Friday, February 10, 2012

Andu Lertxundiren beste aipu eder bat


Uste errotuenak zientziaren esku uzten du errealitatea ezagutzeko patrimonioa eta baita prozedura ere. Baina poesiak ere, ezagutza modu bat den aldetik, gaitasun intelektualak jartzen ditu abian, zertarako eta gauzen izaera, ezaugarriak eta erlazioak bilatzeko.
Aldi berean, nola hitz egin poesia batez poesia hura gozatu genuen moduaz hitz egin gabe, eta poesia bere horretan iraunarazten duen misterioaz galderarik egin gabe?
Garai batean fedeagatik esaten genuena gertatzen zaigu gaur poesiarekin eta, oro har, artearekin ere: ukitzen, ikusten, entzuten, ulertzen ez dugun zerbaitetan behartzen gaituzte.


Lertxundi, A.; Eskarmentuaren paperak, 18. or. Alberdania, 2010


Thursday, February 9, 2012

Andu Lertxundiren aipu ederra


Errealitatearen ezagutza modu bat da poesia: horra ekintza poetikoaren eragin bat. Zehatzago esateko: beste ezeren gainetik, ezagutza modu bat da poesia. Ezagutza. Modu bat.
Prozesuan hartutako erabaki-multzo bat da obra artistiko oro, eta obra batetik bestera dagoen aldea bidean hartutako erabaki-multzoarena da. Orain idazten ari naizen testuak ez du zer ikusirik joan den hilean idatzi nuenarekin, ez bakarrik aurrez hartutako erabakiak (gaia, tonua...) desberdinak direlako. Prozesua ere aldatu egin da. Idazle batek ez daki nola taxutuko duen bere hurrengo obra. Hona eskarmentuz dakien bakarra: ordu arte idatzitako lan bakoitzak bere bizi propioa izan duela; prozesuaren une askotan prozesuak berak hartu duela protagonismoa, idazlearen beraren borondatearen gainetik.
Testu bakoitza hautaketa bat da, mila eta mila aukera baztertu beste erremediorik ez duen inausketa. Kutxa gotor bateko diskoari jira eta bira ari den lapurraren itxura du idazleak. Halako batean hots bat entzun du.
Kras!
Aurpegia argitu zaio idazleari.
Izendatzen ditugunak esnarazten saiatzea da idaztea, manifestatzeko duten erresistentzia gainditzea. Baina artistek, onenean ere, oso bakanetan asmatzen dute kutxa trinkoaren konbinazioa.

Lertxundi, A.; Eskarmentuaren paperak, 16. or. Alberdania, 2010