Monday, September 27, 2010

Tere Irastortza olerkaria, idazlea eta olerkarien eta idazleen irakaslea


Boticelliren Venus, Euskal Herriko Mariren pare

Tere Irastortzak poesia tailerrean irakatsi zigun bezala, idazleak Boticelliren Venus ospetsuaren antzera jokatu beharko luke, inguruetan daudenak kontuan hartuz, jakina, baina bere biluztasuna estali edo putz eginez beroa arindu nahi dioten hauei erabateko jaramonik egin gabe, aurrera so egin behar baitu idazleak, alboetara begiratzea debekatuta ez dagoen arren, baina beti ere irakurlearen edo margoa begiratzen ari den ikuslearen begietara so eginez.

Honelakoxea omen da, halaber, Euskal Herriko Mari, gure mitologian oraindik bizi-bizirik den izaki emea. Kristautasunak Ama Birjina Mariarekin nahastu nahi izan zuen arren (Venus bera ere kristautu zuen bezala), hor dago Mari oraindik ere, Boticelliren Venus ederraren modura, euskal lurretik sortzen eten gabe, Venus egunero oskol batetik sortzen den bezala. Mariren oskola, Aralarren eta Aitzgorriren artean kokatzen du Terek, baina, hainbat eta hainbat lekutan entzuten da bere izena, Santa Maria aipatzen den leku anitzetan, Mari ulertu behar baitugu halakoetan: Santa Maria de Arrako baino anitzez hobekiago, Arrakoko Mari.

Boticelliren margolan honetan, hortxe dugu Venus, gure jainkosa Mari, guri begira, alboetan dituen guztiak kontuan hartuz, bai, baina haien lausengoak eta beldurrak haintzat hartu gabe. Hor dugu biluzik gure aurrean. Haren lainotasuna erakusten, guregandik erantzun bat eskatzen ariko balitzaigu bezala.

Mariren ezaugarri nagusiei buruz mintzatu zen Tere, eta ezaugarri horietatik bi azpimarratu zuen guretzat guztiz garrantzi handikoak direnak, euskaldun bezala, idazle bezala, tradizioaren trasmisore bezala, eta etorkizunaren eraikitzaile bezala:

1.- Mariri hiketan hitz egin behar diogu. Zuzenean. Lagun bezala. Bitartekaririk gabe. Tolesik, azpildurarik eta itxurakeriarik gabe. Berak ere halaxe hitz egiten baitu. Hiketan. Hitanoa erabiltzen. Hi bere hizketan kontuan hartuz, eten gabe, aditz bakoitzean, hitz bakoitzean, hats bakoitzean. Idazle bahaiz, hik ere hala behar dun ala behar duk izan. Euskaraz mintzatzean hitanoa emakumeak eta gizonak garela behin eta berriz ari zaigu gogoratzen. Gure gizatasuna ari zaigu behin eta berriz begien aurrean jartzen. Hauskorrak gara, hilkorrak, baina bizi garelarik, gizakiak, emakumeak, gizonak, bestea, irakurlea, lagun hurkoa, gure nortasun zati egiten ditugu, eta gure eguneroko jardunean present ditugu.

2.- Ezkerreko eskua erabili behar dugu, Marik egiten duen bezala. Eskuinetik ezkerrera irakurtzen, ikusten eta idazten irakatsi digute eta orain hori dena ahaztu behar dugu eta alderantziz egiten ikasi behar dugu. Ezkerreko eskuarekin ikasi dugun guztia aldendu eta baztertu behar dugu berriro ere garbi-garbiak hasi ahal izateko.

Tere Karmeleren lagun min-mina zen. Terek irakatsi zigun bezala, Karmelek erregela hauek ongi betetzen bazekien. Beti aurrera begiratzen zuen, hiketan hitz egiten zion bizitzari eta ezkerreko eskua erabiltzen bazekien funtsezkoa ez zena kentzeko eta garrantzitsuarekin gelditzeko. Karmeleren poesian, Boticelliren margolanean bezala hiru zati ikusten ditugu maiz. Alboetan dagoena, azalpenak dira, garrantzi handikoak dira hor aurkitzen ditugun giltzak, baina erdian dugu Venus, erdian dugu Mari, Karmele bera guri begira, guri galderak etengabeki egiten, eta alboetara begiratzen eta galderak erantzutetik ihes egiten utzi gabe.

Ander Iturriotz EIEko lehendakariak Euskal Idazleen Elkartearen agurra ekarri zuen Burlatara


Ander Iturriotz, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria


Ander Iturriotz, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Burlatako Poesiaren Bestan, Nafarroako II. Poesia Biltzarrean, izan zen. Betidanik EIEk babesa eman dio Biltzarrari baina hau izan da EIEko lehendakari bat biltzarrera hurbildu den lehenengo aldia. Aspaldikuko jendea poz-pozik zegoen Ander Iturriotzen bisitarekin, EIEko sostengua berresten baitzen honela, (urtero bezala, egia esan, baina oraingoan, argiago eta garbiago, ozenago eta gorago.) Bestalde, Euskal Idazleen Elkarteko zuzendaritza taldeko beste hiru kide izan ziren gurekin: Juan Mari Apaolaza, Carmen Valois eta Josu Jimenez Maia. Horiei guztiei gure esker ona.

Ander Iturriotz bere sarrera hitzaldian Homero aipatu zuen. Homero ez omen zela existitu esan zigun eta gutariko askok ez genekien hori, baina banako bezala izan ez zen arren, talde bezala orduan, berak biltzen zuen Grezia klasikoko jakituria guztia. Erran nahi baita, banakoen lana garrantzi handikoa dela, baina kultura, euskal kultura gure kasuan, denon artean egin behar dugu. Guk denok osatzen dugun existitzen ez den, baina egunero elikatzen dugun, gure euskal Homero partikularra.

Ander Iturriotzen hitzetan, gazteek badute anitz emateko, bai euskal kulturan, bai euskal literaturaren arloan ere. Gazteak izan arren badute, izan, izugarrizko eskarmentua gure gaurko gizarte "cyborg" honetan bizitzeko, eta haien ekarpena behar-beharrezkoa dugu aurrera jarraitzeko.

Benetan interesgarriak eta gogoan hartzekoak Ander Iturriotzen hitzak. Mila esker.

Sunday, September 26, 2010

Tere Irastortza eta Manuel Vilas Diario de Noticias egunkarian eta blogetan


Manuel Vilas eta Tere Irastortza Diario de Noticias egunkariko argazki batean


Atzoko eguna poesiaren hegaletan iragan zen ohi bezala, aurten Joxemiel Bidador eta enara bat (Karmele Igartua) gogoan izanik. Eguna benetan ederra izan zen goizeko eta arratsaldeko saioetan.

Blogosferan ondoko artikulu maitagarri hau aurkitu dugu... "esnametsetan" gunean... atzoko biltzarrean parte hartu zuen musikari baten eskutik...

http://esnametsetan.wordpress.com/

Bestalde Bergarako Idazle Eskolako web orrian ere gure biltzarraren berri eman dute, Tere Irastortza, gure olerkari gonbidatua, hango irakasle eta eragilea delako...

http://www.idazten.com/

Joxemiel Bidador olerkariari omenaldia


Joxemiel BIDADOR idazle, ikerle eta olerkariaren hitzaldia Agoitzen, 2007ko Nafarroako II. Poesia Biltzarrean


Atzoko ekitaldian Joxemiel Bidadorri omenaldia egin zitzaion, Bergarako Idazle Eskolako eta Aspaldikuko lagun Karmele Igartuarekin batera. Omenaldian Joxemielen senideak eta lagunak izan ziren. Tamalez, antolatzaileok ez ginen batere fin ibili eta barkaezinezko oker bat egin genuen... Idoia (Joxemielen alarguna), Jose Angel Irigarai (Larrekoren biloba, Aingeru Etxegarairen seme eta Joxemielen lagun mina) eta gainerako lagunak etorri ahal izan ziren prentsaren bitartez izan zutelako omenaldi honen berri. Benetan, lotsa nabaritu zitzaigun gure aurpegietan. Mila aldiz barka eskatu behar izan genien alargunari eta, orobat, bertaratu ziren Joxemielen adiskide guztiei, Jose Angeli bereziki, behar den bezala gonbidapena helarazi ez baikenien.

Aurtengo biltzarreko asmoa zen erdal poetei ezagutzera ematea nortzuk ziren Joxemiel eta Karmele, baina, gero antolaketa (desantolaketa) arazoak direla medio, eta bata dela, eta bestea dela, finean inork ere ez zien Idoiari edota Jose Angeli deitu. Lotsagarria benetan. Eta lerro hauetatik egindako hutsa aitortu nahi dugu, biltzarrean gauza onak egon ziren bezala, gaizki egindakoak batzuk ere izan zirelako eta zentzuzkoa da hauek ere gogora ekartzea berriro ere errepikatuak izan ez daitezen.

Bestalde, goiko bideoan Joxemiel Bidador mirestuaren hitzaldia entzun daiteke oso-osorik, argazkia bera ere Agoizko biltzarrean hartua dago. Euskal Idazleen Elkarteaz aritu zitzaigun. Jakina, gure biltzarretan ohi dugun bezala, goizeko hitzaldiak erdaraz egiten ditugu erdal poetek eta erdal entzuleek euskaldunok egiten ari garen lanaren berri izan dezaten. Hori dela eta, hitzaldia erdaraz dago, euskaraz egindako sarrera txiki batekin.

Izan untsa eta adi entzun Joxemielek esan behar dizuna... beti izanen baita gure bihotzetan.


Wednesday, September 22, 2010

Tere Irastortza eta Manuel Vilas Aspaldikuko Poesia Biltzarrean

Tere Irastortza Diario de Noticias egunkariak argitaratutako argazki batean (argazkia D.N.)

NAFARROAKO V. POESIA BILTZARRA Nafarroako Prentsan

Diario de Noticias:

http://www.noticiasdenavarra.com/

Diario de Navarra:

http://www.diariodenavarra.es/

Tuesday, September 21, 2010

Leire Zubeldiak idatzitako kronika Karmele Igartua Bihotzean

"Maite ditugun olerkariak" sailaren barnean,
"Idazle eskola"ko partalierekin
iragan egun hunkigarri baten kronika,
Leire Zubeldiak idatzia, hona hemen




SENPERE, 2010eko irailak 18

Egun eder bat, oraingoan ere Karmeleren kontura

Irungo merkatalgunean elkartu ginen goizeko 09:00etan, Tere, Itziar, Ainara, Euri, Axun, Iban, Ione, Igotz, Garazi, Ekaitz, Montse eta Leire. Hizketaldi labur baten ondoren, Idazle Eskolako karabanak Senpererako bidea hartu zuen. Ez genuen berandu iritsi nahi Hatsako gure lagunekin eta Karmele gure adiskidearekin genuen hitzordura. Baina Biriatun lagun batzuekin egin genuen topo, beltzez jantzita egoten diren horiekin. Ainara eta Itziar pasa; Tere eta Leire pasa; baita Axun eta Iban, zein Garazi Ekaitz eta Montse zihoazen autoa ere. Ione eta Igotzena bai harria!

Atzerapen txiki batekin, baina ongi iritsi ginen denok Senpereko Larraldea etxera. Bertan zeuden Auxtin Zamora eta Aspaldikuko Juankar; eta haiekin Carmen. Azken honek nahiago izan zuen gurekin denbora galtzea baino zuzenean Larraldeara joan eta kafetxo bat hartuz itxarotea. Carmenek bai jakin! Senpereko etxetzar ederrera azaldu ziren baita ere Uxoa eta Iker. Auxtinek eskainitako kafe goxoa hartu ondoren, autoetan sartu eta Zugarramurdirantz abiatu ginen. Bidean paraje ederrak, eta txakurrak autoetako gurpilak hozkatzen, eta larre behiak enbarazuan, adar handi-handiekin. Eskerrak Axun eta Iban autoetatik atera eta bidea temati oztopatzen zuten animaliatxo adardunak bazterreratu zituzten.

Horrela, Zugarramurdi eta Etxalar artean geratzen den Ibainetako lepora iritsi ginen, gure ibilaldiaren abiapuntura. Batzuk mendirako maia aproposekin, beste batzuk bakeroekin, baten-baten gona jantzita eta xandaliak zeramatzanik ere bazen. Montse, Karmeleren ama esaterako: hartu bastoia, jantzi xandalien azpitik galtzerdiak eta benga! Maldan gora gehien errepikatu zen esaldia: "sinatuko nuke nik 79 urterekin horrelako sasoia izateko". Ibilaldi atsegina izan zen: hankentzat xamurra eta begientzat zoragarria. Oztopo zenbait gainditu behar izan genituen ordea: lokaztutako putzuak, eta batez ere, alanbre-sare edo langak. Baina dotore igaro genituen denak, jantzietan urratu txikienik egin gabe.

Azkenean iritsi ginen Ibanetako Trikuharrira. Bertan egin genion omenaldi xumea Karmeleri. Trikuharria inguratu eta norbere etxetik ekarritako harriak utzi genituen megalitoaren barruan. Auxtinek Karmeleren irudiarekin eta poesia batekin osatutako koadro zoragarria atera zuen sobre batetik. Harriekin batera, trikuharriaren barrenean jarri zuen. Itsasoko maskor bat ere utzi genuen, Karmeleren izenarekin. Ondoren, Itziarrek hitz batzuk irakurri zituen: "zeure zeuretako Karmele". Xalbadorren heriotza kantua abestu genuen gero, baina "Urepeleko artzaia" esan beharrean "Aretxabaletako enara" kantatuz. Kantua amaitu ondoren, Axunek botatako irrintziak urratu zuen Ibanetako isiltasuna. Zugarramurdiko sorginak esnatzeko modukoa izan zen. Txalo egin genuen denok, hunkiturik. Esku emanda giza-harrespila bat osatu genuen, gogoa Karmelerengan genuela. Isiltasuna. Pare bat argazki, eta martxa berriro. Gustura, oso gustura, pentsatuz, Karmeleri gustatuko zitzaiola. Ah! Eta atzera bidean abiatu aurretik, indarrak berreskuratzeko Itziarrek egindako erroskila goxo-goxo batzuk jan genituen. Superwoman!

Autoetara iritsi eta batzuk etxe aldera joan ziren, Garazi, Ekaitz eta Montse hain zuzen; gainontzekoak Larraldeara itzuli ginen. Eta han… sekulako bazkaria: xiixa-hori omeleta, indioilar bularkia barazki goxo-goxo batzuekin, eta gazta, eta sagar tarta, eta pikuak, eta aranak, eta kafea, eta patxarana eta giro ona! Ederki bazkaldu genuen, bai jauna!

Sabela majo beteta, lau terdietan ekin genion errezitaldiari. Itziarrek ohi bezela txukun-txukun antolatua zuen dena: Auxtinek hitz egin zuen lehendabizi, ondoren Terek Idazle Eskola aurkeztuz, gero Itziar eta Ainarak Karmeleri buruzkoak aipatu zituzten, eta jarraian Karmeleren testuak irakurri genituen txandaka-txandaka. Hiru ordu eta laurdeneko emanaldia izan zen. Hunkigarria, baina polita. Amaieran Auxtinek bere esker ona azaldu eta oparitxo bana eman zigun: fosil bat bakoitzari. Ez hori bakarrik: etxerako bidea hartu aurretik kafea, garagardoa, fruta, muztioa, freskagarriak eta opil goxo batzuk jarri zizkigun aukeran. Talde argazkia atera eta martxa! Ah! Alde egin aurretik hurrengo hitzordua gogorarazi zuen Terek: irailak 25ean, Iruñean Aspaldikuk antolatutako Nafarroako Poesiaren Biltzarra. Ahal duenak edo nahi duenak badaki…

Leire Zubeldia

Saturday, September 18, 2010

Burlatako biltzarreko egitaraua

EGITARAUA:

10:00 Aurkezpena - Argibideak
Aspaldiku, Nafar kulturaren hedapenerako elkartea.


10:30 Olerkari gonbidatuak
Tere Irastorza
Manuel Vilas

10:00 Tailerrak
I Gazteleraz: Sormen tailerra (zehazteke)
Zuzendaria: Manuel Vilas
II Euskaraz: Sorkuntza literarioa auzolanean
Zuzendaria: Tere Irastorza
Tailerraren bukaeran, Karmele Igartuari eta Joxemiel Bidadorri omenaldia.


14:00 Bazkaria
Udal Jauregian bazkaria

16:30 Olerki errezitaldia
Olerkari gonbidatuak hasiko dira: Tere Irastorza eta Manuel Vilas.
Ondoren, parte-hartzaileek, nahi izatekotan, haien olerkiak errezitatu ahalko dituzte.

19:45 Ondorioak, Nafarroako V. Poesia Biltzarraren amaiera eta hurrengo biltzarrerako gonbidapena Aspaldikuren eskutik.


