Tuesday, October 16, 2007

Zergatik irakurri klasikoak?

Hona hemen Gara egunkariaren "Mugalari" gehigarrian pasa den larunbatean Angel Erro poeta burlatarrak argitaraturiko zutabe gogoangarria, egilearen beraren with kindly permission gure blog honetara ekarria.

a) Klasikoak irakurtzeko ez dagoelako motibo beharrik.

b) Itxura guztien kontra, beraien iruzkingileak (eta apologistak) baino infinituki dibertigarriagoak direlako.

c) Haiek hori bera eginen luketelako gure alde.

d) Italo Calvinok hala esaten duelako.

e) Edizio askoz ere merkeagoetan saltzen dituztelako.

f) Ekidin ezina delako liburua filma baino hobea izatea (ikusi –eta irakurri- Troy, Obaba, Tristam Shandy).

g) Denbora eraginkorki arduratu delako iraganaren obra kaskarrak garbitzeko, ezein egileren sentsibilitatea zauritu gabe. Gaur egungo kortesiak basoak desagerraraztera eta irakurlegoa galtzera darama.

h) Elkartasunagatik. Haiek gutxiengoa dira.

i) Aukera ematen digutelako gutaz guk baino gehiago dakitela egiaztatutakoan harrituarena egiteko.

j) Gogoko dituzun egile garaikideek irakurri dituztelako, nabari zaie. Gustatzen ez zaizkizunek filma baino ez dute ikusi.

k) Irrikatan zaudelako.

l) Gure erantzukizuna ere badirelako. Haietako batzuek, izan ere, ez dute idatzi zuten hizkuntzako hiztunik. Euskaldunok harekiko sentiberak izan behar dugu.

m) Dagoeneko irakurri dituzulako.

n) AquĆ­ hay tomate, Gran Hermano eta horrelako telebista programetan gaurkotasunaz, errudun sentitu gabe, ikasi ahal izateko, betikotasuna Gilgamesh-en poema bezalakoekin lortuta baduzulako.

o) Apurtzailea hitza zure literatur hiztegitik ezabatzeko.

p) Zeren, bestela, zertaz mintzatuko gara bulgariar edo japoniar batekin Euskal Herriaren gorabeherak azaldu dizkiogun ondoren?

q) Aspergarrien klubean sartuta dibertitzeagatik.

r) Badaezpada hemendik urte batzuetara deskubritzen duten edertasuna existitzen zela.

s) Garraio publikoetan ez nabarmentzeagatik. Paradoxikoa dirudi baina destainaz begiratzen zaituzte Moby Dick edo Romeo eta Julieta irakurtzen ikusten zaituztenean, abenturazko edo amodiozko nobela soil bat irakurtzen ari bazina bezala, izan ere, horixe ari baitzara egiten.

Eta nik gehituko nuke: zergatik irakurri klasikoak? Hargatik.