Thursday, January 14, 2010

Joan Margarit-en gogoetak

Joan Margarit poeta kataluniarrari elkarrizketa mamitsua egin dio Oier Guillan-ek. Gara egunkariaren Mugalari izeneko gehigarrian argitaratu zen hilaren 8an. Tamalez, ez dago Internet-en eskuragarri eta horregatik elkarriketa horretatik ateratako pasarte batzuk, poesiaren zurrunbiloan ibiltzen garenontzako hagitz interesgarriak, ekarri nahi izan ditugu blog honetara, zerbait-zerbait moldatuta.

Nire ustez inspirazioa existitzen da, beste gauza bat da pertsona batek zer nolako gaitasuna duen inspirazio horrekin poema bat egiteko.

Inspirazio datorkionean, poetak egin behar duen lehendabiziko kontua hauxe da: soilik bereak diren gauza horiek guztiak kentzea, horiek ez baitzaizkio inori interesatzen.

Poema batean guzti-guztia sartzen duena, irakurtzea irakurlea axolagabe uzten duten elementuak barne, poeta txarra da. [...] (Poeman) zureak izanik besteenak ere badiren gauzak bilatu behar dituzulako, sobera dagoen informazio pertsonal guztia bazter utzita: orduan izanen da (poema) unibertsala.

Poeta ahal den moduan iristen da poemara, edozer eginen luke poema on bat erdiestearren. Nire kasuan bilaketa horrek hobeto funtzionatzen du gertaera zehatzei heltzen diedanean [...]

Poesia deritzogun prozesuak hiru oinarri ditu: poeta, poema eta irakurlea. Poema partitura da, poeta konposatzailea, eta irakurlea kontzertura doana. Hor sartzen da interesgarria den aldaera bat: irakurleak bere instrumentu propioa du eta berak interpretatzen du partitura. Horretarako instrumentu hori afinatu beharra dago, ez baitoa kontzertua entzutera, interpretatzera baizik. Horregatik dago irakurle gutxi poesian, ahalegin bat eskatzen duelako. Hortik dator poesia azken miserikordia etxea dela esatea.


Bestalde, Joan Margarit-en liburuak besapean hartuta Barcelonara joan denik ere bada, Barcelonan barnako bidaia poetiko -edo- egiteko asmoz.

1 comment:

Unknown said...

BERRIA egunkarian atzo agertu zen Joan Margarit-i egindako bertze elkarrikzeta bat
http://www.berria.info/pdfa_ikusi.php?pdfikusi=BERRIA/y2010/m01/d20100117/p040_KULTURA.pdf