Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara, herenegun errezitaldi poetikoa egin genuen Berriozarko liburutegian. Aspaldiku eta Zulo Alai Elkartearen elkarlanaren fruitua izan dugu ekimen hau, Berriozarko elkarte hori ospatzen ari den 25. urteurrenaren baitan antolatua: izan ere, hortik asmatu genuen "Zulo Poetiko" izena.
Ekitaldian poemak eta musika-piezak uztartu genituen. Musika klasiko-pieza laburrak zoragarri ederki interpretatu zituzten hiru neska gaztek, Leire Alonso Allué, Saioa Alonso Allué eta Maialen Zabalzak. Zalantzarik gabe, oso ederra izan zen poemak eta musika-piezak tartekatzea eta entzuleek biziki eskertu zuten.
Errezitaldian parte hartu zuten poetak honakook dira: Mikel Balentziaga, Santi Elso, Auxtin Zamora, Ana Estepa, Juankar López-Mugartza eta Josu Jimenez Maia. Bina poema errezitatu zuten lehenbizi, baina jendea gustura zegoenez, bigarren aldiz errezitatu zuten poema bana. Ekitaldiko aurkezlea Pello Uharte Orotz izan zen, Zulo Alai Elkarteko kidea eta Zorroka euskara taldeko presidentea, eta hogeita bost lagun baino gehiago bildu ziren poemak eta musika piezak gozatzeko.
Bukatzeko, aipatu nahi dugu Berriozarko liburuzainek eta kultur koordinatzaileak egindako lana ekitaldi hau arrakastatsua suerta zedin: haiei eta aldez edo moldez lagundu duten beste guztiei bihoazkie gure eskerrik beroenak.
Saturday, April 25, 2009
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment