Wednesday, April 9, 2008

HATSAREN POESIA EGUNA SENPEREN

Bildumatxo labur bat

Apirileko lehen igande honetan Euskal Herriko lau hegaletarik etorritako 70 bat olerkizale, Senpereko Larraldean elkartu dira, euskarazko olerkiari besta bat egiteko, beren biziko harat honateri ebatsi egun bat, poesiari eskaintzeko.

Besta honen karietara, 10 garren «Hatsaren Poesia» deitu olerki bilduma aurkeztua izan zen . Honen azalean hatsa eta lurra elgarrekin lotu nahi duen argazki bat aurkitzen da eta, barnean 120 bat idazleen olerkiak, bai eta 130 bat haur eta haurtxoen talde-olerkiak ere.

Bazkari ondoan, hor ziren 40 bat idazleek, beraien,edo, bestan ezin izan zitezkeen idazleen olerkiak irakurtu edo abestu zituzten, entzuleeri zirada asko sortaraziz New York-eko Elizabeth Macklin eta Amsterdameko Aitziber Renteriaren testuak ere entzunak izan ziren, munduko beste puntan, poesia euskaraz idazten dela nunbait nabarrituz. Iaz Poesiaren egunean zirenen artean idatzitako olerkia, ere une berean, azaldua izan zen.

Bere 69 urteak egun hortan betetzen zituela eta, hastapenetik «Hatsaren poesia»n parte hartu duen JosAnton Artzeri, omenalditxo bat egina izan zen Honeri dagokioke datorren 2009 urteko olerki bildumaren hitzaurrea idaztea.

Hatsa hartzen balin bada eta botatzen, hatsa, behin betikotz uzten da ere. Andolin Eguzkitza, Olivier Olarizu eta Manex Bergarari, urteetan zehar «Hatsaren Poesia» liburuan parte hartu zuteneri, minuta bat ixiltasun eskainia izan zen.

Arratsaldean «Barneko burbuilak» deitu bideoak arrakasta haundi bat bildu zuen, baloratuz: Hatsa elkartearen babesapean egiten diren tailer kideen olerkiak,bai eta Auxtin Zamoraren argazkiak.

Arratsean olerkari gazteak beren baitarik elkartu ziren eta pentsatuz jadanik datorren urteko poesia bildumari, olerki kolektibo bat idatzi zuten. Horrela bururatu zen euskal poesiari eskainia izan den egun goxo hau !

Hatsa elkartearentzat,

Auxtin

P. S. Erran gabe doa, Hatsaren Poesia egunean, Senperen ez zirenentzat, liburuaren ale bat dohainik idazle norberarentzat gordetzen dugula. Hau, zuek eskatutako modu egokienean igorriko dizuegu. Denontzat postaz dohainik bidaltzea garrestiegia zauku edo bestenaz, garaio gastuentzat eskatzen dugu 3 Euro.

Poesiaren munduan egonez, «Aspaldiku», Iruñeko kultur elkartekoek jakinarazten dute, Nafarroako 3 garren Poesiaren biltzarra, ekainaren 7an, larunbatarekin, goiz eta arratsaldez, Lizarrako Gustavo de Maeztu museoaren egoitzan iraganen dela Hatsaren Poesia bilduman parte hartzen duten guziei, nor beraren irakurketa bat proposatua zaie.

Hatsaren Poesia egunean hartutako argazki zonbait, bai eta Gara-n (milesker Guillan Oier) eta Berria-n (milesker erredakzioa) agertu artikuluak «Aspaldiku» elkartearen Blogean aurki ditaizke.

Tuesday, April 8, 2008

Hatsa elkartearen X. festa Senperen


Zinez egun ederra, pasa den igandean Senperen eman genuena: Auxtin Zamoraren lan eskergari esker, hamargarren urtez, poesiaren inguruan biltzea herrialde guztietako poeta euskaldunak ez da lorpen makala, izan ere.
Atzo GARAn eta gaur BERRIAn agertu denaz landa, argazki gehiago dituzue ikusgai: Iparraldetik eta Hegoaldetik blogosferara igorriak, poesiaren bidez mugak gainditzeko. Profitatu!

AKATS BAT GURE ELKARTEAREN ITZULPENEAN

Aspaldiku Elkartearen erdal izenburua kontuan hartzen badugu, ez dirudi oso egokia euskaraz darabilgun itzulpenak, itzulpena baita, ez baitzen jatorrizkoa euskaraz asmatu eta handik erdalduna sortu. Beraz, ikus dezagun erdaraz zer diogun: Kulturaren Hedapenerako Elkarte bat da eta kulturaren hedapen hori Nafarroan egin nahi dugu. Halaz guztiz, inskribatu genuen itzulpena bestelakoa da... Nafar Kulturaren Hedapenerako Elkartea omen gara eta hori ez da ez ariman, ez izpirituan, ezta gorputzean ere, adierazi nahi genuena Aspaldiku sortu genuenean. Nahi gabe, akats txiki bat eskapatu zitzaigun eta orain bi gauza ezberdin diogu hizkuntza batean eta bestean.

Erdaraz, Kulturaren Hedapenerako Elkarte bat garela diogu eta ongi dago. Izenari kasu eginez, esaten duguna da, zehatz-mehatz, Nafarroan hedatu nahi dugula kultura, eta hori ez dago batere gaizki (benetan beharrezkoa baitzaio, halajaina!, sine die ez baita ingelesa, hi!). Baina, ikus dezagun euskararen kasua...

Euskaraz, Nafar Kulturaren Hedapenerako Elkartea omen gara... eta hau zer da? Nafar Kulturarik ba ote dago? Pentsamentua eta nafarra ez ote ziren uztartu ezinezko kontzeptuak Barojarentzat? Ez gara horren urrun joanen, baina, egia esan, nafar kultura, benetan kultura izanen da baldin eta nafartasun delako hori zentzu irekian ulertzen badugu.

Gatozen harira, euskaraz idazten duen Renoko euskaldun batek edo erdaraz idazten duen Argentinako gautxo batek (gauez ibiltzen ote dira?) gure erdal izenburuari kasu eginez Nafarroan kultura hedatzeko aukera daukate baldin eta kulturarekin zerikusia duen edozein gaiez aritzen badira; esaterako, Ameriketako euskaldunen bizitzaz, edo Panpako gitarrajole ameslariez, konparazione. Baina euskal izenburua kontuan hartuko balute eta nafar kultura hedatzeko beharra balute, zer egin beharko lukete izenburuarekin bat etortzeko? Zertaz aritu beharko lukete? Zeri buruz idatzi beharko lukete? Raimundo Lanasen garrantziari buruz? Sarasateren zorioneko arrabitari buruz... edo zeri buruz? Zer da nafar kultura hedatzea?

Euskal Kultura zer den argi dagoela dirudi (honetan bai, ezta?); izan ere, printzipioz euskararen bitartez egiten den guztia da euskal kultura, euskararen ibilbidea osatzen eta aberasten du. Honetaz gainera, erdaraz egiten den gauza anitz sar daitezke honen barruan beste arrazoi franko direla medio. Baina nafar hitza erabiltzen dugunean zentzu geografiko, historiko, edo dena delakoa eransten diogu izenari eta honetan izugarrizko saltsa dago.

Anitzen iritziz euskaldun guztiok gara nafarrak, neurri batean edo bestean. Beste batzuek berriz nafar hitza oso zuhur erabiltzen dute eta ez diote edozeini izen hori eman nahi. Batzuk zuhur, beste batzuk oparo... Baina, agian, nafar kultura esapide hori berraztertu beharko genuke, jakiteko behingoz zer arraio esan nahi duen.

HATSAREN POESIARI OMENALDIA LIZARRAN

Artikulu interesgarri bat argitaratu da GARA egunkarian Igandeko bestaren kariaz. Hasiera batean zuzen-zuzenetik egunkaritik kopiatu genuen arren, egokiago dirudi iturrietara jotzea eta hantxe bertan irakurtzea. Beraz, klik egin egunkariaren izenean eta jakin ezazu zer gertatu zen Senperen eta zeinen gozoa zegoen apairuan jan genuen zikiroa. Gure esker ona eta zorionik zorionekoena sukaldari trebeei. Haiek ere euskal poesiaren alde izugarrizko lana egin zuten, poetei jaten eman baitzieten olerkiak idazten segi dezaten, gauza jakina baita sabela hutsik ezin dela ongi pentsatu, halafede!

