Monday, September 27, 2010

Ander Iturriotz EIEko lehendakariak Euskal Idazleen Elkartearen agurra ekarri zuen Burlatara


Ander Iturriotz, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria


Ander Iturriotz, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Burlatako Poesiaren Bestan, Nafarroako II. Poesia Biltzarrean, izan zen. Betidanik EIEk babesa eman dio Biltzarrari baina hau izan da EIEko lehendakari bat biltzarrera hurbildu den lehenengo aldia. Aspaldikuko jendea poz-pozik zegoen Ander Iturriotzen bisitarekin, EIEko sostengua berresten baitzen honela, (urtero bezala, egia esan, baina oraingoan, argiago eta garbiago, ozenago eta gorago.) Bestalde, Euskal Idazleen Elkarteko zuzendaritza taldeko beste hiru kide izan ziren gurekin: Juan Mari Apaolaza, Carmen Valois eta Josu Jimenez Maia. Horiei guztiei gure esker ona.

Ander Iturriotz bere sarrera hitzaldian Homero aipatu zuen. Homero ez omen zela existitu esan zigun eta gutariko askok ez genekien hori, baina banako bezala izan ez zen arren, talde bezala orduan, berak biltzen zuen Grezia klasikoko jakituria guztia. Erran nahi baita, banakoen lana garrantzi handikoa dela, baina kultura, euskal kultura gure kasuan, denon artean egin behar dugu. Guk denok osatzen dugun existitzen ez den, baina egunero elikatzen dugun, gure euskal Homero partikularra.

Ander Iturriotzen hitzetan, gazteek badute anitz emateko, bai euskal kulturan, bai euskal literaturaren arloan ere. Gazteak izan arren badute, izan, izugarrizko eskarmentua gure gaurko gizarte "cyborg" honetan bizitzeko, eta haien ekarpena behar-beharrezkoa dugu aurrera jarraitzeko.

Benetan interesgarriak eta gogoan hartzekoak Ander Iturriotzen hitzak. Mila esker.

No comments: