Saturday, March 26, 2011

Joxemiel Bidador: lagun bitxia, harribitxi bat

Xelebrea, gure Joxemiel zena. Bitxia eta bizia, harribitxi bat. Honezkero, ni baino jaioagoak diren beste batzuek idatzi dute Joxemiel Bidadorrez, eta zaila da oso ezer berririk asmatzen. Joxemielen buruko isuriaren berri izan nuelarik, maldizioka hasi nintzela badaki batek baino gehiagok. Astebete igaro eta gero, Artikako omenaldi hunkigarria eta gero, olerki bat idazten saiatu nintzen; alferrik, baina!


Toko-k, duela hirurehun urte jaiotako poeta japoniar batek, gaztigatu zigun:


Heriotz-olerkiak,

engainagarriak:

heriotza heriotza da.


Baina aste batzuen buruan, errekasto baten ondotik pasieran nenbilelarik, Joxemiel etorri zitzaidan gogora, eta hamazazpi silabako olerki txiki bat, haiku bat, zirriborratu nuen paper mutur batean.


Urak dakarkit

lagun hila gogora:

Errekan, bizi.


Joxemiel Bidador gure gogoaren errekan, bizi-bizia.

No comments: