Tuesday, December 22, 2009

Txomin Peillenek Manuel Lekuona saria irabazi du

Olentzero aurreratua: Txomin Peillen idazleak Manuel Lekuona saria eskuratuko du Eusko Ikaskuntza-ren eskutik.

Mende joanaz poesia liburua argitaratu zuen Maiatz argitaletxean, baina, batez ere, nobela, dibulgazioa, saiakera eta beste hainbat genero landu du.

Gogoratu, bestalde, aurten ere Euskal PEN Klubaren saria jaso duela "euskal kulturaren eta adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik."

Informazio osagarria: BERRIAn eta GARAn.

Saturday, December 12, 2009

Nabarralde saria Jean Louis Davant olerkariarentzat


Jean Louis Davant-ek jaso berri du lehen Nabarralde saria. Euskaltzaindiaren webgunean iragarri bezala, olerkari zuberotarrak estrainekotz jaso du saria, Nabarralde elkartearen eskutik.

Aitzakia ederra Ürrüstoi-Larrabil-eko idazlearen olerki zahar eder batzuk berriz irakurtzeko.

Ia-ia duela hogeita hamar urte idatzi zuen lehen olerki liburua, Makila Gorria. Tamalez, Elkar argitaletxearen liburu hori ez dut eskuartean, lagun bati utzia edota oparitua, segur aski. Zorionez, liburu zoragarri horretatik olerki gustukoenak jaso nituen kartoizko fitxa pare batean, arkatzez zirriborratuak, orain dela hogei urte baino gehiago. Horietarik bat bederen, ekarri nahi dut orain blog xume honetara, idazle zuberotar handi hau, gure xumean badere, omentzeko.


Nafartarren gain nigar, oi zuk Lauaxeta!
Baina gerlan harturik, euskaldun poeta,
Lorca-ren adiskide, Franco-k berehala
Fusilatu zaitu, bestea bezala!

Makila gorrian agertzen diren beste hainbat eta hainbat olerki ditut jasoak:

Etxea dut aberria
Euskara dut amerria
Arima gabeko egoitza enetzat hilerria
Euskaraz ari den Euskadi, hura Euskal Herria!

Ikus daitekeenez, azken hilabeteotan hitzetik hortzera dabilen amerria hitza ez al diogu J.L. Davant-i zor?

Amaitzeko, Makila Gorria liburuan aurki daiteke beste zuberotar gogoangarri bati egindako olerki ederra, Agosti Xaho-ri izeneko olerki ederra, beste zuberotar handi horren omenez idatzia. Bidenabarkoan, ez al da laster beteko Xaho jaio zeneko bigarren mendeurrena? Zerbait egin beharko litzatekeelakoan nago..


.

.