Monday, December 1, 2008

Maiatz aldizkaria, gure aldizkaria

Joan den asteburuan norbaitzuk ibili ziren Maiatz argitaletxearen egoitzan, gauez, eta hango material eta gauzak nahastu zituzten arren ez zuten ezer lapurtu. Argitaletxeko arduradunek eman dute gertatutakoaren berri, eta Baionako polizia etxean "ondasun pribatu baten nahitarako erasotzeagatik" salaketa jarri dutela agertu.

Halaber, Maiatzek bere kontrako erasotzat hartu du larunbatetik iganderako gauean Passemillon karrikako egoitzan gertatutakoa, eta oroitarazi du 26 urte daramatzala euskarazko literatur sorkuntza laguntzen eta hedatzen.

Berria.info 2008-11-26


Mikel Laboa, zendu da


AGONIA / HILZORIA

Morire come le allodole assetate
sul miraggio

O coma la guaglia
passato il mare
nei primi cespugli
perché di volare
non ha piú voglia.

Ma non vivere di lamento
come un cardellino accecato.

(Giuseppe Ungaretti / Mikel Laboa)



Hil, hegatxabal egartien modura
ispilatze batean

Edo, galeperraren modura
itsasoa zeharkatu ondoren
lehenengo sastraketan,
hegan egiteko
gogo gehiagorik ez duelako

Baina ez aienez bizi
kardantxori itsutu baten modura


Itzulp. JK Mugartza / Gatika
Irudia: http://leplebeienbleu.hautetfort.com/images/medium_mikel_laboa_urdina.jpg

Monday, November 24, 2008

KOLDO ZUBELDIAREN EHOTAKO FANTASIEN ERROTA

Maite ditugun olerkariak
Koldo Zubeldiaren eguna

"Maite ditugun olerkariak "sailaren barnean , Hatsa elkarteak, 2008 urteko azken gomita bezala
Koldo Zubeldia errezebitu du.
Karia hortara, Zaldibiko olerkariak ,berak idatzi eta argitaratu duen " Ehotako fantasien errota " liburu berritik, abendoko egun ilun eta euritsu baten zuriz argitzeko bezala , ahurtara bat irin fresko Senperera ekarri zigun .
Koldoren olerkiak sentitu ditugu, oroimenaren eremu azkar batean oinarrituak , baso bihurritsu bateko ezagutza askoren sasietatik zimiztaka , hitz aurtikiek , deramazkiten bat bateko asmakuntza batzu bezala, arlo desberdinetako , filosofia, filologia, geografia, botanika , eta beste asko .jakitate sakonetako garia bere" fantasien errota"ra zihoazelarik
Koldoren poesia asmatu dugu ere oso minbera , beharbada nunbait edo noizbait bere sentimenetan larriki joa izan delakotz. Besteen maitasun edo hitz laztanek min egiten diote, dirudi , bere zauriak hobekienik artatzeko nahiago duela bere sakonetik gehiago besteeri eman , hauetarik kasik deusik hartu gabe .
Jakitateaz duen ikusmina, sofrimenduari datxikan sentiberatasuna ez dauzka agorturik ikustekotan , 3 Liburu idatzi ondoren, bere idaztearen sorburuak argi ditu orai , eta, ez da sorgina izan behar susmatzeko , Koldo Zubeldiak , oraino asko liburu birtual badituela gauzatzeko .Suerte on Koldo !

Auxtin Zamora

Hona hemen Argazki bat : "Koldo Zubeldia" -ren eguna animatu duten: Itziar, Auxtin , Koldo eta Xabier -ekin .
Orai nor izanen diren datoren urteko gomitak ez dakigu . Atea denoi idekia da !

Sunday, November 16, 2008

KOLDO ZUBELDIA, SENPEREN






MAITE DITUGUN OLERKARIAK



“Maite ditugun olerkariak” sailaren barnean, azaroaren 22an, Senpere Amotz Larraldean, Koldo Zubeldia izanen da, Hatsa elkartearen idazle gomitatu berezia.

Koldo Zubeldia, Zaldibian sortua, duela 52 urte, euskara irakasle tituluduna, itzultzaile bezala jardun, azken urte hautan, antropologiako ikasketak egiten ari da. "Hatsaren Poesia" bilduman parte hartzale suarra "Alamartxo ahantzia" deitu olerki liburua argitaratu zuen 2005 urtean, eta, "Sentimenduen erresuma" 2007 urtean.

Azken egun hautan 3garren liburu bat "Ehotako fantasien errota", autoedizio moduan bururatzen ari da. Hau, "Maite ditugun olerkariak " sailaren karietara lehen aldikotz aurkeztuko du.

Liburu horretaz dio:

Aurkituko dituzuen trantze txar askotatik ehotako fantasien inguruan ibili eta gero ondo eta sendo errotutako sentimendu sakon eta poetiko batzuetara, hausnarketa zonbaiten bidez iritsi naiz "Ehotako fantasien errota"ra

AZAROAREN 22a LARUNBATEKO EGITARAUA :

Goizean oinezko ibilaldi bat Sarako harpe eta Axuria mendiaren inguruan (elgarretatzeko hitz ordua, Amotz-Larraldean 9ak eta erdietan).

Ordu bietan Bazkaria, Larraldean (15 Eurotan ).

Izenak eman behar dira, deituz, Azaroaren 19a baino lehen, hatsaelkartea@aol.com helbide elektronikora edo 05 59 54 11 43 (Hegoaldetik 0033 559 54 11 43) telefonora.

4ak eterdietan, Larraldean: Koldo Zubeldiaren olerki-emanaldia, bai eta, "Ehotako fantasien errota" bere liburu berriaren aurkezpena (zabaldua nahi duten guzieri).


Saturday, November 15, 2008

ALARMATXO AHANTZIA, KOLDO ZUBELDIA

KOLDO ZUBELDIA MENDIZABAL

Ezagutzen dut Nafarroan herri bat

Ezagutzen dut Nafarroan herri bat
bere izena dena Areso
eta norbaitek egin diezagukela oso hotz eraso
ez egin behar kaso
bi begiak aspaldi ditugu lauso
bainan zentzututa burua oso
gelditu nahi dudanean nere ekite guztia
egin behar astoari so eta so
eta gende guztiari diosola eta kaixo.

http://www.idazleak.org/idazleak/lagina.php

I know a village in Navarre

I know a village in Navarre
whose name is Areso,
and we can be attacked in a very cold way
but take no notice of that;
our two eyes have long been damp,
but our mind is keen;
whenever I want to stop all my activity
I have to rein in the donkey
and greet and say hello to everyone.

http://www.idazleak.org/english/extract.php?id=132

MARINO AYERRA, ALTSASUKO APAIZA



LURPETIK ATERATAKO GORPUEN OMENEZ



Baina, zer nolako pentsamentuak metatzen ariko ziren
fusilatzeko agindua ematen ari zen une haietan
Soltxaga Komandante Jaunaren arima beti itxi bezain hotzean?

Marino Ayerra



Zapata beltzaren zolak zauritu zuen
lur aske emankor gozo honen
karmin
lore gorria

Gaur
horma handietako hilobitik ateratzen ari garena
gure zuhaitz sustraia izan dena
hitzaren martiria izan zen orduko garai gupidagabe
haietan

Argizarizko igitaia eskuan zuela eta
suzko mailu batez, ez genion aditzen
baina
gure ate lokartuan jotzen zuen
gutaz eta gure ankerkeriaz, krudelkeriaz
edota bihotz-gogortasunez mintzo ginen aldiro
inoiz ere ez genezan oroimena gal eskatzen

Inoiz eta inola hatzik ere mugitu ez zutenekin batera
Ez da urtzen uzten ahal

Inora joan nahi izan ez zutenen arimekin batera
Ez da urtzen uzten ahal

Ez da, ez, urtzen uzten ahal
Inoiz eta inola hatzik ere mugitu ez dutenekin batera

Urak eraman eta
itsas hondarrean
beste mila harea ale ezezagunekin
batera nahastea
eta galtzea
ez da zilegi

Juankar MUGARTZA

Monday, October 27, 2008

MAITE DITUGUN OLERKARIAK

Juankar Lopez-Mugartzarekin

Labur hitz-ki

Udazkeneko egun eder baten mirailetan, xori iragaile bidaiariak doazen bezala, iragan Larunbatean, Juankar Lopez-Mugartzarekin, airez aire Senperetik Erriberarra, edo, hobekiago baino hobekiago errateko, munduko hegal batetik bestera, nostalgiaz beteak ibili gira. Juankarren poesia ez baita bakarrik hemengoa baina bai lur gainean dabiltzan ibiltari guziena, bere ikuspegi zorrotzaren bitartez, hor, gure pean mila puskatxotan, Alvaro Mundiñanoren «en trompe l’œil» margoen detaile berintsuekin batera, Aralar eta Urbasako mendi gainetan dabilan Andres Garmendiaren boz nahimen haundikoaren batera, mundu fragmentarioa bat asmarazi digu, jakinez, oinarrizkoa eta itsutuki maite dugun toki batean nahiko ginukelarik izan, bortxatuak garela urrun egotera. Desilusioak… erauzteak... ihesak... gordetzeak… desterratzeak… hiltzeak… azken finean, maite dugunaren gehiago ez ikusteak... dakarren bihotz urratzeak, ditu nunbait, poesiaren hegalak, Juankarreri zabalarazten. Gure izaitea bikoiztasunez betea delakotz («sortzea-hiltzea», «emaztea-gizona», «mina-atsegina», «amodioa–herra»), bere espresioak, trauma asko agertzen digu, baina asma ditaike ere Juankarrek nahiko lukeela sentimendu xuxurlatuekin eraiki litaiken mundu bat ikusi, bai eta, bere ohean, xori migratzailearen ohantze bat aurkitu, berarekin, muga guzien gainetik, hegaldaka libre ibiltzeko.

Juankar Mugartzaren euskarakiko engaiamendua sentitu dugu ere, meatzari batek bezala, lur barnetik jalgiarazten dituen harri bitxien pare, sakonki ikertutako hitz ahaztu batzu, bere olerkietan nun nahi eskaintzen baidauzkigu.

Senpere 2008.10.26

Auxtin Zamora

Sunday, October 26, 2008

Juankar Lopez-Mugartza Larraldean

Ihesean balebiltza bezala
enara iragankorrak
hizkuntzarik gabeko Babel isil baten antzera
itsasorantz doaz hegaldian
hodeien artean


Urteak, enaren antzera, joan dira honezkero, Juankar Lopez Mugartza Aspaldiku-ko kidearen poema hori argitaratu zenetik, Garraren eta karroiaren margoak liburuan. Haatik, poesia betierekoa da, eta atzo, Senperen, poema hori eta beste batzuk biziberritzeko aukera eman zigun Juankarrek Larraldeako errezitaldian. Hatsa Elkarteko bihotz eta arima den Auxtin Zamoraren lan eskerga eta eskergarriari esker, Maite ditugun olerkariak ekimenaren baitan bildu ginen poesia eta poesiazale batzuk egun zoragarri batean. Bazkari aparta eta aparteko errezitaldia; Juankarren poemekin uztarturik, kantuak eta oleo-margo ederrak. Iparraldeko eta Hegoaldeko lagunak bildu ginen; muga ororen gainetik poesia...




Eta, amaitzeko, Juankar Lopez-Mugartzaren beste poema bat:

Egunsentian
leihoetako beirak lainoturik izaten dira
hilotzak bezala
kanpoko izotzaren ziztailu zorrotzaren eraginetatik at,
gau epela iragan delako seinale da ordea.

Thursday, October 16, 2008

MAITE DITUGUN OLERKARIAK, URRIAREN 25ean


Juankar MUGARTZA-ren eguna


“Hatsa” elkartearen gomitari ihardokiz, Urriaren 25ean, Juankar MUGARTZA olerkariak, Senpere Larraldean, emanaldi poetiko bat eskainiko du.

1993an Euskaltzaindiaren Felipe Arrese y Beitia Saria eskuratu zuen “Garraren eta Karroiaren Margoak” olerki bildumarekin. ”Hatsaren Poesia“ olerki bildumaren jarraitzailea, “Nafar poesia eguna”-ren sortzale suharra, Iruñeko Euskarazko ekitaldi poetiko askoren arduratzailea.

Poesiaz ditzakeen iritzi labur batzuk eskatu diogu, eta aipatu olerki-bilduma horretatik testu gogoetagarri eta sakon hau bidali digu:

“Zer ote da enetzat poesia?

Gaueko bero berunkararen azpian garraldian naizelarik
begiak lauso eta ohean lardaskatua
azalean, urduritasunez, eraikitzen dudan
amodioaren ezin geldizko abiadura

Poesiak ezintasun guztien muga meharretatik haratago joaten erakusten digu, sentipenen, zentzumenen eta jakintzaren paradisuaren betiereko bilaketan. Finean, bidaia hori zirkularra dela ikasten dugu, paradisu hori geure buruarengan baita, baina poesiarengatik izan ez balitz ez ginatekeen inoiz ere horretaz ohartuko.”

Hatsa elkartearentzat

Auxtin Zamora


URRIAREN 25a LARUNBATEKO EGITARAUA :

Goizean oinezko ibilaldi bat Gorramendi deitu mendira (elgarretatzeko hitz ordua, Amotz-Larraldean 9ak eta erdietan).
Ordu bietan Bazkaria, Larraldean (15 Eurotan ).

Izenak eman behar dira, deituz, Urriaren 21a baino lehen, hatsaelkarte@aol.com helbide elektronikora edo 05 59 54 11 43 (Hegoaldetik 0033 559 54 11 43) telefonora.

4ak eterdietan: Larraldean: Juankar Mugartzaren olerki-emanaldia, Nafarroa Garaiko Etxarri-Aranatz herriko seme Alvaro Mundiñano Gartziandia margolariaren lanak eta herri bereko Andres Garmendia Iza kantariaren kantuak lagun izanik.

Genoveva Gómez hil da


Aspalditik pairatzen zuen minbiziaren har gaiztoa eta, tamalez, Genoveva Gómez poeta berriozartarra joan berri zaigu betiko.

Muxugorri
liburuan parte hartu zuen, eta haren poemak denontzat geldituko zaizkigu, era berean, betiko.

Atseden har beza poeta hilen Parnasoan; betiko.

Sunday, October 12, 2008

AINARA MAIA, TXEKIATIK



HITZAK ALFERREKOAK DIRA?
BALITEKE.
Litekeena da
lan idatzia lan nagia izatea;
litekeena da, beraz,
nik alferrik idaztea
inork ere ez irakurtzeko.

BALITEKE.
Litekeena da
hitzak haizeak eramatea
eta betiko galtzea
edo noraezean hor nonbait ibiltzea.
Litekeena da, beraz,
nik alferrik hitz egitea
inork ere ez entzuteko.

BALITEKE.
Litekeena da, baina
agian nik airera botatako hitzak
noizbait zure belarrietara heltzea
eta orduan aurretik idatzi, esan
edo esagindako hitz aspertu guztiek
bizitzeko arrazoia izatea.

BALITEKE.
Litekeena da,
hitzarekin soilik ez, baina
haizearen eta isiltasunaren arteko maite-indarraz
hitzak ez alferrekoak izatea,
hitzek balio izatea.

Baina, hala ere, BALITEKE.
Litekeena da
hitzek ezertarako balio ez izatea
eta ezerezetik belarrietara deus ere ez sartze.
Litekeena da, beraz,
hitzek tokirik ez izatea
maitasuna besterik ez dagoen tokian.

Baina, hain zuzen ere horregatik,
maitasun horregatik bakarrik
MEREZI DU
hitzak (alferreko izan ala ez) erabiltzea.

ILARGI BETEAK marea biziak sorrarazten ditu nigan, lagunok!
Ainara Maia
Txekiatik

Thursday, October 9, 2008

MAITE DITUGUN OLERKARIAK, ITZIAR GOMEZ SARASOLA


Itziar Gomez-Sarasolaren eguna


“Hatsa” elkartearen gomitari ihardokiz, Urriaren 11n , Itziar Gomez-Sarasola olerkariak, Senpere Larraldean, emanaldi poetiko bat eskainiko du.

