Monday, April 27, 2009

José Luis Allo Falces-en liburu berria


José Luis Allo Falces poetak liburu berria aurkeztu berri du: De la ceniza y otros bienes perecederos du izena eta sorterrian, Milagron, iragan den ortzegunean aurkeztu zuten Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira.

Saturday, April 25, 2009

Zulo Poetiko arrakastatsua

Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara, herenegun errezitaldi poetikoa egin genuen Berriozarko liburutegian. Aspaldiku eta Zulo Alai Elkartearen elkarlanaren fruitua izan dugu ekimen hau, Berriozarko elkarte hori ospatzen ari den 25. urteurrenaren baitan antolatua: izan ere, hortik asmatu genuen "Zulo Poetiko" izena.

Ekitaldian poemak eta musika-piezak uztartu genituen. Musika klasiko-pieza laburrak zoragarri ederki interpretatu zituzten hiru neska gaztek, Leire Alonso Allué, Saioa Alonso Allué eta Maialen Zabalzak. Zalantzarik gabe, oso ederra izan zen poemak eta musika-piezak tartekatzea eta entzuleek biziki eskertu zuten.

Errezitaldian parte hartu zuten poetak honakook dira: Mikel Balentziaga, Santi Elso, Auxtin Zamora, Ana Estepa, Juankar López-Mugartza eta Josu Jimenez Maia. Bina poema errezitatu zuten lehenbizi, baina jendea gustura zegoenez, bigarren aldiz errezitatu zuten poema bana. Ekitaldiko aurkezlea Pello Uharte Orotz izan zen, Zulo Alai Elkarteko kidea eta Zorroka euskara taldeko presidentea, eta hogeita bost lagun baino gehiago bildu ziren poemak eta musika piezak gozatzeko.




Bukatzeko, aipatu nahi dugu Berriozarko liburuzainek eta kultur koordinatzaileak egindako lana ekitaldi hau arrakastatsua suerta zedin: haiei eta aldez edo moldez lagundu duten beste guztiei bihoazkie gure eskerrik beroenak.

Wednesday, April 15, 2009

Zulo Poetikoa Berriozarren

Hilaren 23an, ostegunarekin, Zulo Poetiko izeneko errezitaldia eginen dugu Berriozarko Liburutegi Publikoan.

Dakizukeenez, Shakespeare eta Cervantes hil omen ziren apirilaren 23 jakin batean eta, horren harira, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Iaz, apirilaren 23a hautatu genuen Muxugorri liburuaren aurkezpena egiteko eta aurten, aldiz, errezitaldi poetiko hau egiteko. Aurtengo ekitaldian musika klasiko piezak eta poemak uztartuko dira.

Izenaren bitxiak ere badu azalpena: Berriozarko Zulo Alai Elkartearen eta Aspaldikuren artean antolatua da eta poeta horietarik batzuk Zulo Alai Elkarteko kideak dira: hortaz Zulo Poetikoa.



Informazio gehiago Eguzki Plaza albistegi digitalean.

Tuesday, April 14, 2009

Idazleen Biltzarra Saran


Atzo, apirilak 13, Idazleen Biltzarra - Biltzar des écrivains ospatu genuen Sara herrian. Pazko astelehena izanik, mugaz bi aldetako idazleak eta poetak biltzeko parada izan genuen. Giro ederra, liburu anitz eta askotarikoak, eta Herria astekariari omenaldia: 3000 zenbaki eta 65 urte ez dira kopuru makalak

Poesiari dagokionez, alde batetik, Maiatz aldizkariaren zenbaki berria eskuratzeko aukera izan genuen Lucien Etxezaharretaren eskutik; bestetik, Auxtin Zamora-ren azken lana: Zernahi izan eta ere... azken lan hau saiakera eta poesiaren arteko lana dugu, zedarritzen edo sailkatzen zaila izanik.

Orobat, horrelakoetan gertatu ohi den gisara, idazle handi-handiak bertatik bertara izatea profitatu behar da, Durangoko Azokan baino askoz ere lasaiagoa den giro batean. Hor zeuden, besteak beste, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant...

Informazio zabalagoa:

Tuesday, April 7, 2009

Hatsaren Poesia Eguna 2009

Euskal herriko lau hegaletatik etorri 40 bat olerkari bildu ginen beste behin batez Senperen, 11garren aldi honetan elgarrekin Hatsaren Poesia Eguna ospatzeko.

Erran gabe doa, Gazteizera zenbaki handian joan diren korrikalari-poeteri, baita ere gure ondoan ezin izan zitezkeen guzieri inkonzienteki lotu girela. Guzi horien artean pentsatu dugu manera berezi batez: Iratxe Arrozpide eta Urtzi Urkizu, beren Malen deituko duten umetxo ttikia, garai honetan egun batetik bestera sortzearen zain direneri; Juankar Lopez-Mugartza Iruñean Korrika egitean zauritua izan denari; Gabriel Korta-Rekarte eta Daniela Pilote eriturik etxean egon direneri; Ainara Maia, Txekian, gure artean ez izaiteaz sakonetik sofritzen aritu denari; Elizabet Mackling New York hirian; Andoni Iturrioz Parisen, Juanmari Irigoien Almerian, Luigi Anselmi Bartzelonan; Hasier Larretxea Madrilen; Ainara Sanchez, Mikel Saumel,Julen Azpeitia, Aritz Gorrotxategi urrutira joaitea behartuak izan direneri... Oroitu gira ere manera berezi batez aurten beste mundu batera joan diren gure bi olerkari famatuez Xabier Iratzeder, eta Mikel Laboaz: hauen bien omenez hor ditugu bi olerki, liburu berrian: Eukene Lizeaga Tamayok eta Peio Jorajuriak idatziak. Halaber, Graxi Solorzano-k olerki bat idatzi du Xabier Iratzederre-z, eta Janire Rodriguez-ek Gotzon Garate-z.

