Eskerrak eman nahi dizkiegu Liburu Feriako lagunei tarte bat gordetzegatik poesiari, hala nola errezitaldian parte hartu zuten guztiei.
Tuesday, June 7, 2011
Errezitaldia Iruñeko Gaztelu Plazan
Eskerrak eman nahi dizkiegu Liburu Feriako lagunei tarte bat gordetzegatik poesiari, hala nola errezitaldian parte hartu zuten guztiei.
Wednesday, May 25, 2011
Hatsaren Eguna Berriozarren, bigarrenez
Poesia emanaldi horretan honako olerkari hauek izan ziren: Auxtin Zamora senpertarra, Josetxo Azkona eta Juankar Lopez-Mugartza irunxemeak, eta Jokin Irigoien, Xabi Lasa eta Josu Jimenez Maia berriozartarrak. Aurkezpen lanetan Pello Uharte Orotz aritu zen, eta, olerkiez landarat, musika pieza ederrak entzuteko parada izan genuen Iñigo Labiano gazte berriozartarraren eskutik.
Bukaeran, Hatsa elkartearen bihotza eta arima den Auxtin Zamorari irudi bat eman zitzaion opari, olerkigintzaren alde egin duen eta egiten duen lan handia eskertzeko.
Eskertzekoa da, era berean, Berriozarko Udalak emandako laguntza eta, esan gabe doa, aldez edo moldez, olerki emanaldi hau egiten lagundu duzuen guztioi mila esker anitz: biba zuek!
Saturday, March 26, 2011
Joxemiel Bidador: lagun bitxia, harribitxi bat
Xelebrea, gure Joxemiel zena. Bitxia eta bizia, harribitxi bat. Honezkero, ni baino jaioagoak diren beste batzuek idatzi dute Joxemiel Bidadorrez, eta zaila da oso ezer berririk asmatzen. Joxemielen buruko isuriaren berri izan nuelarik, maldizioka hasi nintzela badaki batek baino gehiagok. Astebete igaro eta gero, Artikako omenaldi hunkigarria eta gero, olerki bat idazten saiatu nintzen; alferrik, baina!
Toko-k, duela hirurehun urte jaiotako poeta japoniar batek, gaztigatu zigun:
Heriotz-olerkiak,
engainagarriak:
heriotza heriotza da.
Baina aste batzuen buruan, errekasto baten ondotik pasieran nenbilelarik, Joxemiel etorri zitzaidan gogora, eta hamazazpi silabako olerki txiki bat, haiku bat, zirriborratu nuen paper mutur batean.
Urak dakarkit
lagun hila gogora:
Errekan, bizi.
Joxemiel Bidador gure gogoaren errekan, bizi-bizia.
Saturday, September 18, 2010
Burlatako biltzarreko egitaraua
EGITARAUA:
10:00 Aurkezpena - Argibideak
Aspaldiku, Nafar kulturaren hedapenerako elkartea.
10:30 Olerkari gonbidatuak
Tere Irastorza
Manuel Vilas
10:00 Tailerrak
I Gazteleraz: Sormen tailerra (zehazteke)
Zuzendaria: Manuel Vilas
II Euskaraz: Sorkuntza literarioa auzolanean
Zuzendaria: Tere Irastorza
Tailerraren bukaeran, Karmele Igartuari eta Joxemiel Bidadorri omenaldia.
14:00 Bazkaria
Udal Jauregian bazkaria
16:30 Olerki errezitaldia
Olerkari gonbidatuak hasiko dira: Tere Irastorza eta Manuel Vilas.
Ondoren, parte-hartzaileek, nahi izatekotan, haien olerkiak errezitatu ahalko dituzte.
19:45 Ondorioak, Nafarroako V. Poesia Biltzarraren amaiera eta hurrengo biltzarrerako gonbidapena Aspaldikuren eskutik.
Datorren larunbatean, Burlatako hondartzan
Kirmen Uriberi irakurria diot. Koldo Izagirrek dioenez, itsas-portu batean sortua den orok olerkari izateko bide erdia eginda du. Horren haritik, Kirmen Uribek ondorioztatzen zuen lanari ekiteko, poesia idazteko, itsasoa eta fantasia baizik ez dira behar. Baina Nafarroan, itsasorik ezean, olerkari izatea, berez, zailagoa behar da izan. Itsaso falta ez da, gainera, Nafarroan olerkigintzaren zabalkundea eragozten duen baldintza bakarra.
ASPALDIKU-ren azpian gordetzen da: “Asociación para la difusión de la cultura”, poeta euskaldunak eta erdaldunak biltzen dituen elkarte xume bat, baina, bere xumean, urtero-urtero Nafar Poesiaren Biltzarra antolatzen duena eta, aldian behin, baita poesia errezitaldiak eta liburu aurkezpenak ere. Oso diru-laguntza urrirekin, urtez urte antolatu den Nafar Poesiaren biltzarretan izan dira, besteak beste, Jesús Munárriz eta Auxtin Zamora, Lucien Etxezaharreta eta Maram al-Masri, Angel Erro eta Jose Luis Alvarez, Miren Agur Meabe eta Ana Rosetti.
Heldu den larunbatean, hilaren 25ean, Burlatako kultur etxean dugu hitzordua Nafar Poesiaren aurtengo biltzarra ospatzeko, eta bertan Tere Irastorza izanen dugu euskal olerkari gonbidatua eta Manuel Vilas erdal olerkari gonbidatua. Goizean, hasierako hitzaldiak eta gero, bi tailer ere eginen dira: euskarazkoa, “Sorkuntza literarioa auzolanean”, Tere Irastorzaren beraren eskutik. Zinez interesgarria. Bazkari legea egin eta gero, arratsaldeko 4,30etatik aitzina, errezitaldia izanen da Burlatako Udal Jauregian eta zabalik egonen da parte hartu nahi duen poeta ororentzat. Aurtengoan, jadanik gurekin tamalez ez dauden bi lagun, Joxemiel Bidador eta Karmele Igartua, izanen ditugu bereziki gogoan.
Kirmen Uriberekin hasi eta Kirmen Uribererekin bukatu nahi dut idazki hau. Idazle ondarrutarrak biltzen du Portukoplak izeneko liburuan Eugenio Andrade poeta portugaldarraren aipu bat Oinatzak hondarrean epigrafe pean: “Poesiak maite du udako hondartzetatik paseatzea”. Nafarroako ur prosaiko beltzetan, urtean behin gutxienez biltzen gara Nafar Poesiaren Biltzarra izeneko hondartzan. Datorren larunbatean, Burlatako hondartzan izanen gara.
Saturday, June 5, 2010
Gerraren aurkako hitzak Gaztelu Plazan
Duela beredatzi urte hasi zen ekimen hau Liburu Feriaren abaroan eta, aurten ere xumea baina arrakastatsua izan zen.
Besteak beste, Jesús Lizano poeta akrataren poema bat entzuteko aukera izan genuen:
Soldadu ezagunaren balada
Soldadu ezagunaren balada.
Soldadu ezaguna baita.
Oso ezaguna baitzen.
Ederki ezagutzen zuten
galdu zuten horiek.
Zer esan nahi dute
soldadu ezezagunaren
aldeko oroitarriek?
Oso ezaguna baitzen.
Soldadu guzti-guztiak
oso ezagunak ziren.
Suntsitu zenuten horiei:
ez ezazue lore gehiagorik bidali,
zuek-zeuk baitzenuten
soldadu bihurtu, ezezagun bihurtu.
Soldadu ezaguna izanik!
Jesús Lizanoren liburu eder batetik aterea da, El ingenioso libertario Lizanote de la Acracia, Virus argitaletxea, iaz argitaratua Bartzelonan, gaztelaniaz. Liburuak dakarren CDan Jesús Lizano bera errezitaldi batean ikusteko aukera duzu.
Sunday, May 30, 2010
Monday, April 26, 2010
Hatsaren Poesia 2010 Berriozarren
Berrogeita hamar minutuko saio labur baina mamitsu horretan partaide izan ziren Josetxo Azkona, Jokin Irigoien, Fertxu Izquierdo, Josu Jimenez Maia, Naiara Sanchez, Mikel Taberna, Juankar Lopez-Mugartza, Carmen Valois eta Auxtin Zamora, Hatsa Elkarteko burua.
Azpimarratzekoa da, bestalde, Sanduzelaiko poeta gazte-gazte batzuek, Unai, Nora eta Maialenek, euren gelakideekin batera eginiko poemak irakurri zituztela.
Ezin ahaztu errezitaldi osoan Iranzu Baldo biolin jotzaileak eskainitako musika klasiko zoragarria. Euskal Idazleen Elkarteko Joanmari Apaolaza ere bertan izan zen, hala nola Berriozarko auzapeza den Xabi Lasa, saioari amaiera emateko parte-hartze ezin aproposagoa izan zuena.
Tuesday, February 2, 2010
Kultur Zikloa Iruñazarran
Iruñaren bihotz-bihotzean, Iruñazarra ostatuan, kultur zikloa, bihar hasita.
Thursday, October 29, 2009
Dakiguna ikasten, Goizutan

Gaur Goizuetan izan naiz, edo, haien modura esanda, "Goizutan". Ikastaro batean izan naiz, dakidan apurra partekatzen, dakidana irakasten... Edota Patxiku Perurena goizuetarraren azken liburuaren izenburuak aldarrikatzen duen gisara, Dakiguna ikasten.
Goizuetatik bueltan, liburu horretako pasarte bat gogoratu nahian ibili naiz, Leitzan bizi den poeta goizuetarrak idatzia poesiaren kontura:
Poesiak [...] unibertsala izan nahi du beti, konkretua, soila alegia, eta ez adorno global hutsa. Eta gizona, funtsean, poesia besterik ez da.
Wednesday, June 10, 2009
Antanaklasia: "Azala zuri, barrena zuri"
Eztabaida galdu zutenei azalduko diegu zer den: jartzea hitz pare homonimoak esaldi berean -edo elkarren ondoan-.
Oihenart klasikoak etsenplu eder pare bat utzi zigun:
Buruko bilo hori
Urhea bezain hori
Haren izena Joana,
ez ote gaizki emana
ezen orai heldu dena
Nola liteke joana
Mogelek ere, beste hau utzi zigun:
Biar egiten dabenak jan biar dau.Bizkaieraz, jakina da, biarra lana da.
Gugandik hurbilago, Lazkao Txiki bertsolari handiak beste hau utzi zigun, bidenabar esanda, gaurkotasun izugarria duena:
Politikan ez dago gauza politikanHorra hor, beraz, antanaklasia adibide zenbait, argigarri gertatuko zaizuelakoan
Saturday, June 6, 2009
Tuterako Biltzarra abian
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako Campusean abiatu dugu V. biltzarra
Hemen gaude, kultura eta artearen betiereko bilkatean, Miren Agur Meabe gurekin dugu; Ana Rossetti, berriz, Zaragozara heldu berri da trenean... Hiru ordu laurden kostatuko zaio heltzea. Tuterako Udalaren babesa eta laguntza eza gorabehera, Tuteran egitea lortu dugu.
Abiatu gara, abiatu garenez!
Saturday, May 16, 2009
Jose Luis Allo-ren liburuaren aurkezpena
Jose Luisekin batera Peio Etxarri eta Javier Asian aritu ziren; berrogeita hamar lagun baino gehiago bildu ziren Civican-en areto nagusian. Era berean, hiru musikari gazte bezain trebe aritu ziren errezitaldian musika pieza ederrak joaz: Saioa Alonso Allué, Leire Alonso Allué eta Maialen Zabalza.
Atzoko txaloak, beraz, poetek eta musikariek jaso zituzten erdi bana.
Informazio gehiago Diario de Noticias-en eta Diario de Navarra-n.
Tuesday, May 5, 2009
Iruñean aurkeztuko da José Luis Alloren liburu berria

Iruñeko Civican-en aurkeztuko da maiatzaren 15ean José Luis Allo-Falcesen poema liburu berria: de la ceniza y otros bienes perecederos.
Lehenbizi, sorterrian aurkeztu zen, eta orain, Iruñean liburua ezagutzeko parada izanen dugu egilearen beraren ahotik. Goian aurreratu bezala, aurkezpena 15ean izanen da, ostiralarekin, arratsaldeko 7,30etan, Civican-en -Pio XII. etorbide 2-. Egilearekin batera, Peio Etxarri eta Javier Asiáin arituko dira.
Monday, April 27, 2009
José Luis Allo Falces-en liburu berria
Saturday, April 25, 2009
Zulo Poetiko arrakastatsua
Ekitaldian poemak eta musika-piezak uztartu genituen. Musika klasiko-pieza laburrak zoragarri ederki interpretatu zituzten hiru neska gaztek, Leire Alonso Allué, Saioa Alonso Allué eta Maialen Zabalzak. Zalantzarik gabe, oso ederra izan zen poemak eta musika-piezak tartekatzea eta entzuleek biziki eskertu zuten.
Errezitaldian parte hartu zuten poetak honakook dira: Mikel Balentziaga, Santi Elso, Auxtin Zamora, Ana Estepa, Juankar López-Mugartza eta Josu Jimenez Maia. Bina poema errezitatu zuten lehenbizi, baina jendea gustura zegoenez, bigarren aldiz errezitatu zuten poema bana. Ekitaldiko aurkezlea Pello Uharte Orotz izan zen, Zulo Alai Elkarteko kidea eta Zorroka euskara taldeko presidentea, eta hogeita bost lagun baino gehiago bildu ziren poemak eta musika piezak gozatzeko.
Bukatzeko, aipatu nahi dugu Berriozarko liburuzainek eta kultur koordinatzaileak egindako lana ekitaldi hau arrakastatsua suerta zedin: haiei eta aldez edo moldez lagundu duten beste guztiei bihoazkie gure eskerrik beroenak.
Wednesday, April 15, 2009
Zulo Poetikoa Berriozarren
Dakizukeenez, Shakespeare eta Cervantes hil omen ziren apirilaren 23 jakin batean eta, horren harira, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Iaz, apirilaren 23a hautatu genuen Muxugorri liburuaren aurkezpena egiteko eta aurten, aldiz, errezitaldi poetiko hau egiteko. Aurtengo ekitaldian musika klasiko piezak eta poemak uztartuko dira.
Izenaren bitxiak ere badu azalpena: Berriozarko Zulo Alai Elkartearen eta Aspaldikuren artean antolatua da eta poeta horietarik batzuk Zulo Alai Elkarteko kideak dira: hortaz Zulo Poetikoa.

Informazio gehiago Eguzki Plaza albistegi digitalean.
Tuesday, April 14, 2009
Idazleen Biltzarra Saran
Atzo, apirilak 13, Idazleen Biltzarra - Biltzar des écrivains ospatu genuen Sara herrian. Pazko astelehena izanik, mugaz bi aldetako idazleak eta poetak biltzeko parada izan genuen. Giro ederra, liburu anitz eta askotarikoak, eta Herria astekariari omenaldia: 3000 zenbaki eta 65 urte ez dira kopuru makalak
Poesiari dagokionez, alde batetik, Maiatz aldizkariaren zenbaki berria eskuratzeko aukera izan genuen Lucien Etxezaharretaren eskutik; bestetik, Auxtin Zamora-ren azken lana: Zernahi izan eta ere... azken lan hau saiakera eta poesiaren arteko lana dugu, zedarritzen edo sailkatzen zaila izanik.
Orobat, horrelakoetan gertatu ohi den gisara, idazle handi-handiak bertatik bertara izatea profitatu behar da, Durangoko Azokan baino askoz ere lasaiagoa den giro batean. Hor zeuden, besteak beste, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant...
Informazio zabalagoa:
