

Amaia Lasa, itsasoko izakia, Maiatz aldizkariaren eskutik


Amaia Lasaren liburua argitaratu du Maiatz aldizkariaren elkarteak. Nafarroako Poesiaren Lehenengo Biltzarrean emakumea eta euskalduna izateagatik hitza kendu nahi izan zioten, orain inork ere ezin izanen du isilarazi...!!

1. eke.org

2. eke.org

3. diariovasco.com

MAIATZ 51, karrikan da



MAIATZ 51...

Ongi etorri...!!

http://www.uberan.org/bestelakoak/maiatzeko-loreak-neguan

Gaur egun Iparraldeko bi aldizkari ari dira Euskal Herri osoko literatura sostengatzen... Senpereko Hatsa da bat, Baionako Maiatz, bestea.

Mila esker zuen lanarengatik !!

Monday, December 13, 2010

Bergarako Idazle Eskolako agiri bat


Pixka bat berandu gabiltzan arren... hona iritsi zaigun mezu garrantzitsu bat... ez dugu uste arazorik izanen duzuenik matrikulatzeko epea bukatuta izanik ere... animatu eta matrikula zaitez!!


IDAZLEAK IRAKURLE MINTEGIAK

HARIA: AMODIOAK ETA EZA

Amodioa , garaian-garaian aldatzen dena, norberak bere bizitzan pluralean jokatzen erakusten duen sentimetua, bizigai eta bizi-iturri ere izan daiteke. Eta ezak, edozein kausa duela oinarrian, batez ere amodiorik eza itzulingurukatzen du, islatzen du, saihesten du. Horregatik bata pluralean eta bestea jarri dugu singularrean, auzia hain sinple balitz bezala.

Eta horren inguruan hautatu ditugu zazpi irakurgai euskal testuetan, nahiz eta hainbat hitzaldi eta eskoletan ere gaia tratatuko dugun.

Aurtengo saioa aurkezpen berezi batekin hasi zen : Karmele Igartua Gogoan izenekoa. Publikoa eta iragarriai izan zena.

HELBURUAK

1.- Gonbidatutako idazleak bere obra nola idatzi duen jakinaraztea eta bere obra ezagutaraztea.

2.- Gonbidatutako idazleak, bere obra hau idaztean irakurri dituen edota idatzi ezin izan dituen beste liburuekin sortzen diren harremanez aritzea.

3.-Idazle baten obra jakin bati buruzko hausnarketa kolektiboa piztea IDAZLE ESKOLAko ikasleen artean , eta horrekin batera, irakurlearen pertzepzioaz hausnartzera bideratzea

4.- Urtero dagoeneko klasiko – eta beraz ezezagun xamar – bihurtu den idazleren baten irakurtzea bultzatzea. Txomin Agirre 2010-11 ikasturtean

SAIOA NOLA EGITURATZEN DEN

15 minutu inguru : IDAZLE ESKOLAko ikasleek egiten dute idazlearen aurkezpen saioa. Mintegi hauetarako, ikasle-aurkezleek aurkeztu behar den idazle gonbidatuaren obra irakurrita izango dute, eta helburua da lotzen gaituen gaia ardatz, zergatiei eta nolakotasunei erreparatzea.

75-90 minutu ingurukoa : IDAZLE GONBIDATUAREN saioa.

15-30 minutu ELKARRIZKETA entzuleek ere obra hori irakurrita izango dute, eta hitzaldiari buruz edo irakurritako liburuari buruzko iritzi trukaketa izango da.

EGUTEGIA

DATA

EGILEA

OBRA

AURREKO SAIOA

2010-11-13

Karmele Igartua Gogoan

Denbora Enaren hegaletan Pamiela


2010-12-11

Edorta Jimeenez

Haragizko amoreak. Susa

Hitzaldia :

LASA.K.-RODRIGUEZ;F.

Diderot eta estetiakren iraultza

2011-1-22

Eider Rodriguez

Katu Jendea Elkar

Hitzaspertua : DIAZLE ESKOLAKO

Aldizkariaz eta proiektuez

2011-II-12

J. Elortza

Txomin AGIRRE. Garoa eta Kresala

Hitzaldia

T. IRASTORTZA.

Amodioaren geografia euskal kantutegi tradizionalean

2011-3-12

Yurre Ugarte

Gasolindegia. Alberdania

Hitzaldia

T. IRASTORTZA.

Amodioak eta Biblia. Ruthen liburua eta Kantarik ederrena

2011-IV-9

Miren Agur Meabe

Bitsa eskuetan.Susa


2011-V-14

Zehazteke


Hitzaldia : LOZANO,Joseba

Nola idatzi best-seller bat

Ikasle guztiek irakurri behar dituzte zerrendan diren liburuak. Gero komeni da, egile bakoitzaren IKASLE TALDEAn, ahal dela, egiilearen lan gehiago irakurtzea.

Idazleak Irakurle Mintegietan parte hartzen duten ikasle guztiak etorri ahal izango dira aurretik dauden hitzaldietara.