Itziar Gomez-Sarasola, 1964 urtean Donostian sortua, haurzaroa eta gaztaroa, Errenteria eta Pasai Donibanen, buraso eta sei anai arreben artean iragan du, eta, dio: bere etxea beti biziaz betea izan dela !“.

Gaur, bere kabia Irunen kokatua du.

Bi alaben ama, hauetaz dio: “hauk dira nire bizitzaren giltzak”.

Zuzenbide eta Kazetari ikasketetan aritua. Euskal Telebistaren sorrerak bere lan mundurako urratsak bideratu zituen eta bikoizketan hasi zen oso gaztetan, gero gidoiak (eszenarioak) hamar urtez egokitzen ere.

Telebistan aurkezle, irratian berri emaile, beti hitzaren ibiltari, idazle griña beti barnean.



Gaur egun aktore zuzendari lanetan dihardu, Goenkale telesailean dela, Balbemendin dela. “Idazle eskola”-ko partaide, “Idazten” eta “Luma berrien eleak” argitalpenetan testu askoren sortzailea da Itziar Gomez-Sarasola... !

Zer den, berarentzat, poesia eskatu diogu, eta, hau erantzun digu:

“Zenbaitek dio dela laburpena, zehaztasuna, beste zenbaitek, balio duela galderak egiteko, erantzunak bilatzeko, erantzunik eza topatzeko eta galdera gehiago egiteko.

Poesiak balio du denerako.

Anitz forma ditu.
Hitz guztiek dute leku berean: garena eta ez garena.
agerian dagoena, eta, ezkutuan gordetzen duguna.
Dena da poesia."

Hatsa elkartearentzat

Auxtin Zamora


URRIAREN 11a LARUNBATEKO EGITARAUA :


Goizean oinezko ibilaldi bat Lizartzu Mendira (elgarretatzeko hitz ordua, Amotz-Larraldean 9ak eta erdietan)

Ordu bietan Bazkaria, Larraldean (15 Eurotan); izenak eman behar dira, deituz: Urria 9a baino lehen -hatsaelkarte@aol.com edo 05 59 54 11 43 (0033 559 54 11 43)

4ak eterdietan: Larraldean: Itziar Gomez-Sarasola-ren olerki-emanaldia

MARISA ARRUABARRENA ELIZALDE

 ZULO BELTZETIK

Marisa Arruabarrena

 

1.-07-01-17 / Ana Beleni

2.-07-01-24 / ITSASOA GARRAXIKA ARI ZAIT

3.-07-02-07 / Iluntasunetik argirantz

4.-07-02-09 / Gaur ez nago ondo

5.-07-02-13 / Lasaiago

6.-07-02-22 Ederra familia gurea! Kontxa irabaziko dugu

7.-07-06-18 / Astebete 25a izateko

8.-07-11-26 / 25a iritsi zela eta


                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-01-17

Ana Beleni

 

Mina dut

mina,

min petrala

erraietaraino doakidana

 

Mina dut

mina,

barruraino sartu zaidan

min garratza

 

Zenbaterainokoa ote da

zureak eragin didana

nirea balitz bezala

samintzen nauena

 

Tristerik nago

triste

ez dut adorerik

ez kemenik

ez indarrik

 

Txiki-txiki eginda nago

atxituta

indarge

ahul

 

Malkoak begietan

korapiloa eztarrian

antsietatea bor-borka

kuzkurtuta bihotza

 

Mina dut mina,

nire ahizpa maitea.

 

Baina guzti honi aurre egingo diogu. Nola ez, bada, guztiok bat egingo dugu, beti bezala. Eta helduko diogu. Eta irabazi egingo diogu. Bai, Aupa Orio! esango dugu azken txanpa horretan.

 

Zenbat maite zaitudan

inoiz esan ez badizut ere,

jakizu hemen nauzula

nahi duzunerako.

Bihotz-bihotzez,

zure ahizpa:


                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-01-24

ITSASOA GARRAXIKA ARI ZAIT

 

Itsasoa garraxika ari zait .

Ekaitza ekarri du.

