Wednesday, September 24, 2008

HATSA ELKARTEAREN AGERI BAT


Adixkide Olerkaria

Uda sasoia, zimizta bat bezala iraganik, hona udazkeneko noztalgiarekin batera, poesiazko hitzen iratzartzeko garaia

1) Beste behin batez, pentsatzen dugu, Datoren 2009eko apirileko lehen igandean (5a), «Hatsaren Poesia» bilduma berri bat agertuko dugula (11garren aldi honetan oraino urtearen bukaera bermapuntu bezala proposatzen dugu).

2) «Maite ditugun olerkariak» sailean

Urriaren 11n Itziar Gomez gomitazen dugu.

Goizean Oinezko Ibilaldi bat, Lizartsu mendira, eginen dugu.

Ordu bietan Bazkaria (15 Euro). Bazkaldu nahi duenak izena eman dezala Urriaren 8ko.

Arratsaldean Itziarren Olerki emanaldia.

3) «Maite ditugun olerkariak» sailean egonez

Urriaren 25ean Juankar Mugartza dugu gomitatuko.

Egun horretan ibilaldi bat eginen dugu, goizean «Gorramendi» deitu mendira.

Ordu bietan Bazkaria (15 Euro). Bazkaldu nahi duenak izena eman dezala Urriaren 21eko.

Arratsaldean Juankar Mugartza-ren Olerki emanaldia

4) «Maite ditugun olerkariak» sailean parte hartzea gomitatu bezala eskatzen dizugu. Aski duzu urteko edozoin larunbata egun bat aukeratzea, eta, arazorik gabe, momento goxo bat zurekin iraganen ginuke. Jadanik, Oier Guillanek, Ainara Maiak, Juan Ramon Makusok, Belen Oronozek, Juanma Sarasolak, Urtzi Urkizuk, Edu Zelaietak eta Zigorrek parte hartu dute, orai, zure txanda. Gure helburuetan da, Hatsaren Poesia bilduman parte hartu duten guziak, banazka egun batez gomitatzea.

5) Bestalde, bihotzez preziatuko ginuke zure inguruan ezagutzen dituzun olerki idazleeri«Hatsaren Poesia» bilduman parte hartzea proposatuko bazenie.

Bestalde, Irakaslea bazira, nahiko ginuke ere zure eskolako haur edo gazte olerkizaleek, datoren urteko olerki bilduman parte har dezaten. Jadanik Hondarribia, Igantzi, Arantza, Etxalar, Senpere, Donibane Lohitzune, Hendaia, Uztaritze, Itsasu, Baionako «Bernat Etxepare», Oñatiko «Elkar Hezi», Tolosako «Laskorain », «Eskolapioak», «Orixe», Iruñeko «Biurdana», «Jaso» eskolakoek, talde-olerkiak bidaliz, parte hartzen dute. Nahi balitz, prest gaude eskoleri laguntza bat emateko.

6) Datoren «Hatsaren Poesia» eguna nahi ginuke modu berezi batean iragan. Gure bildumetan agertutako testu poetikoak, bideoprojektore baten bitartez erakutsiko gintuzke, baina aurkeztuko diren testuek beharko dute, edo argazkiekin edo antzerki moduan, edo filma moduan /artistikoki grabatuak izan.

Adixkide Olerkaria, emanen diguzun erantzuna aurretik eskertzen dugu eta aintzatzen.

Agur

Hatsa elkartearentzat,

Auxtin Zamora

Tuesday, September 23, 2008

Daniel Cassany-ekin

Duela urte gutxi batzuk nekez irudika genezakeen nola aldatuko zen irakurtzeko ohitura. Begien aurrean pantailan lerratzen diren hitzak ari zara prozesatzen; blog batek azkar editatzeko eta Interneten argitaratzeko aukera ematen digu, duela urte gutxi batzuk imajinaezina. Baina orain dugu aukera duela ordu gutxi batzuk gertatutako zerbait pantailaratzeko. Beheko irudian duzue, adibidez, bart Pil-Pil-ean izandako afariaren argazkia.


