Sunday, June 6, 2010

ASPALDIKU Elkarteko bi kide EIEko zuzendaritzan

ASPALDIKU elkarteko bi kide Euskal Idazleen Elkartearen zuzendaritzako kide izendatu zituzten iragan Batzar Nagusian. Berria ez genuen denbora hartan ez zabaldu, ez ospatu, Joxemielen ustegabeko heriotzak gure bihotzak guztiz hunkitu eta izoztu, hormatu eta gelatu baitzituen, dena dela, eta dolua erabat gainditu ez den arren, bada garaia Carmen Valois eta Josu Jimenez Maia elkartekideei gure zoriona helarazteko.

EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEAren lehendakari berria Ander Iturriotz da, ordiziarra, Fito Rodrigezen lekukoa hartzeko deitua izan dena. Carmenekin eta Josurekin batera, hauexek dira EIEko zuzendaritzan arituko direnak: IƱaki Friera eta Juan Mari Apaolaza.

ASPALDIKU elkartea sortu zen une beretik, gure elkartearen euskal arloak EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEAren babesa bilatu zuen, HATSA Elkartearena erdietsi nahi izan zuen bezala, periferikoak garelako eta bertzeen laguntza behar dugulako. Joxemiel bera ere EIEko zuzendaritzako kide izan zen eta bera zuzendaritzan zelarik ASPALDIKUk bere bigarren biltzarra ospatu zuen Agoitzen; orduan, Joxemielek parte hartu zuen hitzaldi bat emanez eta tailerra zuzenduz, beti ere EIEren izenean, EIEk biltzarrari sostengu osoa eman baitzion bai orduko hartan, bai eta ondorengo biltzarretan ere (izan ere, aurtengo biltzarra irailean egingo dugu eta EIEren aldetik bere sostengua ziurtatuta dugula esan digute dagoeneko, berri fresko-freskoa beraz).

EIE (Euskal Idazleen Elkartea) 1982an sortu zen eta egun 350 kide baino gehiago ditu, horietatik %10 nafarrak izanik, eta ez da gutxi, eta ez da zenbaki makala. Andolin Eguzkitza zuzendari zelarik, EIEko zuzendaritzan gure elkarteko bat izan genuen. Orain, bi... Hurrengoan, nork daki, agian hiru, gero lau, bost... Gure bazkide aukeratuei eta haiekin batera arituko direnei... Bejondeiela...!! Zoriontsuak izan daitezela...!!



No comments: