Monday, September 28, 2009

Peio Jorajuria "Maite ditugun olerkariak" saioan


Adixkide olerkaria,

"Maite ditugun olerkariak "sailaren barnean
beste egun aberats bat iragan dugu :Peio Jorajuriarekin .
Hona hemen bildumatxo eta argazki bat

Auxtin

Maite ditugun olerkariak, Peio Jorajuriaren eguna,

(bilduma oso pertsonala)

Larunbat huntan ,Peio Jorajuria eta Dominik bere bizilagunarekin; ahantzi ez dezakegun egun bat oraino iragan dugu . Goizean ,Zugarramurdiko bazterretik Atxuria buruz doan bidexka hartu dugu , eta Kanpandoa mendixka igo .Handik ,inguru ,inguru ikusi dugu , gure bihotzeko lurra, parabisu bihurtu zela , dentelazko iratze eta ur gardenen artean , zuhaitzen sustrai sugetsu eta ixiltasunak dakarren bakeaz beterik

Gainean aurkitu ditugu gure arbasoek zutitu harri ezin higatuak , kasik ber-lurperatuak , baina oraino ageri Hor ziren ere oraino baseliza baten aztarnak , lehengo ezkil eta ermita baten doluan …..Han dira beti ,pean duten , Zugaramurdiko herriari , eten gabe , begira.

Juankar Mugarza , beranxko etorri izanik , ibili zauku atzetik bila baina ez gaitu atxeman . Hala ere pentsatzen dugu bere bakartiar ibilaldia asko preziatu zuela. Hain da Nafarroako geografia eta historiaz maitemindua !

Bazkaldu dugu Larraldeko amatxiren sukalde zaharrean , xixa horiez eginikako arrautzeopila janez , mila gaietaz hitz eginez , aktualitatea, historia , gizartea, lana, filozofia , ekonomia eta hainbat , biziak manatzen dituen anitzatasunez . Egonen ginen mahainean oraino luzaz baina Peioren entzutera etorriak zirenak ate aintzinean ginituen.

Horrela, Ana eta Piarres Charriton, Xan Iturria, Dominik Jorajuria Luixa Gilzu, Ainara Maia , Juankar Mugarza ,Graxi Solorzano , eta ni ,bildu gira 4etan Peioren aditzeko .

Peio-k, irakurtutako olerki guzien artetik erran zigun, bere olerkigintzaren iturria aita gazte izaiteak sortu ziola , Afrikan egonaldi batek ere asko hunkitu zuela bai eta ere bere hurbilekoen gertakizun latzek eta aktualitatearen jasangaitzek azkarki inarrosten zutela bultzatuz olerkiak idaztera. Maizetan ,gai beraz bi poema idazten ditu , lehena deskribapen bat eginez eta bigarrena, metaforo-oiartzun-sentsu sakonago bat deskribapenari emanez

Bere olerkiak dramatikoak direlarik nahi du ere aldi oroz hitz tristen artean argi bat aurkitu ,baikor esperantzaz egoera ilunak sanotzeko

Geroxago ,entzuleak, irakurle bilakatu ziren eta kasik denek nahi izan zuten Peioren olerki bat irakurri . Luixa Gilzuk goizean berean idatzitako pertsuak ezkaini zizkion , eta Ainara Maiak ere olerki goxo bat .Gainera,Hatsaelkartearen izenean , Peiok ukan zuen , Poesiaren betikotasunaren zinbolo bezala, 80Miliun urtetan fosilatu itsaslakatza bat eta bistan da luzaz hitz egin zela Peiorekin , baina olerkariak badu ere besterik egiteko.

« Bihar goizean, bizikletean, lertxunekin lerro-lerro
Bihar goizean, bizikletean, ilargira behar du joan «

Auxtin Zamora


Saturday, September 26, 2009

Lagunarte goxoa Senpereko Larraldean Peio Jorajuriarekin

Argazkia: EKE - Maite Deliart

Iragan da Peio Jorajuriaren eguna. Olerkiak, historia, sorginak, inkisizioa eta beste mila perpausa izan dira mintzagai eta entzungai Lapurdiko zoko maitagarri honetan. Mendian ibili gara Zugarramurdiko Kanpandorreko mendian, edo "Kanpandoa" mendian, Nafarroako mapetan izendatua den bezala. Arratsaldean, olerki saioa izan da, Peioren emazte Dominika bertan izan da, berarekin batera, Auxtin, HATSA elkarteko alma mater-a, eta Hatsaren lagunak. Giro benetan ederra gaurkoa... etorkizuneko mila proiektu berrien sorburu eta abiapuntua.

Izan ere, HATSAREN POESIAren egun ibiltari bat antolatzeko ideiari gorputza eman zaio gaur. Heldu den urteko HATSAREN POESIAren eguna izan ondoren ( Senpereko Larraldean, ohi bezala ), beste egun berezi bat antolatu nahi du Hatsak Senperetik kanpo. Hatsak bere sustraiak ongi errotuak ditu Senperen baina bere enborraren adarrak Euskal Herriko herri guztietara zabaltzen ditu eta heldu den urtean, Nafarroa Garaiko Berriozar herriraino iritsiko dira.

Honela, ekimen berri bati hasiera emanen dio Hatsa Elkarteak: Berriozarren hasiera batean, agian Bergaran beste urte batean, edo Bizkaian, eta honela hemendik aurrera, Euskal Herrietako herrialde guztietara zabalduko da HATSAREN POESIAREN EGUN IBILTARIA.

Ohi bezala, Senperen bilduko gara denak, baina, urtero, Euskal Herriko txoko ezberdin batean biltzeko aukera izanen dugu... Lapurdin, Behe Nafarroan, Nafarroa Garaian, Zuberoan, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta, berriz ere, Lapurdin, Behe Nafarroan eta... Euskal Herri osoa olerkiz bete arte.

NAFARROARI

Nafarroa
Nafarroa gurea, hain maitatua
Oi Nafarroa
Zure lurra da gure odola
Zure herriak gure bihotzeko taupadak
Zure ibaiak gure zainak
Zure oihan ta mendiak gure hatsa
Oi Nafarroa
Zu, gure iturri gozoa.

***

Nafarroa
Euskal poetek zaituzte kantatu
Entzunarazi dauzkigute
Orreagako garrasi samina
Eta orain arte dirauen gudarien irrintzina
Garaipenarena.
Bidenabar haatik
Zenbat sofrikario
Zenbat sakrifizio
Beotibarko zelaietan
Odol eta malko
Amaiurko guduan
Mila herio
Eta Monteagudon, Kaskanten,
Oliten, Tafallan ala Lizarran
Irrintzina da behin eta berriz entzun
Mendiz mendi eta zelaiez zelai hedatu
Asalduraren haizea altxatu.
Baina Kastilla sabelkoiak
Oihu guziak dauzkizu ixilarazi
Oi Nafarroa, zaitu belaunikarazi
Eta hara zure azken erregina
Zaldi zuri gainean ihes doala
Lekunberritik Donapaleuraino
Baigorriko mendi harresietan gaindi
Begiak triste
Bihotza goibel
Tronua suzko ekaitzak aurtikia
Orbaizetako arma-ola zaharra iduri
Suntsiketaren laparrek estalia.
Mendez mendeko nigarrak
Urtegi dira bihurtu
Eta Itoitz eta besteak dira ito
Baina solidarioak dira hor ere altxatu
Irrintzinaka.

***

Bazterrera utz ditzagun oraikoan
Penak eta malkoak
Eta goazen bihotza alegera
Amodioaren irrintzinak gidaturik
Luzaiden baitago izar eder bat
Maitasunak bihotza xingolaturik
Kantore berri bat diezaiogun kanta
Garruzen aldiz duzue ostiraletan merkatu
Hantxet ai zer lore pollita
Elorriz beteriko arrosa
Haiza begitarteko xangrina
Bihotzean lora dadin zoriona !

***

Nafarroak eta Zuberoak
Bi xantre paregabe
Otxalde eta Etxahun
Agur zueri adiskidiak, egun hun !
Bortu gainetik
Bota kobla
Bota bertsu
Aira ditela Goizuetaraino
Han baitago gizon bat
Deitzen zaio Trabuko
Hitzak eder, bihotza paltso
Iturengo arotzaren gisa
Saindurik ezin fida
Ez-ta ere San Fermin bera
Tratulant bihurriak saldoan
Bilduak Iruñeko ferietan
Zaldi zahar, behor mantso
Eroslea petzero
Halarikan gure bihotzak dio
Aupa San Ferminak !

***

Euskara maitea
Oi gure hizkuntza xaharra
Aspaldiko mendetan sustraitua
Gure arbasoen arbasoek
Biziarazia
Edertua
Loratua
Nafarroako erregeek ere
Mihi ezpainetan zerabiltzatena
Ekaitzek ez haute aurtiki
Uhain gaixtoek ez urperatu
Eta hor hago sendo
Lau haizetara hegaldatu nahian
Oraindik ere mendez mende
Jalgi hadi plazetara
Jalgi hadi mundura
Eta Otsagabian
Euskal Herriko Otsagabia guzietan
Baztertu hauten plaza orotan
Euskaldun ororen bihotzetan
Ahalgea bazterturik
Lotsa gainditurik
Arbuioa haizaturik
Emak airoski dantza !

***

Goazen orain alegeraki
Nafarroan gaindi
Herriz herri
Sokadantzan
Zangoak arin, begiak alai
Hara Leitza
Euskarak ez zaitu arrotza
Eta Lekunberri
Zenbat pesta, zenbat irri
Eta haratago
Oi Baldorba
Eki bero, bazter idor
Mahats-ardoz bustitako
Lur emankor
Herribehera
Eguzkia etzaten denean
Zutan amets gozo
Eta Eiheralarre
Ospe zuri Detxepare
Horra ere Baigorri
Dena gar, dena pindar
Adiskideak
Eman gogotik kantu
Gaitezen alegera
Ez utz gure bihotzak hotz !

***

Nafarroa
Mila ospe zuri
Mila izar zu baitan
Zu, gure lurrik maitatuena
Amets zoroenetako lurra
Lur beroen sabel fruitutsua
Sabel hortatik hegalda dadila arranoa
Nafarroa, arbasoen arkaitza
Euskal lurraldetan lehena
Nafarroa, goi ala behera
Bat bakarra
Gu denen Ama.

Peio Jorajuria

Thursday, September 17, 2009

Peio Jorajuria Senperen Hatsaren eskutik



Maite ditugun olerkariak” ekimena Senperen, Peio Jorajuria-rekin

“ Hatsa” elkarteak,“Maite ditugun olerkariak” saila, jarraian Senperen derama . . Oraikoan, Irailaren 26ean Peio Jorajuria nahi luke ohoratu .

Peio Jorajuria, Senpere -Bernatenean sortua , Bidarraien ezkondua, 2 seme-alaben aita , Herria astekariaren arduraduna . Jadanik duela 11 urte idatzi zuen monografĂ­a bat Bidarraiko herriari buruz. Peio-taz “Begiurdinaren blogean”.diote : “Euskara hizkuntzaren zizelkari fina eta trebea ; ageri da hitzak hautatuz ari dela, euskaldunek dakigun bezala ideiak irudikatuz”

Iaz, 1990etik 2001era idatzitako olerkiekin , “Uzkinazo luma” liburua argitaratu zuen(Maiatz editorial etxearen bitartez) eta urtero artoski , “Hatsaren Poesia “ olerki bilduman parte hartzen du

Zerk zuen bultzatu olerkien idaztera ? Noizbait nunbait hitz hauk azaldu izan ditu:

“ Neure haurrak sortu zirelarik nintzen olerki ta ipuin zonbeiten idazten hasi, haurrek dakarten biziaren miragarritasuna omendu nahiz. Mundu gogor huntan, haurren begiekin biziaren agurtzea, ze oparia !

Peio Jorajuriaren Egunaren Egitaraua

Larunbata Irailaren 26an

9h 30 Elkartzea :Senpere-Larraldean

10 etan Oinezko ibilaldia Zugarramurdiko Kanpandorreko mendian

Ordu batean bazkaria Zugarramurdin

( Bazkariarentzat izenak eman behar dira Irailaren 24eko hatsaelkartea@aol.com)

4etan, Larraldean, denetzat, Peio Jorajuriaren olerki irakurketa