Sunday, June 6, 2010

ASPALDIKU Elkarteko bi kide EIEko zuzendaritzan

ASPALDIKU elkarteko bi kide Euskal Idazleen Elkartearen zuzendaritzako kide izendatu zituzten iragan Batzar Nagusian. Berria ez genuen denbora hartan ez zabaldu, ez ospatu, Joxemielen ustegabeko heriotzak gure bihotzak guztiz hunkitu eta izoztu, hormatu eta gelatu baitzituen, dena dela, eta dolua erabat gainditu ez den arren, bada garaia Carmen Valois eta Josu Jimenez Maia elkartekideei gure zoriona helarazteko.

EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEAren lehendakari berria Ander Iturriotz da, ordiziarra, Fito Rodrigezen lekukoa hartzeko deitua izan dena. Carmenekin eta Josurekin batera, hauexek dira EIEko zuzendaritzan arituko direnak: Iñaki Friera eta Juan Mari Apaolaza.

ASPALDIKU elkartea sortu zen une beretik, gure elkartearen euskal arloak EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEAren babesa bilatu zuen, HATSA Elkartearena erdietsi nahi izan zuen bezala, periferikoak garelako eta bertzeen laguntza behar dugulako. Joxemiel bera ere EIEko zuzendaritzako kide izan zen eta bera zuzendaritzan zelarik ASPALDIKUk bere bigarren biltzarra ospatu zuen Agoitzen; orduan, Joxemielek parte hartu zuen hitzaldi bat emanez eta tailerra zuzenduz, beti ere EIEren izenean, EIEk biltzarrari sostengu osoa eman baitzion bai orduko hartan, bai eta ondorengo biltzarretan ere (izan ere, aurtengo biltzarra irailean egingo dugu eta EIEren aldetik bere sostengua ziurtatuta dugula esan digute dagoeneko, berri fresko-freskoa beraz).

EIE (Euskal Idazleen Elkartea) 1982an sortu zen eta egun 350 kide baino gehiago ditu, horietatik %10 nafarrak izanik, eta ez da gutxi, eta ez da zenbaki makala. Andolin Eguzkitza zuzendari zelarik, EIEko zuzendaritzan gure elkarteko bat izan genuen. Orain, bi... Hurrengoan, nork daki, agian hiru, gero lau, bost... Gure bazkide aukeratuei eta haiekin batera arituko direnei... Bejondeiela...!! Zoriontsuak izan daitezela...!!



Txomin Peillen, Aurtengo "Manuel Lekuona" Saria


(c) Zaldi Ero

Txomin Peillen idazle eta ikerlaria, Eusko Ikaskuntzaren 2009ko Manuel Lekuona Saria



http://www.euskosare.org/abangoardia/manuel_lekuona_saria_2009_txomin_peillen/?set_language=eu&cl=eu

MAIATZ aldizkariaren 50. alea * Itxaro Borda BERRIAn

Maiatz solas

Itxaro Borda

Urte oroz Maiatz aldizkariaren solasaldietan parte hartzeko gonbita eskuratzen dugu. Aurten ere ez du hitzorduak hutsegin.

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-05-12/004/003/maiatz_solas.htm

MAIATZ aldizkariaren 50. alea * Le Journal du Pays Basque

lejpb logoslogan

Les "Solasaldi" de l'association Maiatz partagent les expériences dites "minoritaires"


http://www.lejpb.com/paperezkoa/20100511/198734/fr/Les-Solasaldi-lassociation-Maiatz-partagent-les-experiences-dites-minoritaires

Saturday, June 5, 2010

Gerraren aurkako hitzak Gaztelu Plazan

Iruñeko Gaztelu Plazan Gerraren aurkako hitzak hedatu genituen, haizea lekuko.

Duela beredatzi urte hasi zen ekimen hau Liburu Feriaren abaroan eta, aurten ere xumea baina arrakastatsua izan zen.

Besteak beste, Jesús Lizano poeta akrataren poema bat entzuteko aukera izan genuen:

Soldadu ezagunaren balada

Soldadu ezagunaren balada.
Soldadu ezaguna baita.
Oso ezaguna baitzen.
Ederki ezagutzen zuten
galdu zuten horiek.
Zer esan nahi dute
soldadu ezezagunaren
aldeko oroitarriek?
Oso ezaguna baitzen.
Soldadu guzti-guztiak
oso ezagunak ziren.
Suntsitu zenuten horiei:
ez ezazue lore gehiagorik bidali,
zuek-zeuk baitzenuten
soldadu bihurtu, ezezagun bihurtu.
Soldadu ezaguna izanik!

Jesús Lizanoren liburu eder batetik aterea da, El ingenioso libertario Lizanote de la Acracia, Virus argitaletxea, iaz argitaratua Bartzelonan, gaztelaniaz. Liburuak dakarren CDan Jesús Lizano bera errezitaldi batean ikusteko aukera duzu.

Monday, April 26, 2010

Hatsaren Poesia 2010 Berriozarren

Iragan ortziralean, apirilaren 23an, Hatsaren poesia Berriozarren saio arrakastatsua egin zen Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira. Zorroka euskara elkarteko Pello Uhartek aurkezturik, errezitaldia egin zen Berriozarko liburutegian. Hatsaren Poesia 2010 argitaratu berri den liburuko poema batzuk gozatzeko aukera izan genuen.

Berrogeita hamar minutuko saio labur baina mamitsu horretan partaide izan ziren Josetxo Azkona, Jokin Irigoien, Fertxu Izquierdo, Josu Jimenez Maia, Naiara Sanchez, Mikel Taberna, Juankar Lopez-Mugartza, Carmen Valois eta Auxtin Zamora, Hatsa Elkarteko burua.

Azpimarratzekoa da, bestalde, Sanduzelaiko poeta gazte-gazte batzuek, Unai, Nora eta Maialenek, euren gelakideekin batera eginiko poemak irakurri zituztela.

Ezin ahaztu errezitaldi osoan Iranzu Baldo biolin jotzaileak eskainitako musika klasiko zoragarria. Euskal Idazleen Elkarteko Joanmari Apaolaza ere bertan izan zen, hala nola Berriozarko auzapeza den Xabi Lasa, saioari amaiera emateko parte-hartze ezin aproposagoa izan zuena.