Saturday, September 20, 2008

MAIATZ 47, AIMÉ CÉSAIRE-ri ESKEINIA


MAIATZ aldizkariaren 47. zenbakia Aimé Césaire idazleari eskeini zaio. Aldizkariaren editoriala eta hasierako bi artikulu olerkari martinikatar honen inguruan ari dira. Bi artikulu horietako bat L. Etxezaharretak sinatu du eta bestea Itxaro Bordak. Biak ala biak ezin interesgarriagoak.

Aimé Césaire... Libertatearen poeta bat

Aurten, apirilaren 17an, Madinina tokikoek deitzen duten Martinikako hiri nagusian, Pierre Zobda-Quitman ospitalean, goizeko 5etan, zendu da Aimé Césaire. 1913ko ekainaren 26an sortua zen, poeta bainan ere militante politiko antikolonialista bezala bizi zen " négritude " deitzen den literatura mugimenduaren gidari nagusi hau."
Maiatz

"Martinikako Komunitate historikoaren" eskubideak eta burujabetasunaren alde honekin agertu zen nahiz Frantziako botereek, eskuin ala ezkerrekoek beti ukatu zuten, Frantzia zentralista eta jakobinoaren ohizko bidean.
L. Etxezaharreta

FORT DE FRANCE

Zendu da poeta, Fort de France-ko ospitalean, 2008ko apirilaren 17 honetan. Ele batez denak, politikari frantses zuriak orozbat, zintzotasun gabea kausitu dudan Sarkozy barne, bildu dira Aimé Cesairen omenaldi mediatikoa egiterakoan. Poeta ospetsu gutxi geratzen da bizirik orain, Yves Bonnefoy-taz aparte. Eta dirudienez ez da poesiarik sartzen Frantses botereen kezketan, faltsuki salbu. Cesairen familiakoa banintz, gizona ezkerrekoa eta erabat pobreen alde izan zelarik, debekatuko nioke lehendakari neoliberalari ehortzetan parte hartzea.
Itxaro Borda

Tipula erre usainarekiko beltzeriak bere odol hedatuan berraurkitzen du askatasunaren gostu karatsa

Zutik dago beltzeria

Jarririko beltzeria
Ustegabetarik zutik
Kalan zutik
Kabinetan zutik
Zubian zutik
Haizean zutik
Eguzkipean zutik
Odolean zutik
Zutik
Eta
Libre
Zutik eta ez-eratorri perfektoan inguruka bere itsastar biluztasunean eta bere askatasunean ero gaizo
Eta hara;
Ate ustegabetarikago zutik
Zutik soketan
Zutik brankan
Zutik iparroratzean
Zutik kartarekin
Zutik izarren azpian
Zutik
Eta
Libre

Aimé Césaire / Itxaro Borda, MAIATZ 47

No comments: