Sunday, September 26, 2010

Joxemiel Bidador olerkariari omenaldia


Joxemiel BIDADOR idazle, ikerle eta olerkariaren hitzaldia Agoitzen, 2007ko Nafarroako II. Poesia Biltzarrean


Atzoko ekitaldian Joxemiel Bidadorri omenaldia egin zitzaion, Bergarako Idazle Eskolako eta Aspaldikuko lagun Karmele Igartuarekin batera. Omenaldian Joxemielen senideak eta lagunak izan ziren. Tamalez, antolatzaileok ez ginen batere fin ibili eta barkaezinezko oker bat egin genuen... Idoia (Joxemielen alarguna), Jose Angel Irigarai (Larrekoren biloba, Aingeru Etxegarairen seme eta Joxemielen lagun mina) eta gainerako lagunak etorri ahal izan ziren prentsaren bitartez izan zutelako omenaldi honen berri. Benetan, lotsa nabaritu zitzaigun gure aurpegietan. Mila aldiz barka eskatu behar izan genien alargunari eta, orobat, bertaratu ziren Joxemielen adiskide guztiei, Jose Angeli bereziki, behar den bezala gonbidapena helarazi ez baikenien.

Aurtengo biltzarreko asmoa zen erdal poetei ezagutzera ematea nortzuk ziren Joxemiel eta Karmele, baina, gero antolaketa (desantolaketa) arazoak direla medio, eta bata dela, eta bestea dela, finean inork ere ez zien Idoiari edota Jose Angeli deitu. Lotsagarria benetan. Eta lerro hauetatik egindako hutsa aitortu nahi dugu, biltzarrean gauza onak egon ziren bezala, gaizki egindakoak batzuk ere izan zirelako eta zentzuzkoa da hauek ere gogora ekartzea berriro ere errepikatuak izan ez daitezen.

Bestalde, goiko bideoan Joxemiel Bidador mirestuaren hitzaldia entzun daiteke oso-osorik, argazkia bera ere Agoizko biltzarrean hartua dago. Euskal Idazleen Elkarteaz aritu zitzaigun. Jakina, gure biltzarretan ohi dugun bezala, goizeko hitzaldiak erdaraz egiten ditugu erdal poetek eta erdal entzuleek euskaldunok egiten ari garen lanaren berri izan dezaten. Hori dela eta, hitzaldia erdaraz dago, euskaraz egindako sarrera txiki batekin.

Izan untsa eta adi entzun Joxemielek esan behar dizuna... beti izanen baita gure bihotzetan.


No comments: