Wednesday, February 27, 2008

HONDARTZA ETA WHISKYA, MARTXOAK 10, ERRALDOIEN TXOKOAN



Gure asmoa Idazle Eskolako taldeko baten antzezlana irakurtzea da eta gero, Irunen aurreko batean egin genuen bezala, gutako batzuen olerki edo testu laburren bat edo beste errezitatu ere bai.

Antzezlanaren irakurketa eta olerkien errezitaldia martxoaren 10ean izanen da, astelehenarekin, "LASTOZKO IHESGUNEETAN" ekitaldiaren barnean.

Idazle Eskolatik sei lagun joanen gara Iruñera: gutariko lauk (Itziar Gomezek, Iñaki Odriozolak, Jon Orzaizek eta nik neronek, Ainarak) antzezlana irakurriko dugu eta gainerakoek (Doltza Barandiaranek eta Carmen Valoisek) testu edo olerki laburren bat.

SAIOAREN LABURPEN TXIKI BAT

Irunen egindakoaren antzera, lagunarteko emankizun bat izanen da eta Idazle Eskolako Iñaki Odriozolaren antzezlanaren irakurketa ("Hondartza eta Whiskya") zenbait olerkiren errezitaldiarekin hornituko da.

Ainara

Monday, February 18, 2008

LASTOZKO IHESGUNETAN... Auxtin Zamora


Auxtin Zamora idazlea
gure artean izanen da

Martxoaren 10ean , ostiralez, Iruñeko Erraldoien Txokoan (Descalzos karrika 72), arratsaldeko 20:00etan

« Nafar Ateneoak » kultur erakundeak Iruñeko poesiazko animazioen denboraldira gomitatuko duen Olerkaria.

Izan ere, Auxtin « Aspaldiku » elkartearen lagun zaharra dugu eta orain arte antolatu ditugun bi poesia bestatan bera egon da gure artean bere poesiaz eta jakituriaz hornitzen.

Egun, Nafarroa Garaian euskarazko inolako poesia aldizkaririk ez dagoelarik, Auxtinek zuzentzen duen « HATSAren POESIA » aldizkaria dugu nafar olerkariontzat babeslekua.

Oraingoan, diaporama baten bidez, idazle Senpertarrak bere argazkiak eta poemak aurkeztuko ditu. Ondotik, elkarrizketa.

Proposamen berezia

"Lastozko Ihesgunetan" deitzen da Auxtin Zamorak egiten digun eskaintza berezia. Ikusentzunezko lan honentzat, maiteenak dituen bere argazkiak ezkondu ditu aspaldi idatziak zituen olerkitxoekin.

Hona zer dion idazleak berak :

Argazkiaren bitartez milisegundo bat irauten duen errealitate iheskor baten itxura lortzea, liluragarria zait, eta, oraino liluragarriago, errealitatearen itxura hitzekin janztea, zeren, iraganak diren gertakizunei, ukanen ez luketen ameskor eta gehikor bizi zerbait, beharbada, ematen niezaiokeelako.

Biharko errealitatetik, aurretik nehondik, argazkirik ez dezaket hartu, eta idatziarekin, etorkizuna eraikitzeko, iraganaren erreferentziak eta hitzak ditzazket bakarrik baizik erabili... Gari soroetan, uzta sartu eta, lurrean, lastoa etzaten den bezala, iduritzen zait nere idatziak eta argazkiak, bizi izan ditudan gertaeren aztarna iheskor batzu baizik ez direla.

Auxtin Zamora. Euskal idazle lapurtarra, Senperen sortu zen 1943an.

Lau olerki liburuen argitaratzailea:

« Ezin errana » 1986,

« Hatsaren bustia » 1988,

« Haizea ostoetan » 1998,

« Trapuetan haizea » 2000.

- 1999 geroztik, « Hatsaren Poesia » deitutako, urteroko poesia-bildumaren sortzale moldatzaile eta arduraduna.

-Euskarazko Poesia tailer eskoletan animatzailea.

- "Maiatz" aldizkari literarioaren lehen parte hartzaleetatik bat (25 urte)

- "Ttipi Ttapa", "Herria" eta "Euskal Herriko kazeta" aldizkarietan artikulu zonbaiten idazlea.

- 7 urtez erakusketa kultural bultzatzaile eta arduraduna: Senpere, Kanbo, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Sara, Bidarte, Haltsu herrietan.

- "Ostopeko artea", Urdazuri ibaiako artista guzieri idekia nahi duen erakusketaren sortzailea eta arduraduna.

- "Oxtikenea" deitu Senpereko Euskal Zentro Kulturalaren sortzaileetarik bat.

Izan ontsa, lagunok!! Eta zatozte Auxtinekin poesiaz gozatzera!!

Aspaldikuren aholkua duzu hau, irakurle.


Thursday, January 3, 2008

Zer ematen dio poetari kazetaritzak?


"Kazetari lanetan poesia ttantto batzuk isurtzea, han hemenka, noizean behin eta, halaber, idazkuntza ariketa etengabea, bere gauza onekin –ariketa fisikoak gorputzari nola, halaxe eragiten dio idazkuntza ariketak garunari eta, aiseago, idazteari– eta txarrekin. Azken honi dagokionez, estilo jakin batzuetan egunero aritzeak idazkuntzaren deformazioa edota zurruntzea eragin dezake zenbaitetan"

Juanma Sarasola 'Xaun', kazetari eta idazlea

Wednesday, January 2, 2008

Euskal poesia eslovenieraz

Euskal poesiaren antologia bat eslovenieraz argitaratu berri du Aleph argitaletxeak. Borges-en ipuinik ezagunenaren izena daukan Ljubljana-ko argitaletxe horren eskutik atera berri da Branil bom ocetovo hiso. Antologija moderne baskovske poezijetua, alegia, "Nire aitaren etxea. Euskal poesia modernoaren antologia". Informazio osoa Berria-n.
Bidenabarkoan, non dago Eslovenia?

Thursday, December 27, 2007

Dani Aldayaren "Poema York" kaleratu berria

Aspaldiku-ren abaroan ibilia den Dani Aldaya-ren liburu berria, Poema York, atzo aurkeztu zen Iruñean. Liburuaren karietarat, honela mintzo zen gure laguna:

"Publikatzeko aukera izateagatik pribilegiatua naizela uste dut. Gauza bat da norberak bere etxean idaztea, beste bat inguruko lagunei erakutsi eta euren erantzuna ezagutzea, baina lan hori mundu osoarekin partekatzeko unea iristen denean, zaila izan ohi da beti. Horregatik jotzen dugu lehiaketetara, argitaletxeen mundua itxi samarra delako".

Dani-ri elkarrizketa, erdaraz, gaurko Diario de Noticias-en.
Elkarrizketa horretan aipatzen den bezala, aurrera doa Dani Aldayaren beraren "SMS" liburuttoa euskaratzeko egitasmoa, Anjel Erro burlatarrenen eskutik. Nik erdaraz irakurri nuen eta gustatu zitzaidan, eta euskarazko itzulpena ateratzen denean berriz irakurriko dut; Jakin minez nago ikusteko Errok nola bersortzen dituen SMS horiek, ariketa erdi-poetiko erdi-ludolinguistiko baten ondorioz...


Thursday, December 6, 2007

Castillo Suarez in my mind

Konstituzio Egunean gustura lan egin eginen genukeen horietako bat naiz. Baina gaur lanera ezin joan naitekeenez, denbora-faltagatik azken asteotan idatzi ez dudan zerbait tekleatzeko aprobetxatuko dut.

Aspaldiku Elkarteak badu asmorik ospatzeko Poesiaren III. Biltzarra 2008ko maiatz-ekainean. Erdarazko olerkari gonbidatu berezia Maram Al-Masri poeta siriarra izanen da. Gaztelaniaz, besteak betse, "Te miro" izeneko liburu guztiz gomendagarria du argitaratua. Poeta euskaldun bat gonbidatzeko orduan, bereziki, beste emakume bat izatea proposatu zen, eta ni Castillo Suarez nafarraren alde agertu eta tematu nintzen. Oraindik neukan gogoan Berriozarko liburutegia zaharrean egindako saio gogoangarri hura... Berarekin kontaktuan jarrita, aldiz, "kalabazak" eman zizkidan: berak ez du sinesten emakume literatura denik eta, ezetz esan zidan.
Ordurako irakurria izan banu Poetika & poemak (Erein 2005), ez zitzaidakeen berdin gertatuko.
Liburu horretan, bestek beste, Castillo Suarez ezin argiago mintzo da horretaz:

Emakumezkoen literatura baden edo ez den eztabaidatzea antzua iruditzen zait inork ez dituelako emakumezkoen literaturaren zedarritu, eta ez ditu inoiz zedarrituko [...]

Zer pentsaturik eman didan kontua da , are gehiago gai horren beraren inguruan ARGIA aldizkarian duela aste pare bat Castillo Suarezek oso adierazpen argiak egin zituela... Ikuspuntu interesgarria eta eztabaidagarria.

Konstituzio Eguna pasatzeko beste modu bat da... Durangoko Azokara joan ezean, jakina!

Tuesday, October 16, 2007

Zergatik irakurri klasikoak?

Hona hemen Gara egunkariaren "Mugalari" gehigarrian pasa den larunbatean Angel Erro poeta burlatarrak argitaraturiko zutabe gogoangarria, egilearen beraren with kindly permission gure blog honetara ekarria.

a) Klasikoak irakurtzeko ez dagoelako motibo beharrik.

b) Itxura guztien kontra, beraien iruzkingileak (eta apologistak) baino infinituki dibertigarriagoak direlako.

c) Haiek hori bera eginen luketelako gure alde.

d) Italo Calvinok hala esaten duelako.

e) Edizio askoz ere merkeagoetan saltzen dituztelako.

f) Ekidin ezina delako liburua filma baino hobea izatea (ikusi –eta irakurri- Troy, Obaba, Tristam Shandy).

g) Denbora eraginkorki arduratu delako iraganaren obra kaskarrak garbitzeko, ezein egileren sentsibilitatea zauritu gabe. Gaur egungo kortesiak basoak desagerraraztera eta irakurlegoa galtzera darama.

h) Elkartasunagatik. Haiek gutxiengoa dira.

i) Aukera ematen digutelako gutaz guk baino gehiago dakitela egiaztatutakoan harrituarena egiteko.

j) Gogoko dituzun egile garaikideek irakurri dituztelako, nabari zaie. Gustatzen ez zaizkizunek filma baino ez dute ikusi.

k) Irrikatan zaudelako.

l) Gure erantzukizuna ere badirelako. Haietako batzuek, izan ere, ez dute idatzi zuten hizkuntzako hiztunik. Euskaldunok harekiko sentiberak izan behar dugu.

m) Dagoeneko irakurri dituzulako.

n) Aquí hay tomate, Gran Hermano eta horrelako telebista programetan gaurkotasunaz, errudun sentitu gabe, ikasi ahal izateko, betikotasuna Gilgamesh-en poema bezalakoekin lortuta baduzulako.

o) Apurtzailea hitza zure literatur hiztegitik ezabatzeko.

p) Zeren, bestela, zertaz mintzatuko gara bulgariar edo japoniar batekin Euskal Herriaren gorabeherak azaldu dizkiogun ondoren?

q) Aspergarrien klubean sartuta dibertitzeagatik.

r) Badaezpada hemendik urte batzuetara deskubritzen duten edertasuna existitzen zela.

s) Garraio publikoetan ez nabarmentzeagatik. Paradoxikoa dirudi baina destainaz begiratzen zaituzte Moby Dick edo Romeo eta Julieta irakurtzen ikusten zaituztenean, abenturazko edo amodiozko nobela soil bat irakurtzen ari bazina bezala, izan ere, horixe ari baitzara egiten.

Eta nik gehituko nuke: zergatik irakurri klasikoak? Hargatik.