Bizia horrela doa, ezin dezakegu presente izan hamaika tokitan, funtsean ez bietan ere, baina guzien lekukotasun bezala Hatsaren Poesia 2009 urteko bilduma hemen dugu, nunbait, birtualki bederen elgarren kontsolatzeko.

Hamaikagarren bilduma honek ez du aintzinekoeri deusik zor, oraikoan ere 100 bat idazleek parte hartu dute bat banazka, bai eta 200 bat haur eta umetxok taldeka.

Aurtengo olerkari berrien izenak hona hemen: Berta Alcalde, Gorka Azkarate, Haltsuko Eskolakoak, Karmele Igartua Bengoa, Paxkal Indo, Jokin Irigoien, Fertxu Izkierdo, Edurne Marin, Naiara Sanchez-Inda, Senpereko Eskola publikokoak eta Zumaiako Institutukoak.


JosAnton Artzek, Usurbileko gure olerkari lagunak, idatzi du sar-hitza eta, artetik errateko, datorren urtekoa badakigu Koldo Zubeldiak idatziko duela.

Liburuari loturik diren munta haundiko bi gai azpimarratu ziren:

Lehenik, gizatasunezko bizi bat eman behar zela, olerki eta olerkarieri. Duela bi urte "Maite nahi ditugun olerkariak" Edu Zelaieta, Juanma Sarasola, Urtzi Urkizu, Juan Ramon Makuso, Belen Oronos, Ainara Maia, Oier Guillan, Idoia Beratarbide, Zigor, Itziar Gomez. Koldo Zubeldia, eta Juankar López-Mugartza-rekin hasi saila, nahi dela aurten ere segitu , pentsatuz datorren hilabeteetan, Peio Jorajuria, Jose Mari Zendoia, Carmen Valois, Xabier Soubelet gomiatuak izanen direla, beraiekin egun goxo bat pasatzeko.
Bistan da , Hatsaren Poesia liburuan parte hartzen duten guziak nahi direla egun batez gomitatuak bezala ikusi, eta hori, nor beraren mundu poetikoa gehiago ezagutzeko, sentitzeko, azken finean poesiaren arimak behar duela gizakiekin topo egin.

Bigarrenekorik, haur eta gaztetxoekin xumeki egiten den lana aipatua izan zen Literatura eskoletan ikasten bada, bai eta poesia ere literaturen programazioetan sartzen; hala ere, erakasle gutxi da , ikasletxoak olerkiak landu edo idaztera uzten duenik. Ez da harritzeko gero toki askotan "Poesia hila dela" leloa entzuten dela. Hemen nahi ditugu publikoki omendu: aurten eskoletan olerkiak idaztera utzi eta lagundu dituzten erakasleak : Marisa Arruabarrena, Zumaiako Institutoan; Maite Bergara eta Irene Ithursary, Bernat Etxepare Ikastetxean; Belen Oronos , Hondarribian; Mikel Zelestino eta Joxean Ortega, Igantziko Eskolan; Jacqueline Boutin, Senpereko Eskola publikoan; Beronika Zamora, Senpereko eskolan. Bai hemen ere, erranen ginuke poesiaren arimak behar duela haurtasun izaerarekin topo egin .

Ttotte Iratzokik Mixel Mendiren laguntzarekin prestatu apairua, jangura onez preziatua izan zen , Angela, Bittori Jeanine, Maria Helena eta Beronika zirelarik biziki lerden gu denak zerbitzatzeko. Bazkaldu eta gero, elgarren olerkiak irakurriak izan ziren, bat bederazka: ziradazko, umorezko edo sakonezko giro kontzentratu batean, Extefana Irastorza-k bere 80 urte eta pikoekin olerkari guziak abesti bat kantatzera bultzatzen gintuelarik.
Argazki bilduma

Eguna bururatu zen lau bideo-projekzio ikusiz:

  • ((H)abiapuntua) , Ainara Amaia-ren emaitza bat sentimentalezko zauriez gaindizka azaltzen dena
  • Mikel Laboari omenaldi bat, ez aspaldi zendu den abeslari maitagarriari eskainia. Olerki sakon eta oso poetiko batekin Eukene Lizeaga-Tamayo-k asmatu duena
  • Haur hautsia Oier Guillan eta Idoia Beratarbide-k elgarrekin sortu bideoa, nun talendu hunkigarri batekin , bai tinduz bai hitzez ikusten den itxuratu haur baten aurpegiaren bide dramatikoa… estetismo arraroz josia.
  • Lastozko ihesgunetan nere olerkitxo eta argazkien ezteiak. Beharbada biziaren besta serios bat idurikatzen duena


Igandean Senperera etortzerik izan ez dutenek liburua eskuratzeko aukerak:
  1. Sarako idazleen biltzarrean, Bazko astelehen honetan, apirilaren 13an.
  2. Herri Urrats Egunean, Sanperen, maiatzaren 10ean.
  3. Iparraldean duzuen lagun baten etxean ale bat utz genezake.
  4. Senperen nahi duzularik: hitzordu bat finkatu ondoren: telefono zenbakia: 05 5954 1143; eta Hegoldetik deitzen diuzuontzat: 0033 559 54 11 43 edo posta elektronikoz.
  5. Postaz Iparraldetik urruti xamar bizi bazarete: horretarako, zuen egoitzaren helbidea behar dugu jakin.