Monday, January 10, 2011

HATSA elkarteak bere bloga

Urte berri blog berri...

Olerkari  laguna,

Apirilaren 2 an,  egituratu nahi  den ,  "Olerkarien eguna" , aski aurretik  moldatzeko , Blog baten helbidea ,hona hemen :



Denon parte hartzea , indibidualki edo taldeka ezin preziagarria litaike.Pasa mezua !

Bertzalde,  2011 ko ''Hatsaren Poesia'' bilduma,  egunetik egunera osatzen ari da, oroitarazten dugu,testoen igortzeko epea: Urtarrilaren 31 arte dela.

Tailerreri dagokionez , Juanma Sarasola , Bernat Etxepare  eta Larzabal Ikastetxeko  ikasleekin  bai eta  Marisa Arruabarrena , Orio-ko Instituko gazteekin   gerturik dira aurten  Poesia lantzeko eta Bilduman parte hartzeko

Goraintziak denoi !

                  Hatsa elkartearentzat
                              Auxtin

Monday, January 3, 2011

Marisa Arruabarrena Elizalde olerkariaren egutegia

25a iritsi zela eta
Ekainaren 25a iritsi zen,
hura ere pasa zen.

Uztailak 9 ditu.
Primeran,
dena espero bezala.

Abuztuak 2
Lan berriak, adi!
Radioak erretzen zaitu
bai barrutik
eta
baita kanpotik.

Urtarrilean hasita
barrendik kiskali zintuzten.
Eguzkiaren hilabetean,
aldiz,
kanpotik.

Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke.

Azala belztuta
formak galduta
eta hala ere
munduaren jabe.
Irailera iritsi gara
bai 2ra
eta
baita 9ra
eta jakina,
Kontxa gurea dugu.

Elkar besarkatu.
Orain arte eman gabekoak
nabaritu,
askatu,
hartu,
sentitu,
gozatu,
errotu,bizitu…

Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke

Urriak 26
notizia onak.
Besterik ez.
Bilboko PET,
oraingoz deusez.

Azaroak 26
Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke.

Lasaiago nago,
bai badakit.

Hala ere,
oraindik,
inork ikusten ez nauenean,
isilka, ezkutuka
egiten dut negar.

Bai, malkoak aldatu dira.
Ez, hauek ez dira
garratzak,
mikatzak,
mingotsak...,
zorionez.

Bai, malkoak aldatu dira.

Hauek, zorionez,
gozoak eta eztiak
dira.

Baina
malko izaten jarraitzen dute.

Ezin dira geldirik egon,
irten beharra daukate.

Eta zenbat maite zaitudan pentsatzean,
dantzan eta jirabiran
ur-jausi moduan
uholde tamainan
ari dira
kartzelan dagoenaren itxuran
ihes egin nahian.

Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke.

Agian, azkenean,
hau irakurtzean
jakingo duzu …

ZER?

Ba, hori:

ZENBAT MAITE ZAITUDAN!!!


07-11-26

Karmele Igartua eta Tere Irastortza, Joakin Balentzia eta Josurekin, Hatsaren Poesiaren omenez



Ur goiena, ur barrena... argazki zahar batzuk... Karmeleren omenez...

http://picasaweb.google.com/jkmugartza/HATSARENPOESIARENOMENEZ# 2008/03/10

Karmele Igartua eta Carmen Valois, Iruñean, Hatsaren Poesiaren omenez





Karmele, urte berri... ura, sua, haizea..

Monday, December 27, 2010

TK aldizkaria, karrikan da (22. zenbakia)

Nafarroako Liburuzainen Elkarteak 2010eko abenduko zenbakia plazaratu du berriki. Joxemiel Bidadorri eskeinitako alea da. Oso ongi argitaratutako aldizkaria da... Hatsaren Poesiaren antzera, aldizkaria baino liburu bat dirudi.

Bertan hainbat idazle nafarren iritziak jasotzen dira "Euskaraz idaztea Nafarroan" gaiaz. Hona hemen iritzi horietako batzuk:

* Anjel ERRO : "Nafar idazle baten lana "saritua" izan denean, Nafarroatik kanpoko instituzio batek egin du (dela publikoa, Euskadi Sariak bezala, dela gutxi gorabehera akademikoa, Kritika saria bezala, edo dela guztiz ekimen herrikoikoa, orain gutxi irakurle talde batek martxan jarritako 111 akademia)."

