Saturday, September 26, 2009

Lagunarte goxoa Senpereko Larraldean Peio Jorajuriarekin

Argazkia: EKE - Maite Deliart

Iragan da Peio Jorajuriaren eguna. Olerkiak, historia, sorginak, inkisizioa eta beste mila perpausa izan dira mintzagai eta entzungai Lapurdiko zoko maitagarri honetan. Mendian ibili gara Zugarramurdiko Kanpandorreko mendian, edo "Kanpandoa" mendian, Nafarroako mapetan izendatua den bezala. Arratsaldean, olerki saioa izan da, Peioren emazte Dominika bertan izan da, berarekin batera, Auxtin, HATSA elkarteko alma mater-a, eta Hatsaren lagunak. Giro benetan ederra gaurkoa... etorkizuneko mila proiektu berrien sorburu eta abiapuntua.

Izan ere, HATSAREN POESIAren egun ibiltari bat antolatzeko ideiari gorputza eman zaio gaur. Heldu den urteko HATSAREN POESIAren eguna izan ondoren ( Senpereko Larraldean, ohi bezala ), beste egun berezi bat antolatu nahi du Hatsak Senperetik kanpo. Hatsak bere sustraiak ongi errotuak ditu Senperen baina bere enborraren adarrak Euskal Herriko herri guztietara zabaltzen ditu eta heldu den urtean, Nafarroa Garaiko Berriozar herriraino iritsiko dira.

Honela, ekimen berri bati hasiera emanen dio Hatsa Elkarteak: Berriozarren hasiera batean, agian Bergaran beste urte batean, edo Bizkaian, eta honela hemendik aurrera, Euskal Herrietako herrialde guztietara zabalduko da HATSAREN POESIAREN EGUN IBILTARIA.

Ohi bezala, Senperen bilduko gara denak, baina, urtero, Euskal Herriko txoko ezberdin batean biltzeko aukera izanen dugu... Lapurdin, Behe Nafarroan, Nafarroa Garaian, Zuberoan, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta, berriz ere, Lapurdin, Behe Nafarroan eta... Euskal Herri osoa olerkiz bete arte.

NAFARROARI

Nafarroa
Nafarroa gurea, hain maitatua
Oi Nafarroa
Zure lurra da gure odola
Zure herriak gure bihotzeko taupadak
Zure ibaiak gure zainak
Zure oihan ta mendiak gure hatsa
Oi Nafarroa
Zu, gure iturri gozoa.

***

Nafarroa
Euskal poetek zaituzte kantatu
Entzunarazi dauzkigute
Orreagako garrasi samina
Eta orain arte dirauen gudarien irrintzina
Garaipenarena.
Bidenabar haatik
Zenbat sofrikario
Zenbat sakrifizio
Beotibarko zelaietan
Odol eta malko
Amaiurko guduan
Mila herio
Eta Monteagudon, Kaskanten,
Oliten, Tafallan ala Lizarran
Irrintzina da behin eta berriz entzun
Mendiz mendi eta zelaiez zelai hedatu
Asalduraren haizea altxatu.
Baina Kastilla sabelkoiak
Oihu guziak dauzkizu ixilarazi
Oi Nafarroa, zaitu belaunikarazi
Eta hara zure azken erregina
Zaldi zuri gainean ihes doala
Lekunberritik Donapaleuraino
Baigorriko mendi harresietan gaindi
Begiak triste
Bihotza goibel
Tronua suzko ekaitzak aurtikia
Orbaizetako arma-ola zaharra iduri
Suntsiketaren laparrek estalia.
Mendez mendeko nigarrak
Urtegi dira bihurtu
Eta Itoitz eta besteak dira ito
Baina solidarioak dira hor ere altxatu
Irrintzinaka.

***

Bazterrera utz ditzagun oraikoan
Penak eta malkoak
Eta goazen bihotza alegera
Amodioaren irrintzinak gidaturik
Luzaiden baitago izar eder bat
Maitasunak bihotza xingolaturik
Kantore berri bat diezaiogun kanta
Garruzen aldiz duzue ostiraletan merkatu
Hantxet ai zer lore pollita
Elorriz beteriko arrosa
Haiza begitarteko xangrina
Bihotzean lora dadin zoriona !

***

Nafarroak eta Zuberoak
Bi xantre paregabe
Otxalde eta Etxahun
Agur zueri adiskidiak, egun hun !
Bortu gainetik
Bota kobla
Bota bertsu
Aira ditela Goizuetaraino
Han baitago gizon bat
Deitzen zaio Trabuko
Hitzak eder, bihotza paltso
Iturengo arotzaren gisa
Saindurik ezin fida
Ez-ta ere San Fermin bera
Tratulant bihurriak saldoan
Bilduak Iruñeko ferietan
Zaldi zahar, behor mantso
Eroslea petzero
Halarikan gure bihotzak dio
Aupa San Ferminak !

***

Euskara maitea
Oi gure hizkuntza xaharra
Aspaldiko mendetan sustraitua
Gure arbasoen arbasoek
Biziarazia
Edertua
Loratua
Nafarroako erregeek ere
Mihi ezpainetan zerabiltzatena
Ekaitzek ez haute aurtiki
Uhain gaixtoek ez urperatu
Eta hor hago sendo
Lau haizetara hegaldatu nahian
Oraindik ere mendez mende
Jalgi hadi plazetara
Jalgi hadi mundura
Eta Otsagabian
Euskal Herriko Otsagabia guzietan
Baztertu hauten plaza orotan
Euskaldun ororen bihotzetan
Ahalgea bazterturik
Lotsa gainditurik
Arbuioa haizaturik
Emak airoski dantza !

***

Goazen orain alegeraki
Nafarroan gaindi
Herriz herri
Sokadantzan
Zangoak arin, begiak alai
Hara Leitza
Euskarak ez zaitu arrotza
Eta Lekunberri
Zenbat pesta, zenbat irri
Eta haratago
Oi Baldorba
Eki bero, bazter idor
Mahats-ardoz bustitako
Lur emankor
Herribehera
Eguzkia etzaten denean
Zutan amets gozo
Eta Eiheralarre
Ospe zuri Detxepare
Horra ere Baigorri
Dena gar, dena pindar
Adiskideak
Eman gogotik kantu
Gaitezen alegera
Ez utz gure bihotzak hotz !

***

Nafarroa
Mila ospe zuri
Mila izar zu baitan
Zu, gure lurrik maitatuena
Amets zoroenetako lurra
Lur beroen sabel fruitutsua
Sabel hortatik hegalda dadila arranoa
Nafarroa, arbasoen arkaitza
Euskal lurraldetan lehena
Nafarroa, goi ala behera
Bat bakarra
Gu denen Ama.

Peio Jorajuria

No comments: