gure artean izanen da
Martxoaren 10ean , ostiralez, Iruñeko Erraldoien Txokoan (Descalzos karrika 72), arratsaldeko 20:00etan
« Nafar Ateneoak » kultur erakundeak Iruñeko poesiazko animazioen denboraldira gomitatuko duen Olerkaria.
Izan ere, Auxtin « Aspaldiku » elkartearen lagun zaharra dugu eta orain arte antolatu ditugun bi poesia bestatan bera egon da gure artean bere poesiaz eta jakituriaz hornitzen.
Egun, Nafarroa Garaian euskarazko inolako poesia aldizkaririk ez dagoelarik, Auxtinek zuzentzen duen « HATSAren POESIA » aldizkaria dugu nafar olerkariontzat babeslekua.
Oraingoan, diaporama baten bidez, idazle Senpertarrak bere argazkiak eta poemak aurkeztuko ditu. Ondotik, elkarrizketa.
Proposamen berezia
"Lastozko Ihesgunetan" deitzen da Auxtin Zamorak egiten digun eskaintza berezia. Ikusentzunezko lan honentzat, maiteenak dituen bere argazkiak ezkondu ditu aspaldi idatziak zituen olerkitxoekin.
Hona zer dion idazleak berak :
Argazkiaren bitartez milisegundo bat irauten duen errealitate iheskor baten itxura lortzea, liluragarria zait, eta, oraino liluragarriago, errealitatearen itxura hitzekin janztea, zeren, iraganak diren gertakizunei, ukanen ez luketen ameskor eta gehikor bizi zerbait, beharbada, ematen niezaiokeelako.
Biharko errealitatetik, aurretik nehondik, argazkirik ez dezaket hartu, eta idatziarekin, etorkizuna eraikitzeko, iraganaren erreferentziak eta hitzak ditzazket bakarrik baizik erabili... Gari soroetan, uzta sartu eta, lurrean, lastoa etzaten den bezala, iduritzen zait nere idatziak eta argazkiak, bizi izan ditudan gertaeren aztarna iheskor batzu baizik ez direla.
Auxtin Zamora. Euskal idazle lapurtarra, Senperen sortu zen 1943an.
Lau olerki liburuen argitaratzailea:
« Ezin errana » 1986,
« Hatsaren bustia » 1988,
« Haizea ostoetan » 1998,
« Trapuetan haizea » 2000.
- 1999 geroztik, « Hatsaren Poesia » deitutako, urteroko poesia-bildumaren sortzale moldatzaile eta arduraduna.
-Euskarazko Poesia tailer eskoletan animatzailea.
- "Maiatz" aldizkari literarioaren lehen parte hartzaleetatik bat (25 urte)
- "Ttipi Ttapa", "Herria" eta "Euskal Herriko kazeta" aldizkarietan artikulu zonbaiten idazlea.
- 7 urtez erakusketa kultural bultzatzaile eta arduraduna: Senpere, Kanbo, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Sara, Bidarte, Haltsu herrietan.
- "Ostopeko artea", Urdazuri ibaiako artista guzieri idekia nahi duen erakusketaren sortzailea eta arduraduna.
- "Oxtikenea" deitu Senpereko Euskal Zentro Kulturalaren sortzaileetarik bat.
Izan ontsa, lagunok!! Eta zatozte Auxtinekin poesiaz gozatzera!!
Aspaldikuren aholkua duzu hau, irakurle.
No comments:
Post a Comment