Tuesday, February 9, 2010

Euskal Idazleen Elkartearen biltzarra Irurtzunen

Iragan larunbatean izan zen Irurtzunen Euskal Idazleen Elkartearen urteko biltzarra.



Argazkian ikus daitekeenez, idazle talde polita bildu zen Irurtzungo kultur etxean: Joxemiel Bidador, Joxemari Carrere, Jerardo Elortza, Igor Estankona, Juan Ramon Makuso, Patxi Zabaleta, Josu Iraeta, Xabier Mendiguren Elizegi, Fernando Morillo, Andres Osa, Fito Rodriguez, Andoni Sarriegi, Ander Iturriotz, Juankar Lopez-Mugartza, Castillo Suarez, Aitor Txarterina, Juan Mari Apaolaza, Sabin Oregi, Carmen Valois, Joakin Balentzia, Xipri Alberbide eta Josu Jimenez Maia.

Biltzarrean iazko jardueren oroit-idazkia onartu zen, hala nola heldu den urteko egitasmoak eta aurrekontuak. Gainera, Zuzendaritza batzordea berritu eta Ander turriotz lehendakari berria hautatu zen. Bestalde, Asel Luzarragaren askapenerako nahia eta harekiko uste ona eta konfiantza adierazteko eta harentzako errugabetasun presuntzioa aldarrikatzeko adierazpena onartu zen aho batez.

Biltzarraren inguruko informazioa BERRIAn, GARAn, Diario Vasco-n, Diario de Navarra-n eta EIEren webgunean bertan.

Tuesday, February 2, 2010

Kultur Zikloa Iruñazarran

Iruñaren bihotz-bihotzean, Iruñazarra ostatuan, kultur zikloa, bihar hasita.

Friday, January 29, 2010

Thursday, January 14, 2010

Joan Margarit-en gogoetak

Joan Margarit poeta kataluniarrari elkarrizketa mamitsua egin dio Oier Guillan-ek. Gara egunkariaren Mugalari izeneko gehigarrian argitaratu zen hilaren 8an. Tamalez, ez dago Internet-en eskuragarri eta horregatik elkarriketa horretatik ateratako pasarte batzuk, poesiaren zurrunbiloan ibiltzen garenontzako hagitz interesgarriak, ekarri nahi izan ditugu blog honetara, zerbait-zerbait moldatuta.

Nire ustez inspirazioa existitzen da, beste gauza bat da pertsona batek zer nolako gaitasuna duen inspirazio horrekin poema bat egiteko.

Inspirazio datorkionean, poetak egin behar duen lehendabiziko kontua hauxe da: soilik bereak diren gauza horiek guztiak kentzea, horiek ez baitzaizkio inori interesatzen.

Poema batean guzti-guztia sartzen duena, irakurtzea irakurlea axolagabe uzten duten elementuak barne, poeta txarra da. [...] (Poeman) zureak izanik besteenak ere badiren gauzak bilatu behar dituzulako, sobera dagoen informazio pertsonal guztia bazter utzita: orduan izanen da (poema) unibertsala.

Poeta ahal den moduan iristen da poemara, edozer eginen luke poema on bat erdiestearren. Nire kasuan bilaketa horrek hobeto funtzionatzen du gertaera zehatzei heltzen diedanean [...]

Poesia deritzogun prozesuak hiru oinarri ditu: poeta, poema eta irakurlea. Poema partitura da, poeta konposatzailea, eta irakurlea kontzertura doana. Hor sartzen da interesgarria den aldaera bat: irakurleak bere instrumentu propioa du eta berak interpretatzen du partitura. Horretarako instrumentu hori afinatu beharra dago, ez baitoa kontzertua entzutera, interpretatzera baizik. Horregatik dago irakurle gutxi poesian, ahalegin bat eskatzen duelako. Hortik dator poesia azken miserikordia etxea dela esatea.


Bestalde, Joan Margarit-en liburuak besapean hartuta Barcelonara joan denik ere bada, Barcelonan barnako bidaia poetiko -edo- egiteko asmoz.

Tuesday, December 22, 2009

Txomin Peillenek Manuel Lekuona saria irabazi du

Olentzero aurreratua: Txomin Peillen idazleak Manuel Lekuona saria eskuratuko du Eusko Ikaskuntza-ren eskutik.

Mende joanaz poesia liburua argitaratu zuen Maiatz argitaletxean, baina, batez ere, nobela, dibulgazioa, saiakera eta beste hainbat genero landu du.

Gogoratu, bestalde, aurten ere Euskal PEN Klubaren saria jaso duela "euskal kulturaren eta adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik."

Informazio osagarria: BERRIAn eta GARAn.

Saturday, December 12, 2009

Nabarralde saria Jean Louis Davant olerkariarentzat


Jean Louis Davant-ek jaso berri du lehen Nabarralde saria. Euskaltzaindiaren webgunean iragarri bezala, olerkari zuberotarrak estrainekotz jaso du saria, Nabarralde elkartearen eskutik.

Aitzakia ederra Ürrüstoi-Larrabil-eko idazlearen olerki zahar eder batzuk berriz irakurtzeko.

Ia-ia duela hogeita hamar urte idatzi zuen lehen olerki liburua, Makila Gorria. Tamalez, Elkar argitaletxearen liburu hori ez dut eskuartean, lagun bati utzia edota oparitua, segur aski. Zorionez, liburu zoragarri horretatik olerki gustukoenak jaso nituen kartoizko fitxa pare batean, arkatzez zirriborratuak, orain dela hogei urte baino gehiago. Horietarik bat bederen, ekarri nahi dut orain blog xume honetara, idazle zuberotar handi hau, gure xumean badere, omentzeko.


Nafartarren gain nigar, oi zuk Lauaxeta!
Baina gerlan harturik, euskaldun poeta,
Lorca-ren adiskide, Franco-k berehala
Fusilatu zaitu, bestea bezala!

Makila gorrian agertzen diren beste hainbat eta hainbat olerki ditut jasoak:

Etxea dut aberria
Euskara dut amerria
Arima gabeko egoitza enetzat hilerria
Euskaraz ari den Euskadi, hura Euskal Herria!

Ikus daitekeenez, azken hilabeteotan hitzetik hortzera dabilen amerria hitza ez al diogu J.L. Davant-i zor?

Amaitzeko, Makila Gorria liburuan aurki daiteke beste zuberotar gogoangarri bati egindako olerki ederra, Agosti Xaho-ri izeneko olerki ederra, beste zuberotar handi horren omenez idatzia. Bidenabarkoan, ez al da laster beteko Xaho jaio zeneko bigarren mendeurrena? Zerbait egin beharko litzatekeelakoan nago..


.

.

Thursday, November 26, 2009

HATSA elkartearen ageri bat

Adixkide olerkaria

Aurten ere, elgarrekin agertzen dugun "Hatsaren Poesia", olerki bildumaren abentura oraino, 12 garren aldi batez bidean eman nahi ginuke. Jadanik olerki batzu eskutan ditugu.

Aldi oroz bezala itxaropen haundi batekin pentsatzen dugu zure parte hartzeak ez digula hutsik egingo. Badakigu, poesia munduan, ez litaikela mugarik eman behar, baina materialki ezin bertzean, olerkien bidaltzeko epe bat finkatu dugu, hau da, Urtarrilaren 30 a. Beraz oraino bi hilabete baditugu erloiaren orratz haundia orratz ttikiarekin loturik ikusteko !

Aurten ere agertuko ditugu, eskoletan, taldeka idatzitako olerkiak.

Ni, oraino gerturik nago tailer batzuen laguntzeko.

Bestalde, jadanik aipatu dugunari jarraikiz, aurtengo "Hatsaren Poesia" eguna, apirilaren 11a iraganen da Senpereko Larraldean eta "Hatsaren Poesiaren Egun ibiltaria" Berriozar-ren, Nafarroan, Apirilaren 23an.

Beste behin batez, gu guzien erdian, Poesiak egin beza bide !

Goraintziak zuri, olerkari adixkidea, eta egon ongi !

Hatsa elkartearentzat:
Auxtin

P.S. "Maite ditugun olerkariak" saila jarraitzen du. Ez baduzu oraino
parte hartu, egun batez zure ikustearen
mentura beti bihotzean atxikitzen dugu