IKASLEEKIN LANTZEKO HELBURUA IZAN DAITEKE Ikasturte bukaerarako Amodioaz eta ezaz antologia.


MATRIKULAZIOA

Azaroaren 15etik Abenduaren 11 bitartean

Bete itzazu ondorengo datuak eta bidali: idazleeskola@idazten.com helbidera.

Izen abizenak:...................................................................................

Posta helbidea:...................................................................................

Helbide elektronikoa:.............................................................................

Tfonoa:......................................................................................

  • Prezioa: 200 euro
  • Ikasle ohiak 100 euro eta EIEko bazkideak 20 euro.
  • 2008-09an 1. mailako ikasle zirela edota 200-10ean 2. mailako ikasle zirela IDAZLE ESKOLAkok bekan parte hartu zenutenok ez duzue ordaindu beharrik, baina bai goiko fitxa bete beharra.

Zure datuak jasotakoan esango dizugu ordainketa nola egin.

Thursday, December 9, 2010

Poesia tailer batzuen ideia... Hatsaren eskutik


Hatsa Elkartearen ageri bat

Poesia tailer batzuen ideia

Nahi ginuke, "Hatsaren poesia" liburuan parte hartzen duten idazleekin, poesia tailer batzu bultzatu.

Tailerrak dohainik egin beharko liezke eta parte hartzaleek ez lukete ezer ordaindu beharko. Helburu nagusia litaike, tailer horietarik jalgi Olerkiak, "Hatsaren Poesia" urteko bilduman ezartzea.

Beste behin batez, gu guzien erdian,
Poesiak egin beza bide !

Adixkide Olerkaria, goraintziak eta izan ontsa !

Hatsa elkartearentzat

Auxtin

Sorkuntza biluzia... Hatsaren eskutik


Hatsa Elkartearen ageri bat

"Sorkuntza biluzia" (sail berri baten itxaropena)

Hatsa elkartearen babesapean, Senpere Larraldean, beste ekintza poetiko bat egituratuko da, datoren Uztailean. Hor hilabete osoan, "Bizia eskuetan" lemarekin, Agurtzane Andueza, Zugarramurdiko, "Sorginalde" deitu tailerreko arduradun olerkari eta artista, izanen da, gure protagonista Pintura, Zizeldura, Argazkigintza oinarritzat hartuz, etorriko diren ikusleen ideia eta parte hartzearen laguntzarekin, Agurtzanek, lekuaren gainean, eta, momentoan momentoko asmakizunen bitartez, sortu obrak, ditu hor aurkeztuko.

Olerkarien eguna... Hatsaren eskutik


Hatsa Elkartearen ageri bat

Olerkarien eguna proposatzen dugu: urte guziez, « Hatsaren poesia eguna »ren bezperan, « Olerkarien egun » bat egituratzea (aurten: Apirilaren 2an)

Egun hortan, Euskal herri osoan, edo beste edozoin tokitan ere, olerki idazle edo olerkizale norberak, aukeratuko luke : gune bat, antzoki bat, taberna bat, berdin enparantza bat, hots, nahi duen gune bat, bakarrik edo beste pertsona batzuekin, maite dituen olerki edo testo poetiko zonbaiten aurkezteko ( eta hori, nahi duen modura, irakurriz... abestuz… antzeztuz edo abar… )

Lotura bat
, Internetez eta prentsaz, eginen ginuke denon artean, partehartzale norberak, nun eta ze ordutan eginen lukeen bere aurkezpena, Martxoaren 20ko, elkarteari jakinarazi baleza.

Datorren urtean, « Hatsaren Poesia » eguna iraganen da Apirilaren : 3an Larraldean Senperen eta, beraz , « Olerkarien eguna » , norberak aukeratu tokian, bezperan : Apirilaren 2an.

Olerki galdera... Hatsaren eskutik


Hatsa Elkartearen ageri bat

Aurten ere, "Hatsaren Poesia", olerki bilduma oraino, 13 garren aldi batez, aurreratzeko bidean eman nahi ginuke.

Aldi oroz bezala itxaropen haundi batekin pentsatzen dugu oraikoan ere Olerkari askoren partehartzeak ez digula huts egingo.

Badakigu, poesia munduan, ez litaikela mugarik eman behar, baina materialki ezin bestean, olerkien bidaltzeko epe bat finkatu dugu, hau da, Urtarrilaren 31

Aipa ere zuen inguruan

N.B : Zuen aurpegiaren argazki berri bat behar ginuke, bai eta ere, jakin noiz eta nun sortua zareten

Agur ! Xabier Lete !




Hatsa elkartekoek, penatuki hartu dugu, Xabier Leteren heriotzaren berria. Dolumin sakonenak, hurbiletik hunkituak izan diren guziei, eskaintzen diegu !

Bihotzminaren bazterrean, badakigu, hala ere, poesiaren eremuetan, gureganatu ditugun, bere abesti eta poemak, betirako biziko direla !

Agur ! Xabier Lete !

Ixuri duzun hitza, lore hautsa zen !

Gaur, lasaitu zaitezke ! Erein duzun olerkien sorro zabala, jadanik, belar-izarrez hasia da hozitzen !