* Patxi LARRION : "Idaztea, idaztearen ekintza ezer bada, jarduera pertsonala da, baina, plazarik gabe nekeza egin ohi da, eta hau idazten duenak birtuala baino haragizko plaza nahiago."

* Jon ALONSO : "Honez gero ez dut uste inork, fundamentu pixka batekin arituz gero, uka dezakeenik euskal idazleen bazterketaren oinarrian bulkada politiko dagoenik. Euskarazko edozein manifestazioaren aurka dagoen bulkada berbera. Nafarroako bizitza publikotik -hartaraz gero, pribatutik ere bai, baina horrek ez du hainbeste inporta- euskara desagerrarazten tematzen den jende horren bulkada ezagun hori."

* Josetxo AZKONA : "Beraz, euskarak gure lurraldean dituen hiztun-kopuruari erreparaturik -aski urria bera, gehienez jota, populazioaren %12-, errateko gisan gaude halako idazle multzo trinkoa badela gure lurraldean. Gabeziak gabezia, euskal letren jarraitasuna ez da eten Nafarroan, ez horixe !"

* Aingeru EPALTZA : "Handia da, gero. Iruñean, urrikalmendu begiradak sumatu izan ditut neure burua euskal idazle gisa aurkezturik. 'Nora hoa, gizagaixo hori, lau katuk ere erabiltzen ez duten hizkuntzan idazten !'"

* Inma ERREA : "Nafarroan gertatzen ari dena da horren adibide. Agintariek ez dute nahi euskarak aurrera egitea, eta horretarako klase orotako trikimailuak baliatzen dituzte. Esaterako, literaturaren alorrean, euskaraz idazten dugunok ikusezin bilakatzen saiatzen dira, baina horrekin ez dute lortzen gaztelaniazko literaturari bultzada ematea Nafarroan. Besteak beste, gaztelaniaz idazten duten idazle nafar asko ez direlako euskararen arerio, eta hori, euskal kulturaren arerio ez izate bera, baztertua izateko arrazoia bilaka daiteke Nafarroan. Penagarria da hizkuntza bati herra erakustea, penagarria, itogarria eta antzua."

* Josu JIMENEZ MAIA : "Adierazgarria den beste adibide bat. Iaz Iruñeko Pamiela argitaletxeak atera zuen Siete Poetas Vascos liburuan, Jose Angel Irigarai handiak apailaturiko liburua, Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Jon Gerendiaga, Tere Irastortza, Xabier Lete, Xabier Montoia eta Joseba Sarrionaindiaren liburua ezagutzen al dute Nafarroako poeta erdaldunek? Irakurri dute? Lepoa eginen nuke ezetz. Eta ele biz egin zen antologia hura.

* Joakin BALENTZIA :

Ezagutzen ez duena gaitzesten duen horri
eskaini nahi diot
ene hitz arrotz hau,
apalki, badaezpada ere,
ulergarri ere bai,
ez nahasteko moduan;
itzultzaile iaioak direnez gero,
ene berba barbaroak
egokituo dituztelakoan nago:
ni hemengo naiz,
jaiotzez, legez,
bihotzez, gorputzez,
ametsez, heriotzez,
hauxe da ene lengoaia propioa,
odolez egindakoa
mende anitzetan zehar;
zu mintzatzen hasi baino lehen
hemen nengoen ni,
hiztun, sinestun,
ene mito eta jainkoekin,
bakean,
lurralde lau eta malkar hauetan,
lagunen artean,
solas, maitasuna egiten,
noizbait itsasoari
baina beti eguzkiari so
ama lurrarekin loturik;
baina zuk, ezagutzen ez duena
erdeinatzen duen horrek
ez duzu ikasi nahi
orain dudan kezka guztia
bihotzean, gorputzean,
heriotzan, odolean,
eta nire lengoaia berezi eta zaharra
arbuiatzen duzu
modu basati batez,
eta ez dugu elkar ulertzen jakina;
zure hizkuntza ikasia dut
halabeharrez, nahitaez,
baina zuk, berriz, nirea ez,
eta elkar joka gabiltza aspalditik:
otoitz egin dezagun,
edozein hizkuntzatan,
jainkoren batek gorde gaitzala
bion bihotza,
herioak aginduta,
izoztuta ez geratzeko.


Wednesday, December 22, 2010

Euskal Poesia Nafarroa Garaian... non argitaratu ??

