Tuesday, September 21, 2010

Leire Zubeldiak idatzitako kronika Karmele Igartua Bihotzean

"Maite ditugun olerkariak" sailaren barnean,
"Idazle eskola"ko partalierekin
iragan egun hunkigarri baten kronika,
Leire Zubeldiak idatzia, hona hemen




SENPERE, 2010eko irailak 18

Egun eder bat, oraingoan ere Karmeleren kontura

Irungo merkatalgunean elkartu ginen goizeko 09:00etan, Tere, Itziar, Ainara, Euri, Axun, Iban, Ione, Igotz, Garazi, Ekaitz, Montse eta Leire. Hizketaldi labur baten ondoren, Idazle Eskolako karabanak Senpererako bidea hartu zuen. Ez genuen berandu iritsi nahi Hatsako gure lagunekin eta Karmele gure adiskidearekin genuen hitzordura. Baina Biriatun lagun batzuekin egin genuen topo, beltzez jantzita egoten diren horiekin. Ainara eta Itziar pasa; Tere eta Leire pasa; baita Axun eta Iban, zein Garazi Ekaitz eta Montse zihoazen autoa ere. Ione eta Igotzena bai harria!

Atzerapen txiki batekin, baina ongi iritsi ginen denok Senpereko Larraldea etxera. Bertan zeuden Auxtin Zamora eta Aspaldikuko Juankar; eta haiekin Carmen. Azken honek nahiago izan zuen gurekin denbora galtzea baino zuzenean Larraldeara joan eta kafetxo bat hartuz itxarotea. Carmenek bai jakin! Senpereko etxetzar ederrera azaldu ziren baita ere Uxoa eta Iker. Auxtinek eskainitako kafe goxoa hartu ondoren, autoetan sartu eta Zugarramurdirantz abiatu ginen. Bidean paraje ederrak, eta txakurrak autoetako gurpilak hozkatzen, eta larre behiak enbarazuan, adar handi-handiekin. Eskerrak Axun eta Iban autoetatik atera eta bidea temati oztopatzen zuten animaliatxo adardunak bazterreratu zituzten.

Horrela, Zugarramurdi eta Etxalar artean geratzen den Ibainetako lepora iritsi ginen, gure ibilaldiaren abiapuntura. Batzuk mendirako maia aproposekin, beste batzuk bakeroekin, baten-baten gona jantzita eta xandaliak zeramatzanik ere bazen. Montse, Karmeleren ama esaterako: hartu bastoia, jantzi xandalien azpitik galtzerdiak eta benga! Maldan gora gehien errepikatu zen esaldia: "sinatuko nuke nik 79 urterekin horrelako sasoia izateko". Ibilaldi atsegina izan zen: hankentzat xamurra eta begientzat zoragarria. Oztopo zenbait gainditu behar izan genituen ordea: lokaztutako putzuak, eta batez ere, alanbre-sare edo langak. Baina dotore igaro genituen denak, jantzietan urratu txikienik egin gabe.

Azkenean iritsi ginen Ibanetako Trikuharrira. Bertan egin genion omenaldi xumea Karmeleri. Trikuharria inguratu eta norbere etxetik ekarritako harriak utzi genituen megalitoaren barruan. Auxtinek Karmeleren irudiarekin eta poesia batekin osatutako koadro zoragarria atera zuen sobre batetik. Harriekin batera, trikuharriaren barrenean jarri zuen. Itsasoko maskor bat ere utzi genuen, Karmeleren izenarekin. Ondoren, Itziarrek hitz batzuk irakurri zituen: "zeure zeuretako Karmele". Xalbadorren heriotza kantua abestu genuen gero, baina "Urepeleko artzaia" esan beharrean "Aretxabaletako enara" kantatuz. Kantua amaitu ondoren, Axunek botatako irrintziak urratu zuen Ibanetako isiltasuna. Zugarramurdiko sorginak esnatzeko modukoa izan zen. Txalo egin genuen denok, hunkiturik. Esku emanda giza-harrespila bat osatu genuen, gogoa Karmelerengan genuela. Isiltasuna. Pare bat argazki, eta martxa berriro. Gustura, oso gustura, pentsatuz, Karmeleri gustatuko zitzaiola. Ah! Eta atzera bidean abiatu aurretik, indarrak berreskuratzeko Itziarrek egindako erroskila goxo-goxo batzuk jan genituen. Superwoman!

Autoetara iritsi eta batzuk etxe aldera joan ziren, Garazi, Ekaitz eta Montse hain zuzen; gainontzekoak Larraldeara itzuli ginen. Eta han… sekulako bazkaria: xiixa-hori omeleta, indioilar bularkia barazki goxo-goxo batzuekin, eta gazta, eta sagar tarta, eta pikuak, eta aranak, eta kafea, eta patxarana eta giro ona! Ederki bazkaldu genuen, bai jauna!

Sabela majo beteta, lau terdietan ekin genion errezitaldiari. Itziarrek ohi bezela txukun-txukun antolatua zuen dena: Auxtinek hitz egin zuen lehendabizi, ondoren Terek Idazle Eskola aurkeztuz, gero Itziar eta Ainarak Karmeleri buruzkoak aipatu zituzten, eta jarraian Karmeleren testuak irakurri genituen txandaka-txandaka. Hiru ordu eta laurdeneko emanaldia izan zen. Hunkigarria, baina polita. Amaieran Auxtinek bere esker ona azaldu eta oparitxo bana eman zigun: fosil bat bakoitzari. Ez hori bakarrik: etxerako bidea hartu aurretik kafea, garagardoa, fruta, muztioa, freskagarriak eta opil goxo batzuk jarri zizkigun aukeran. Talde argazkia atera eta martxa! Ah! Alde egin aurretik hurrengo hitzordua gogorarazi zuen Terek: irailak 25ean, Iruñean Aspaldikuk antolatutako Nafarroako Poesiaren Biltzarra. Ahal duenak edo nahi duenak badaki…

Leire Zubeldia

No comments: