Hondartzan edo auskalo non egonen den jendea
uda honetan.Ni hemen nago, nire auzoan, lasai eta goxo.
Hona hemen poematxo bat eguneroko bizimoduari buruz
SUPERMERKATUAN
Bi urteko neskatila da
supermerkatuan amarekin dagoena;
ama gazteak ematen dizkio
poliki-poliki erositako gauzak
kutxazainak kontrola ditzan.
Neskatila, serio eta adeitsu,
nekez ailegatzen da mostradoreraino,
baina azkenean lortzen du
produktu guztiak paratzea
satisfakzio keinu batez;
gero amak besoetan hartzen du,
alabaxoaren eskuetan
eros-txartela jarriz,
eta honek harro ematen dio
irribarre egiten ari zaion kutxazainari,
zeinek ematen baitio faktura
"hau hiretzat, panpoxa", dioenez.
Gero neskatilak ateranz korrika egiten du
eginiko lanagatik kontent,
baina itzultzen da beldurtuta
bat-batean ate automatikoak
ireki direlako bere aurrean,
eta kutxazainak galdetzen dio amari:
"zein izena du?", "Eider",amak dioenez;
saltzaileak deitzen dio amultsuki bere izenaz
ilaran gauden denon sinpatia ordezkatuz,
eta ematen dio goxoki bat.
Joakin Balentzia Tirapu
No comments:
Post a Comment