Thursday, February 9, 2012

Andu Lertxundiren aipu ederra


Errealitatearen ezagutza modu bat da poesia: horra ekintza poetikoaren eragin bat. Zehatzago esateko: beste ezeren gainetik, ezagutza modu bat da poesia. Ezagutza. Modu bat.
Prozesuan hartutako erabaki-multzo bat da obra artistiko oro, eta obra batetik bestera dagoen aldea bidean hartutako erabaki-multzoarena da. Orain idazten ari naizen testuak ez du zer ikusirik joan den hilean idatzi nuenarekin, ez bakarrik aurrez hartutako erabakiak (gaia, tonua...) desberdinak direlako. Prozesua ere aldatu egin da. Idazle batek ez daki nola taxutuko duen bere hurrengo obra. Hona eskarmentuz dakien bakarra: ordu arte idatzitako lan bakoitzak bere bizi propioa izan duela; prozesuaren une askotan prozesuak berak hartu duela protagonismoa, idazlearen beraren borondatearen gainetik.
Testu bakoitza hautaketa bat da, mila eta mila aukera baztertu beste erremediorik ez duen inausketa. Kutxa gotor bateko diskoari jira eta bira ari den lapurraren itxura du idazleak. Halako batean hots bat entzun du.
Kras!
Aurpegia argitu zaio idazleari.
Izendatzen ditugunak esnarazten saiatzea da idaztea, manifestatzeko duten erresistentzia gainditzea. Baina artistek, onenean ere, oso bakanetan asmatzen dute kutxa trinkoaren konbinazioa.

Lertxundi, A.; Eskarmentuaren paperak, 16. or. Alberdania, 2010

1 comment:

Marisa said...

"idatzitako lan bakoitzak bere bizi propioa du"-ela jakin nuenean konturatu nintzen ordenagailu aurrean jarririk tiki-taka, tiki-taka ari dena ez naizela inoiz ni izaten...(E!Baina ez esan inori, bale?)