Euskal literatur aldizkarien kontuetan Nafarroa Garaian ez dugu deus... basamortu bat da... baina basamortuen kontuan ere, basamortuak eta basamortuak badira... eremu soildua da gurea... urik gabeko basamortua (basamortuetan ohikoa den bezala), noizbait ur putzu ugariak zituena eta Korrok aldizkariaren garaian itsaso bat izan zena (itsaso zabal bat, beti itsaso hitzari "zabal" adjektiboa erantsi ohi baitzaio).

Nafarroako basamortu honetan urik ez dago eta ura ekartzen baduzu kantinplora kentzen dizute, basamortu honetara ura ekartzea debekaturik baitago. Nazka eta guzti ematen du.

Gauzak honela... Aspaldikukook behin baino gehiagotan galdera hauxe egin diogu geure buruari: Nafarroa Garaiko olerkari batek ba al du olerki solte batzuk argitaratzerik Nafarroa Garaian literatur aldizkaririk ez dagoela kontuan harturik ?

Arazoa, agian, ez da horren larria eta aldizkaririk ez izateak beste problema batzuk konpon ditzake, adibidez, kalitate txarraren auzia. Izan ere, zure olerkiak oso txarrak badira, hobe da ez argitaratzea, herriak eta euskarak eskertuko dizu. Baina ez argitaratzea aldizkaririk ez dagoelako, non argitaratu ez dagoelako... hori ez dun/duk bidezkoa...!! gure hizkuntzaren aurkako erasotzat hartzen dut nik. Finean, edozein idazlek izan beharko luke eskubidea nahi lukeen guztia plazaratzeko, txarra izan edo ona izan, berdin zait, beste gauza da, jakina, ea irakurleak irakurriko dizuten edo ez... baina hori beste kontu bat da.

Baina, argitaldaririk ez badago, argitalpenik ere ez, eta, aldiz, euskararen kontra dagoen kultur politika bat baldin badago, hain zuzen ere, galerazteko euskal aldizkariak sortzea, orduan, zer egin ? Nafarroa Garaiko euskal prentsa ito nahi dute... euskal aldizkari (Guaixe...), irrati (Xorroxin, Beleixe... Euskalerria Irratia...!! - irrati honen kasua lotsa emateko modukoa da, baina aurpegihandi jetapalo hauek ez dira, ez, inolaz ere lotsatzen) eta telebistak (Ttipi-ttapa)... gure espresabide guztiak arazoek itota dauzkate, diru laguntzarik gabe, oztopoekin eta trabekin alde guztietan...

Nafarroako Admistrazioak gure prentsarekin honen zikin eta zeken jokatzen badu, nola jokatuko du beste era batera gure kulturarekin, gure literaturaren, euskal literaturaren alde... ? Haiei euskal literatura bost axola zaie... (ezta bost ere...!)... euskal abizena duen guztia gorrotatzen dute... euskal poetak ? zoaztela Euskal Herrira ! (Nafarroatik kanpo esan nahi dute ezjakin horiek, Aspaldikukook ongi dakigun bezala... izan ere, Tuteran master bat eman ziguten... "euskaldunegiak" omen ginelako.)

Baina, berriro ere...

Olerki gutxi batzuk argitara eman nahi badituzu, ideia solte baina (zure iritziz) garrantzitsu batzuk komunikatzeko beharra baduzu eta Nafarroa Garaian bizi bazara... non argitaratu...?

Hatsa aldizkariak poesian betetzen du hutsunea... eta Maiatz aldizkariak, poesiaz gainera, euskal literaturaren gainerako alorretan ere... Lapurdi, herrialde txikia... baina literaturaren aldetik hagitz handia... Nafarroa Garaia bera ere baino handiagoa... Lapurdik arintzen digu Nafarroa Garaian sentitzen dugun mina... neurri batean Euskal Herri osoa da Nafarroa eta, hori dela eta, Senpere eta Baiona dira Aspaldikukoontzat Nafarroako hiriburu literarioak. Eta, horregatik, baztertu dugu aldizkari bat sortzeko ideia... gainera, agian, ez genukeen lortuko.

Joxemiel Bidador, poeta, Hutseaniko hazkurria, Pamielaren eskutik


Joxemiel Bidador, Pamielaren eskutik !!

Kaixo Joxemiel... ez nekian zeruan ere idazten ariko hintzenik... jakina! leku bat baldin badago aproposa eta gozoa idazteko hori zeruak behar dik !! Ba, zer esan, mila esker Olentzero baihintzen ekarri diguan gabonetako opari polit honengatik... irakurriko diagu, ez zalantzarik izan !!

Hutseaniko hazkurria eta beste

http://www.pamiela.com