Datorren larunbatean, Burlatako hondartzan

Kirmen Uriberi irakurria diot. Koldo Izagirrek dioenez, itsas-portu batean sortua den orok olerkari izateko bide erdia eginda du. Horren haritik, Kirmen Uribek ondorioztatzen zuen lanari ekiteko, poesia idazteko, itsasoa eta fantasia baizik ez dira behar. Baina Nafarroan, itsasorik ezean, olerkari izatea, berez, zailagoa behar da izan. Itsaso falta ez da, gainera, Nafarroan olerkigintzaren zabalkundea eragozten duen baldintza bakarra.


ASPALDIKU-ren azpian gordetzen da: “Asociación para la difusión de la cultura”, poeta euskaldunak eta erdaldunak biltzen dituen elkarte xume bat, baina, bere xumean, urtero-urtero Nafar Poesiaren Biltzarra antolatzen duena eta, aldian behin, baita poesia errezitaldiak eta liburu aurkezpenak ere. Oso diru-laguntza urrirekin, urtez urte antolatu den Nafar Poesiaren biltzarretan izan dira, besteak beste, Jesús Munárriz eta Auxtin Zamora, Lucien Etxezaharreta eta Maram al-Masri, Angel Erro eta Jose Luis Alvarez, Miren Agur Meabe eta Ana Rosetti.


Heldu den larunbatean, hilaren 25ean, Burlatako kultur etxean dugu hitzordua Nafar Poesiaren aurtengo biltzarra ospatzeko, eta bertan Tere Irastorza izanen dugu euskal olerkari gonbidatua eta Manuel Vilas erdal olerkari gonbidatua. Goizean, hasierako hitzaldiak eta gero, bi tailer ere eginen dira: euskarazkoa, “Sorkuntza literarioa auzolanean”, Tere Irastorzaren beraren eskutik. Zinez interesgarria. Bazkari legea egin eta gero, arratsaldeko 4,30etatik aitzina, errezitaldia izanen da Burlatako Udal Jauregian eta zabalik egonen da parte hartu nahi duen poeta ororentzat. Aurtengoan, jadanik gurekin tamalez ez dauden bi lagun, Joxemiel Bidador eta Karmele Igartua, izanen ditugu bereziki gogoan.


Kirmen Uriberekin hasi eta Kirmen Uribererekin bukatu nahi dut idazki hau. Idazle ondarrutarrak biltzen du Portukoplak izeneko liburuan Eugenio Andrade poeta portugaldarraren aipu bat Oinatzak hondarrean epigrafe pean: “Poesiak maite du udako hondartzetatik paseatzea”. Nafarroako ur prosaiko beltzetan, urtean behin gutxienez biltzen gara Nafar Poesiaren Biltzarra izeneko hondartzan. Datorren larunbatean, Burlatako hondartzan izanen gara.

Friday, September 17, 2010

Euskal Idazleen Elkarteak biltzarraren berri eman du bere web orrian


ASPALDIKUren kongresuaren berri EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEAren web orrian
http://www.idazleak.org/

Nafarroako V. Poesia Biltzarra Burlatan


Nafarroako V. Poesia Biltzarra egingo da irailaren 25ean, larunbatarekin, Burlatako kultur etxean, Aspaldikuk antolatuta. Goizeko aktibitateak Burlatako Kultur Etxean egingo dira eta gainontzekoak Udal Jauregian.

Kasu !!


Errepikatzen dugu...

Goizeko ekitaldiak: Burlatako Kultur Etxean

Arratsaldeko ekitaldiak: Burlatako Udal Jauregian



Tuesday, September 7, 2010

HATSA Elkarteak Senperera deitzen du Irailaren 18rako Karmele Igartua olerkaria bihotzean


Karmele eta Idazle Eskolako lagunak 2008ko Lizarrako Poesia Biltzarrean Auxtinek eginiko argazki batean.

Karmele Igartua , bihotzean !

“Idazle eskola“ eta “Hatsa elkartea“

Irailaren 18an Senperen

Adixkide Olerkaria:

Irailaren 18ko eguna Idazle eskolakoekin iragaitea proposatzen dizugu.

Kasik denek, dakigu, nola, Elkarte honek, 2003a geroztik, literario arloan, bide aberats eta emankor bat deraman.

Bere altzotik, agertu dira:

Eskola bat, idazten ikasteko “Ilunabar literarioak“ deitu sail bat, herriz herri irakurketak egiteko “Idazten“ deitu Web gune oparo bat, “Luma berrien eleak“ deituvidazle berrien testu-aldizkari bat, eta hainbat hitzaldi eta agerraldi Euskal Herrian zehar.

Agorrilaren 20a geroztik “Idazle Eskola“ dolutan sartu da, Karmele Igartua, bere sortzaleetarik bat, mundu honetarik desagertu delarik.

Azken bi urte hautan bi olerki liburu publikatuak zituen:
Hitzak orbainetan“ eta Denbora enaren hegaletan“.

Hirugarren bat ere Itsaso kontra bat“ argitaratzeko prest zaukan.

Karmeleren zonbait olerki, Hatsaren Poesia bilduman aurki ditzazkegu ere.

Irailaren 18ko eguna iraganen dugu beraz Karmeleri pentsatuz.

Goizean, omenaldi bat eginen diogu, Ibaineta deitu Zugarramurdi gainean den, Mairu baratze miresgarrian, eta, arratsaldean bere olerkiak irakurriko.

Iraila 18ko egunaren egitaraua :
10h Hitzordua Senpere Larraldean

11h Zugarramurdiko “Urbia“ lepotik “Ibainetako“ Mairu baratzera, oinezko ibilaldia

11h “Ibaineta“n, Karmel Igartuari omenaldi bat

13h Bazkaria, Larraldean (Izenen emaitea, Irailaren 10eko, behar beharrezkoa dugu)

16h30 “Idazle eskola“koen ekitaldi poetikoa (Karmele Igartua bihotzean!)

Hatsa elkartearentzat,

Auxtin

Argibide gehiagorentzat idatzi gure interneteko helbidera: hatsaelkartea@aol.com

Karmele Igartua, Bihotzean !!

KARMELEK ASPALDIKURI BIDALITAKO MEZU BATZUK

1.-

Date: Mon, 15 Mar 2010 15:21:59
Subject: MARTXOAREN 27an MAHAI INGURU BATETARA GONBIDATU NAHI
From: KARMELE IGARTUA

Kaixo Juankar:
Bergarako IDAZLE ESKOLATIK natorkizu, KARMELE IGARTUA nauzu eta proposamen bat dakart martxoaren 27rako ASPALDIKURENTZAT.

Hilean behin IDAZLE ESKOLAko gradu-ondokoak tarte bat hartzen du idazle baten lan bati buruzko solasaldi batetarako. Hori dela eta, 9etatik 11etara beste bi orduko saio bat antolatzen dugu.

Aurten pentsatu dugu ederra litzatekeela hiru edo lau kultur-elkarte batzea, eta literaturaren inguruan egiten dutenaren berri ematea. Gustatuko litzaiguke Erkidegoko elkarteez gain Nafarroa eta Iparraldekoak ere gurekin izatea.

Helburua da bakoitzak 10en bat minutuan egiten duenaren berri ematea zuen funtzionamendua, ekintzak... Eta gero, elkarrekin egin daitezkeen gauzez hausnartzea.

Estimatuko nizuke mezu hau jaso duzula adieraztea eta nola ikusten duzun etorri ahal izatea.

Mila esker. Ondo izan.

Karmele Igartua (koordinatze lanetan)

2.-

Subject: MARTXOAREN 27an MAHAI INGURU BATETARA GONBIDATU NAHI
From: "karmele"
Date: Wed, 17 Mar 2010 13:10:04

Ze ondo Juankar,

Ondo egongo da, sei taldeetakoak behintzat bertan izango gara eta elkarren berri eta elkarrekin egin dezakegun ekintza puntualez ere ihardungo dugu. Eskertuko dizuegu etortzeko ahalegin hori.

Martxoaren 27an goizeko 9etan Bergarako Plazan dagoen UNEDen.
Bitartean izan ondo eta besarkada bat.

Karmele.

3.-

Date: Thu, 18 Mar 2010 12:24:21
Subject: MARTXOAREN 27an IDAZLE ESKOLAn
From: KARMELE IGARTUA


Kontuak honela izango dira Martxoaren 27an.

Bergarako IDAZLE ESKOLAz gain beste bost elkarteko kideak etorriko dira : MIKELAZULO, HATSA, ASPALDIKU, EAko antolatzaileak eta EIE.

Kide bakoitzari eskatuko genioke bere lan egiteko moduaren aurkezpena egitea :

Zer egiten duten, non eta nola biltzen diren, elkarte horretan nola bazkidetu edo nola parte har daitekeen... Alde horretatik, talde gehienek bere webgunea edo bloga ere badutenez, nahi badute aurkez dezakete. Baina bakoitzak 10 minutu ditu, gehienez, horretarako. Ondoren sortuko litzateke elkarrizketa, eta , proposatzen dugun gaia da Zer(bait) egin genezake batera ? (ekintza puntualak edo bestelakoak ).

Solasaldi hau 9etatik 11etara bitarte izango da. Gero, 12etatik 13:30etara bitartean, Jon Arretxeren iharduna dugu Fatum liburua eta LEKUAK gaia ardatz.

Interesgarria izango da literaturan leku berrietan mugitzeko aukerak ezagutu eta parte hartzeko aukerak gertutik ezautzea.

laster arte ba.

Karmele.

4.-

Date: Wed, 31 Mar 2010 12:14:37
Subject: martxoaren 27ko literatur elkarteekin egindako solasaldiaren akta
From: KARMELE IGARTUA

Kaixo Idazle Eskolatik aurreko larunbatean gurekin izan zineten lagunak.
Erantsita bidaltzen dizuet solasaldian esandakoen laburpen antzeko bat. Horrekin batera hemendik aurrera aurreikusten ditugun ekintzak edo jaso nahi izan ditugu baina uste dugu hori osatzea komeni dela. Zuek erantsi beharrezkoa ikusten duzuen informazioa, gero gure ikasleei bidaltzeko.
Helbide edo kontaktuak ere, ez dakit zuzenak diren eta batzuk ez dauzkagu ondo jasota (Iker, Juan Mari,...) hor jarri ditugunak eta mesedez zehatz itzazue ezkerreko laukietan. Komunikazio eraginkorra lortzeko ezinbesteko datuak dira.
Aktan zerbait aldatu beharrekoa edo zehaztu beharrekoa ikusten baduzue ere esan, mesedez.
Zuen erantzunaren zai geratzen gara, taula osatu eta jendeari bidaltzeko.

Ondo pasatu oporrok be.

Karmele.


2010- 03-27


KULTUR ELKARTE EZBERDINEN AURKEZPENAK BERGARAKO IDAZLE ESKOLAN



PARTE HARTZAILEAK:


ASPALDIKU: Juankar Mugertzan eta Iosu Jimenez, HATSA ELKARTEA: Auxtin Zamora, MIKELAZULO: Iker Fernandez, HEA (herriari emon arnasa): Asun Landa, EUSKAL HERRIKO IDAZLEEN ELKARTEA: Juan Mari Apaolaza, IDAZLE ESKOLA: Karmele Igartua.


Talde bakoitzaren ordezkariak euren zereginaz hitz egin du hamabost bat minutuz., Beraien helburu, dinamika eta ekintzei buruz hitz egin dute. Labur labur talde bakoitzaren ekintza nagusi bat aurkeztu dute:


1.- ASPALDIKU-k Nafarroako Poesia egunak.

2.- HATSA Elkarteak, urteroko argitalpena eta “ Maite ditugun poetak “ ekimena

3.- MIKELAZULOk, BAT BADA, artista-liburuaren egitasmoa

4.- HEA-k, Uztaileko Ea-ko poesia egunen antolaketa

5.- IDAZLE ELKARTEAk, bere egitura, bazkidetza-sistema eta lan-lerroak

6.- IDAZLE ESKOLAk, ikasle artean sortutako dinamikak ( mintegiak, aldizkaria, ilunabar literarioak eta webgunea )


lintzei buruz hitz egin dute.

reginaz hitz egin du habost bat minutuz. aKARTEA: Auxtin Zamora, MIKELAZULO: Iker

Ondorengo elkarrizketan adostu zen komenigarria dela elkarren berri izatea, edozein gauza antolatzean besteei ere talde bakoitzak besteei horren berri ematea eta elkarren arteko komunikazioa eta ahal den neurrian lankidetza sustatzea. Baita gaurko bilkura honetara etorri ez diren arren, dauden beste talde batzuekin ere harremana jorratzea. Gainera, horretan EIE-k joka dezakeen papera garrantzizkoa jotzen zen: bai burutzen diren egitasmoen berri zabaltzeko Orduña eta baita bere babesa agertzeko Orduña ere.


Bigarrenik, erabaki zen akta txiki bat egitea eta bertan parte hartu dugun elkarteekin harremanetan jartzeko modua adieraztea eta baita urtean zehar egiten diren ekintzak ere adieraztea.


HARREMAN-BIDEAK

NEGUA

UDABERRIA

UDA

UDAZKENA

ASPALDIKU

http://aspaldiku.blogspot.com/

Juan Karlos Mugertza


Apirilaren 23an Hatsa poesiaren aurkezpena Berriozarren

Nafar Poesiaren Astea


HATSA

Auxtin Zamora

hatsaelkartea@aol.com


APirilaren 11. Liburu-Aurkezpena Senperen. Bazkarirako izena aurrez ematea komeni da.



MIKELAZULO

http://www.mikelazulo.com

Iker Fernandez.


Poesia astea



HEA

www.poesiaegunak.net

Axun Landa



Ea-ko uztaileko poesia egunak


IDAZLE ELKARTEA

www.idazleak.org

Juan Mari Apaolaza





IDAZLE ESKOLA

www.idazten.com

Karmele Igartua


Apirilaren 16an Ilunabar Literarioa Adunan.

Zumarragan Ilunabar Literarioa eta 2010eko

Luma Berrien Eleak aldizkariaren aurkezpena




5.-

Date: Fri, 14 May 2010 07:37:16 +0200
Subject: NAFARROAKO POESIA EGUNAK??
From: KARMELE IGARTUA

kaixo Juankar.
Komeni zaigu jakitea noiz izango diren aurten eta non NAFARROAKO POESIA EGUNAK.
Erantzun lehen bait lehen mesedez. Ea joaterik dugun...

besarkada bat.

karmele.

HATSA Elkarteak Senperera deitzen du Karmele Igartuaren omenez


Karmele Igartua 2008ko Lizarrako Poesia Biltzarrean Auxtinek eginiko argazki batean.

Karmele Igartua , bihotzean !

“Idazle eskola“ eta “Hatsa elkartea“

Irailaren 18an Senperen


Argibide gehiagorentzat idatzi gure interneteko helbidera: hatsaelkartea@aol.com

Friday, September 3, 2010

MAIATZ aldizkariak gomendaturiko gertakariak


- Buruilaren 19an, igandez, izanen da Baionan, Sainte Catherine karrikan, egun guzian liburu feria bat.

- Urriaren erditsuan, arrats bat, mahain inguru bat, Buruxkak Jean Etchepare-ren liburuaren mendeurrena ospatzeko prestatzen ari gara. Eguna ez da oraindik finkatua.

- Urriaren 17an, igandea, Festival Baiona.

- Urriaren 26an, Bilboko Idatz eta Mintz aldizkariak bere 50. zenbakia plazaratuko du.

- Urri hontan ere agertuko da Erlea 3, Atxagak zuzentzen duen Euskaltzaindiarebn literatur aldizkaria. Iparraldea gaitzat duela eta hemengo idazle batzu partaide dira.

- Paueko liburu saloina, azaroaren 26-27-28an iraganen da.

- Bada ere Durangoko 48. Azoka, abenduaren 4-5-6-7-8an.

- Kanbon abendoaren 11an liburu Feria bat eginen da.

LIBURU BERRI

- Uztailaren 1ean, Baionan, Victor Hugo ostatuan, aurkeztu dugu Kide, Jean Bordatoren liburua.

- Aingeruarekin solasean, Gitta Mallasz en liburua, gogoeta mistiko bat, Gabriel Oyharzabal ek itzulia euskarara urriaren 30ean, goizeko 10etan Euskal Museoan Baionan aurkeztuko dugu, Suitzako argitaletxe baten ordezkariekin.

- Eñaut Etxamendiren Idazlanak 4 bidean dugu. Azaroko behar litaike argitaratu.

- Amaia Lasa ren olerki liburu bat azaroko ere argitaratzekotan gara.

- Aspaldian bidean dugun Escrivans-Idazleak, lan elebiduna okzitano-euskarazkoa argitaratuko da Paueko liburu azokarako (azaro bukaeran), Per Noste Orteseko elkaretearekin.

- Maiatz 51 aldizkaria bidean da ere, hau ere azaroan argitaratzekotan gara.

IRAGAN GERTAKARIAK

- Agorrilaren 7 eta 8an iragan zen Biarritzeko Casinoan Liburu Saloina.

- Pauen Festiv’Oc dela eta, mugaz bi aldeetako idazle topaketa eta solasaldiak antolatu ziren agorrilaren 18 eta 19an.

Maiatz