Olatuek barra berria jan nahi dutela dirudi.

Goiko argi gorria da

une honetan antzeman dezakedan bakarra.

Antila bera ere zaztarrez beterik dago.

Hondarraren arrastorik ez.

Dena zikin, dena beltz.

 

Kukuarri  behe lainoak irentsi du.

Itsaspeko bidea ez da ikusi ere egiten.

Desagertu da.

Dena ilun,  dena beltz.

 

Itsasoa garraxika ari zait,

negarrez.

Dena hautsi nahi du.

Txikitu.

Mila puska egin.

Ez du amore emango.

Haserre dago.

Ilun, beltz.

 

Itsasoa garraxika ari zait,

minduta.

Ez du ezer ulertzen.

Lehertu egingo da.

 

 Itsasoa garraxika ari zait.

Negarra ekarri du.

Olatuek barra berria jan dute.

Goiko argi gorria desagertu da.

Ez dago.

Antila,

hondarraren arrastorik ez.

Dena zikin, dena beltz.


                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-02-07

Iluntasunetik argirantz

 

   Iluntasunetik argirantz ote goazen iruditzen zait. Kimioaren eragin nabarmenenak atzera utzi ote ditugun. Buruko zapiak erosi ditugu. Txapela pare bat ere bai. Inauteriak datozela eta mozorroekin jolasteko moduan. Gutxiago falta da. Aurreraka hasi gara.


Gutxiago falta da.

Aurreraka hasi gara.

Etorkizun.

Poztasun.

Alaitasun.

 

Gutxiago falta.

aldaparik latzena,

atzeraka.

 

Izango dira

malda garratzak,

hozpelak,

saminak.

 

Izango dira

une motelak

tristeak

goibelak

 

Izango dira

isilune

luzeak

amaigabeak

 

Izango dira

belzgune

fuerteak

amaigabeak.

 

Baina, Aldaparik latzena

atzeraka

doa.


                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-02-09

 Gaur ez nago ondo

 

Gaur ez nago ondo.

Zergatik den

ez dakit.

 

Gaur, berriz ere

ez nago ondo.

 

Goizean

A8 autopista

ezin negarrari eutsi

 

Berriz ere…

 

Ostirala izaki

umeekin

Bittorrekin

elkarrekin

bazkaltzeko eguna izaki…

 

Eta hala ere

ez nago ondo

 

Hau idazten ari naizelarik

leihotik kanpora begiratu behar

malkoak ihes egin ez dezan

 

Berriz ere…

 

                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-02-13 

 

Lasaiago

 

Eguraldi ederra

 

Atzo telefonoz

eman zenidan

notizia bikaina:

txikituz doa.

 

Atzo telefonoz

eman zenidan

notizia bikaina:

menderatzen

ari gara.

 

Atzo telefonoz

eman zenidan

notizia bikaina:

aurrera goaz.

 

Bihar,

berriz ere,

zure ondoan izango nauzu

eta emango didazu

duzun

onena:

Zu zeu.


                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-02-22

 

Ederra familia gurea!

 

Kontxa irabaziko dugu

 

Ekaitzik handiaren aurrean ere

txikienetik hasi eta

zaharrenera

denok batera

arraunari tira.

 

Nahiz proela

hala hankeko,

nahiz patroi

hala mutil

arraunari eman

behin eta berriz..

 

Tripulazio honen

tankateko galantekin

dantzan ibili behar

toletak

estropuak

brankak

eta

arraunak.

 

Itsasoaren zurrunbiloa

Kresalaren usaina

ez da ez  bat ere erraza izan

tira egitea.

 

Irlaraino iristea

izugarria izan da

hala ere

lehengo txanpari aurrea hartu,

bigarrena ere

gainditu.

 

Puntetarako bidean

erritmoa behar dugu moteldu

ziaboga ondo ematea

da gure helburu


Adi;

arraunkada sakona

laister

ziabogarako prest.

 

Patroiak oihuka

Ziup-ziup

sartu barruraino,

eman.

Ziup-ziup

xuabe,baina sakon

eman.

Ziup-ziup

erritmo bizia

eman

eutsi

xuabe

sakon

 

Patroiak oihuka

Adi;

arraunkada sakona

baliza bertan da

ababorrak tinko

istriborrak eutsi

 

Patroiak oihuka

Adi;

arraunkada sakona

itxi-itxian

puntakoaren lana

patroiak eraman.

 

Patroiak oihuka

baliza kanpotik

goazen.

 

Itsasoaren zurrunbiloa

Kresalaren usain sarkorra

 

Ziup-ziup

erritmo bizia

eman

eutsi

xuabe

sakon

 

Adi;

arraunkada sakona

eman,

baliza atzean,

lortu dugu.

 

Ababorrak eta

istriborrak,

denak

patroiari

so egin.

 

….

 

Irlarako bidean

haizea aldeko dugu.

Patroiak oihuka:

Hau irabazia dugu.

Olatua gainean,

harrapatu beharra zion!

 

Tira, eman

Eman.

Eutsi.

Bat, bi,

bat,bi.

Eman.

 

….

 

Lortu dinagu

Lortu diagu.

 

Gure etxean

nahiz Donostian,

beti bezala,

denok

elkarrekin.

 

Txikienetik hasi eta

zaharrenera

bat eginda

betiko lez

eta

nola ez

 

KONTXA, BEHINGOZ,

GUREA DUGU!!


                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-06-18

Astebete 25a izateko

 

Astelehenak 18

aitonarekin medikutara,

gero Oiartzunera.

 

Kanpoan zaude.

Gure zain?

 

Fatxada ederra,

itxura era bai.

Hala ere zure ondoan

ez nago lasai

 

Zer da ahizpa,

 nekatzen hasita?

 

Zer da ahizpa,

indarrak  ezinda?

 

Guztion aurrean

itxurak egin behar

“Que tal Ana”ri

“oso ondo” beti.

 

Fatxada ederra,

itxura era bai.

Hala ere zure ondoan

ez dakit zergatik,

baina

ez nago lasai.

 

                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   


 07-11-26


25a iritsi zela eta

 

Ekainaren 25a iritsi zen,

hura ere pasa zen.

 

Uztailak 9 ditu.

Primeran,

dena espero bezala.

 

Abuztuak 2

Lan berriak, adi!

Radioak erretzen zaitu

bai barrutik

eta

 baita kanpotik.

 

Urtarrilean hasita

barrendik kiskali zintuzten.

Eguzkiaren hilabetean,

aldiz,

 kanpotik.

 

Zenbat maite zaitudan

esan nahiko nizuke.

 

Azala belztuta

formak galduta

eta hala ere

munduaren jabe.

 

Irailera iritsi gara

bai 2ra

eta

baita 9ra

eta jakina,

Kontxa gurea dugu.

 

Elkar besarkatu.

Orain arte eman gabekoak

nabaritu,

askatu,

hartu,

sentitu,

gozatu,

errotu,bizitu…

  

Zenbat maite zaitudan

esan nahiko nizuke

 

Urriak 26

notizia onak.

Besterik ez.

Bilboko PET,

oraingoz deusez.


Azaroak 26

 

            Zenbat maite zaitudan

esan nahiko nizuke.

 

Lasaiago nago,

 bai badakit.

 

Hala ere,

oraindik,

inork ikusten ez nauenean,

isilka, ezkutuka

egiten dut negar.

 

Bai, malkoak aldatu dira.

Ez, hauek ez dira

garratzak,

mikatzak,

mingotsak...,

zorionez.

 

Bai, malkoak aldatu dira.

Hauek, zorionez,

gozoak eta eztiak

dira.

 

Baina

malko izaten jarraitzen dute.

 

Ezin dira geldirik egon,

irten beharra daukate.

 

Eta zenbat maite zaitudan pentsatzean,

dantzan eta jirabiran

ur-jausi moduan

uholde tamainan

ari dira

kartzelan dagoenaren itxuran

ihes egin nahian.

 

Zenbat maite zaitudan

esan nahiko nizuke.

 

Agian, azkenean,

 hau irakurtzean

jakingo duzu …

 

ZER?

 

Ba, hori:

 

ZENBAT MAITE ZAITUDAN!!!