Bestalde zikiroa prestatu zutenak badakigu, jakin, herriz herri dabiltzala astero zikiroa prestatzen eta aurtengo agenda guztiz betea dutela... ez da ez harritzekoa! Bai gozoa!

Eta orain, mesedez, Oier GUILLANen artikulua irakurri ahal izateko ondoko estekan sakatu edo klikatu: GARA

2008ko apirilaren 07a

KRONIKA | Poesia eguna Senperen

«Hatsaren poesia»ren hamargarren urteurrena ospatu dute Senperen

Hatsa elkarteak orain hamar urtetik argitaratzen duen «Olerki bilduma» aurkeztu zuen atzo Senperen. Sormena eta literatura ulertzeko filosofia irekiaren isla izan zen poesia idazle eta, oro har, poesiazale ugari bildu zituen jaialdia.

p055_f01.jpg

Oier GUILLANek GARA egunkarian idatzia:

Hatsaren urteurrenak izango du ordea, segidarik, ekainaren 7an omenaldia egingo baitzaio Lizarran, Nafarroako idazleek antolatu ohi duten poesiaren egunean.

Saturday, March 22, 2008

Lizarrako biltzarra



Duela bi urte Iruñean, iaz Agoitzen, eta aurten Lizarran: Poesiaren biltzarra eginen dugu ekainaren 7an, larunbatarekin, goiz eta arratsaldez, Lizarrako Gustavo de Maeztu museoaren egoitzan.
Hortaz eta beraz, poesiazale hori, eta bi hilabete baino gehiago falta direla jakinik ere, lerrootatik gonbidea egiten dizugu ekainaren lehen larunbat hori poesirako gorde dezazun eta Lizarrara ager zaitezen. Laster izanen duzu zehaztapen gehiago...

Wednesday, February 27, 2008

HATSAREN POESIAREN GUTUNA

Olerkari adixkidea,

Aurtengo Olerki liburuaren mamia eskuratua dugu. Oraikoan ere (10garren urte honetan) Euskal herri osotik, 100 bat parte hartzaile gara. Bilduma aurkeztua izango da Senpere Oxtikenean Apirilaren 6ean 12 etan Gero,bazkaria (Zikiro jate bat) iraganen da Senpere Amotz Larraldean. Prezioa 20 Euro. Bazkarirako, izenak nahi ditugu Martxoaren 29rako.

Martxoaren 10ean Iruñeko hiriak bai Nafar Ateneoak («Aspaldiku» Literatur Elkarteko kideen laguntzaz) antolatzen dute Poesia emanaldi bat Erraldoien Txokoan (Descalzos karrika 72), arratsaldeko 20:00etan. Hortan parte hartuko dute Idazleen eskolako kide zonbaitek, «Hondartza eta Whiskya» Iñaki Odriozolaren obra bat antzeztuz eta «Lastozko ihesgunetan» nire azken entzunikuskizuna ere, hor aurkeztua izango da.

Hona hemen informazio gisa Hatsa elkartean ezagutzen ditugun idazle batzuen elektroniko helbide (bloga) batzu (beste batzu balietz, bihotzez, erreferentziak zabalduko gintuzke).

Iruñean Martxoaren 10ean aurkeztua izango den ikusgarri poetikoaren publizitatea hemen dago: http://aspaldiku.blogspot.com

http://www.blogari.net/urkizuk?skin=pop (Patri eta Urtziren aurki bloga)

http://gorroto.mundua.com (egun hautan Mikelats-ek sortu duen gune literario berri-berria)

http://ostertza.blogspot.com (Janire Rodriguez-en idatz-lan iturri gunea)

http://idazten.com/ (Idazleen eskolako hainbat sortzaleen elkar-tokia)

http://www.nontzeberri.com/ (sorkuntza artistikoen berri emailea)

http://itxaurdi.blogspot.com/ (Josu Jimenez Maiaren bloga)

http://nafarhizkuntza.blogspot.com/ (Juankar Lopez-Mugartzaren bloga)

Adixkide Olerkaria,

Agur eta goraintzi beroenak zuri. Ikusi arte

Hatsa Elkartearentzat,

Auxtin

HATSAREN POESIARI BURUZKO INFORMAZIOA


Oxtikenea edo hatsaren poesia

"Hatsaren poesia" Nafar Poesiaren I. Biltzarrean