Aspaldikuko lehendakari Consuelo Alluéri esker, bart gonbidatu berezia izan genuen : Daniel Cassany, Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea. Aspaldikukideok solasaldiaren bizia, sagardoaren txinparta, txuletoiaren samurra eta moskatelaren lilura gozatzeko parada izan genuen hizkuntzalari katalanarekin; poesia eta beste kontu mundutiarrago zenbait izan genuen solasgai. Moltes gràcies, Daniel!


Saturday, September 20, 2008

MAIATZ 47, KARRIKAN DA


MAIATZ 47
2008ko udako alea karrikan da jagoitik. Azalean Anne Marie Bouyssou-ren argazki batean armiarma sarea, amarauna, ur tanta txipiz bustia, barnean idazle anitzen idazkiak. Eta 77. orrian, opari bat gu guztiontzat, AUXTIN ZAMORA olerkari lapurtarrak Nafarroako 3. Poesiaren Bestaz eginiko iruzkina. Maitasunez egina. Lizarran bizi genuen Babel hura ongi islatuz.

MAIATZ 47. ale honetako IRACVRTCAILLE HVNEN MANERAZ ABISVA delako aurkezpen orrian ondoko aurkibide interesgarria aurki daiteke:

Sarrera

L. Etxezaharreta eta Itxaro Borda Aimé Césaire poetaren inguruan ari dira hasierako orrietan.

Lerroz lerro atalean gai hauek jorratzen dira

  • Mitologian, Luixa Giltzu
  • Ene zakurra "Majo", Mattin artzaina
  • Ez zakien gizona, Jakes Sarraillet
  • Eguneroko ekaitza, Etxahun Aurkenerena
  • Lainoaren Blues, Txaro Etxebarria
  • Larbuzteko gizandiak, Jakes Lafitte
  • Olerkiak, Eric Dicharry
  • Ametsak
  • Mikel Txiki Saindua, Xabi Soubelet
  • Gora Oteiza
  • Tobera
  • Larrazkena, poemak, Hasier Larretxea
  • Post Mortem, Scripta Volant, Itxaro Borda
  • Haize bide, Maialen
  • Aitaren lutsaarrak, L. Etxezaharreta
  • Zutaz nostalgia, Ixabel Etxeberria
Hango haize sailean
  • Irina Voinova (Bulgaria, Ivanina Asenovak prestatua)
  • Olerkiak
  • Elkarrizketa
Euskal Herrian idazle
  • Junes Casenave-Harigile
  • Biziko joan jinak
  • Junesekin solasean
Liburuen sasitik
  • Biblia euskaraz, Mikel Duvert
  • Nafar poesiaren 3. biltzarra, Auxtin Zamora
  • EAko poesia egunak
  • Mikelazuloren 8. poesia astea
  • Hiru liburutaz, Amaia Iturbide
  • Liburu berri
  • Leturiaren egunkari ezkutua, Txillardegi omendua
  • Maiatzen Solasaldiak
  • Literatura Terminologi Hiztegia
  • Ametsa, mina eta zoriona, A Iturbideren liburuaz
  • Henrike Knörr zena
  • Jacques Etcheverry hil da
  • Berriak handik eta hemendik
  • Oteiza eta modernitatearen krisia
  • Max Rouquette idazlearen mendeurrena
MAIATZ

MAIATZ 47, AIMÉ CÉSAIRE-ri ESKEINIA


MAIATZ aldizkariaren 47. zenbakia Aimé Césaire idazleari eskeini zaio. Aldizkariaren editoriala eta hasierako bi artikulu olerkari martinikatar honen inguruan ari dira. Bi artikulu horietako bat L. Etxezaharretak sinatu du eta bestea Itxaro Bordak. Biak ala biak ezin interesgarriagoak.

Aimé Césaire... Libertatearen poeta bat

Aurten, apirilaren 17an, Madinina tokikoek deitzen duten Martinikako hiri nagusian, Pierre Zobda-Quitman ospitalean, goizeko 5etan, zendu da Aimé Césaire. 1913ko ekainaren 26an sortua zen, poeta bainan ere militante politiko antikolonialista bezala bizi zen " négritude " deitzen den literatura mugimenduaren gidari nagusi hau."
Maiatz

"Martinikako Komunitate historikoaren" eskubideak eta burujabetasunaren alde honekin agertu zen nahiz Frantziako botereek, eskuin ala ezkerrekoek beti ukatu zuten, Frantzia zentralista eta jakobinoaren ohizko bidean.
L. Etxezaharreta

FORT DE FRANCE

Zendu da poeta, Fort de France-ko ospitalean, 2008ko apirilaren 17 honetan. Ele batez denak, politikari frantses zuriak orozbat, zintzotasun gabea kausitu dudan Sarkozy barne, bildu dira Aimé Cesairen omenaldi mediatikoa egiterakoan. Poeta ospetsu gutxi geratzen da bizirik orain, Yves Bonnefoy-taz aparte. Eta dirudienez ez da poesiarik sartzen Frantses botereen kezketan, faltsuki salbu. Cesairen familiakoa banintz, gizona ezkerrekoa eta erabat pobreen alde izan zelarik, debekatuko nioke lehendakari neoliberalari ehortzetan parte hartzea.
Itxaro Borda

Tipula erre usainarekiko beltzeriak bere odol hedatuan berraurkitzen du askatasunaren gostu karatsa

Zutik dago beltzeria

Jarririko beltzeria
Ustegabetarik zutik
Kalan zutik
Kabinetan zutik
Zubian zutik
Haizean zutik
Eguzkipean zutik
Odolean zutik
Zutik
Eta
Libre
Zutik eta ez-eratorri perfektoan inguruka bere itsastar biluztasunean eta bere askatasunean ero gaizo
Eta hara;
Ate ustegabetarikago zutik
Zutik soketan
Zutik brankan
Zutik iparroratzean
Zutik kartarekin
Zutik izarren azpian
Zutik
Eta
Libre

Aimé Césaire / Itxaro Borda, MAIATZ 47

Tuesday, September 9, 2008

Cesare Pavese jaio zeneko mendeurrenean

Hori dela-eta, hona hemen poeta italiarraren poema bat
italieratik Joakin Balentzia Tirapuk euskaratua


KARRIKAKO ABESTIA  ("Canzone di strada")
 
Zergatik lotsa? Batek bere zigorra bete badu,
ateratzen uzten badute, guztiak bezala delako da
eta karriketan bada ziegan egon den jendea.
Goizetik gauera ibilkatzen gara etorbideetatik
eta berdin zaigu euria egin edo eguzki ederra izatea.
Atsegingarria da etorbideetan solas egiten duen jendea aurkitzea,
eta zure buruarekin mintzo, neskak bultzadaka harrapatuz.
Atsegingarria da atarietan txistu egitea nesken zain
eta karrikan besarkatu eta zinera eramatea
eta ezkutuki erre egitea, belaun ederretan euskarrituta.
Atsegingarria da beraiekin mintzatzea, haztatu eta irri egitea,
eta gauez ohean, etzarazi nahi diguten lepora
oldartzen diren bi besoak sentituz, goizeaz pentsatzea
kartzela berriro utziko dugula, eguzkiaren hozkirrian.
 
Goizetik gauera mozkortuta ibilkatzea
eta behatzea, irri eginez, pasatzen diren oinezkoak
eta karrikan sentitzen direnean -itxusiak ere- guztiek gozatzen dutela.
Goizetik gauera mozkortuta kantatu
eta mozkortiak aurkitu eta asko irauten duen
eta egarria sorrarazten digun solasaldia egitea.
Euren buruarekin solas egiten duten lagun hauek guztiek
gurekin gauez nahi ditugu, tabernaren hondoan itxita
eta gure gitarrarekin laguntzea, airean durundituz
hordituta jauzi egiten duena eta itxita jada ez dagoena,
kanpoan izarrek edo urak euria eragiten badute ere. Ez du axola
ordu horretan etorbideetatik jada neska ederrak paseatzen ez badira:
gaur gauez bera ere atera baita kartzelatik
eta berarekin, algaraz eta kantuz, egunsentia ikusiko baitugu.
 
Cesare Pavese ("Lan egitea nekagarria da")
 




Mendeurrenaren karietara, gaur BERRIAn argitaratutako artikulua: Pavese-ren porrota ote?