Monday, September 27, 2010

Tere Irastortza olerkaria, idazlea eta olerkarien eta idazleen irakaslea


Boticelliren Venus, Euskal Herriko Mariren pare

Tere Irastortzak poesia tailerrean irakatsi zigun bezala, idazleak Boticelliren Venus ospetsuaren antzera jokatu beharko luke, inguruetan daudenak kontuan hartuz, jakina, baina bere biluztasuna estali edo putz eginez beroa arindu nahi dioten hauei erabateko jaramonik egin gabe, aurrera so egin behar baitu idazleak, alboetara begiratzea debekatuta ez dagoen arren, baina beti ere irakurlearen edo margoa begiratzen ari den ikuslearen begietara so eginez.

Honelakoxea omen da, halaber, Euskal Herriko Mari, gure mitologian oraindik bizi-bizirik den izaki emea. Kristautasunak Ama Birjina Mariarekin nahastu nahi izan zuen arren (Venus bera ere kristautu zuen bezala), hor dago Mari oraindik ere, Boticelliren Venus ederraren modura, euskal lurretik sortzen eten gabe, Venus egunero oskol batetik sortzen den bezala. Mariren oskola, Aralarren eta Aitzgorriren artean kokatzen du Terek, baina, hainbat eta hainbat lekutan entzuten da bere izena, Santa Maria aipatzen den leku anitzetan, Mari ulertu behar baitugu halakoetan: Santa Maria de Arrako baino anitzez hobekiago, Arrakoko Mari.

Boticelliren margolan honetan, hortxe dugu Venus, gure jainkosa Mari, guri begira, alboetan dituen guztiak kontuan hartuz, bai, baina haien lausengoak eta beldurrak haintzat hartu gabe. Hor dugu biluzik gure aurrean. Haren lainotasuna erakusten, guregandik erantzun bat eskatzen ariko balitzaigu bezala.

Mariren ezaugarri nagusiei buruz mintzatu zen Tere, eta ezaugarri horietatik bi azpimarratu zuen guretzat guztiz garrantzi handikoak direnak, euskaldun bezala, idazle bezala, tradizioaren trasmisore bezala, eta etorkizunaren eraikitzaile bezala:

1.- Mariri hiketan hitz egin behar diogu. Zuzenean. Lagun bezala. Bitartekaririk gabe. Tolesik, azpildurarik eta itxurakeriarik gabe. Berak ere halaxe hitz egiten baitu. Hiketan. Hitanoa erabiltzen. Hi bere hizketan kontuan hartuz, eten gabe, aditz bakoitzean, hitz bakoitzean, hats bakoitzean. Idazle bahaiz, hik ere hala behar dun ala behar duk izan. Euskaraz mintzatzean hitanoa emakumeak eta gizonak garela behin eta berriz ari zaigu gogoratzen. Gure gizatasuna ari zaigu behin eta berriz begien aurrean jartzen. Hauskorrak gara, hilkorrak, baina bizi garelarik, gizakiak, emakumeak, gizonak, bestea, irakurlea, lagun hurkoa, gure nortasun zati egiten ditugu, eta gure eguneroko jardunean present ditugu.

2.- Ezkerreko eskua erabili behar dugu, Marik egiten duen bezala. Eskuinetik ezkerrera irakurtzen, ikusten eta idazten irakatsi digute eta orain hori dena ahaztu behar dugu eta alderantziz egiten ikasi behar dugu. Ezkerreko eskuarekin ikasi dugun guztia aldendu eta baztertu behar dugu berriro ere garbi-garbiak hasi ahal izateko.

Tere Karmeleren lagun min-mina zen. Terek irakatsi zigun bezala, Karmelek erregela hauek ongi betetzen bazekien. Beti aurrera begiratzen zuen, hiketan hitz egiten zion bizitzari eta ezkerreko eskua erabiltzen bazekien funtsezkoa ez zena kentzeko eta garrantzitsuarekin gelditzeko. Karmeleren poesian, Boticelliren margolanean bezala hiru zati ikusten ditugu maiz. Alboetan dagoena, azalpenak dira, garrantzi handikoak dira hor aurkitzen ditugun giltzak, baina erdian dugu Venus, erdian dugu Mari, Karmele bera guri begira, guri galderak etengabeki egiten, eta alboetara begiratzen eta galderak erantzutetik ihes egiten utzi gabe.

No comments: