Saturday, September 26, 2009

Lagunarte goxoa Senpereko Larraldean Peio Jorajuriarekin

Argazkia: EKE - Maite Deliart

Iragan da Peio Jorajuriaren eguna. Olerkiak, historia, sorginak, inkisizioa eta beste mila perpausa izan dira mintzagai eta entzungai Lapurdiko zoko maitagarri honetan. Mendian ibili gara Zugarramurdiko Kanpandorreko mendian, edo "Kanpandoa" mendian, Nafarroako mapetan izendatua den bezala. Arratsaldean, olerki saioa izan da, Peioren emazte Dominika bertan izan da, berarekin batera, Auxtin, HATSA elkarteko alma mater-a, eta Hatsaren lagunak. Giro benetan ederra gaurkoa... etorkizuneko mila proiektu berrien sorburu eta abiapuntua.

Izan ere, HATSAREN POESIAren egun ibiltari bat antolatzeko ideiari gorputza eman zaio gaur. Heldu den urteko HATSAREN POESIAren eguna izan ondoren ( Senpereko Larraldean, ohi bezala ), beste egun berezi bat antolatu nahi du Hatsak Senperetik kanpo. Hatsak bere sustraiak ongi errotuak ditu Senperen baina bere enborraren adarrak Euskal Herriko herri guztietara zabaltzen ditu eta heldu den urtean, Nafarroa Garaiko Berriozar herriraino iritsiko dira.

Honela, ekimen berri bati hasiera emanen dio Hatsa Elkarteak: Berriozarren hasiera batean, agian Bergaran beste urte batean, edo Bizkaian, eta honela hemendik aurrera, Euskal Herrietako herrialde guztietara zabalduko da HATSAREN POESIAREN EGUN IBILTARIA.

Ohi bezala, Senperen bilduko gara denak, baina, urtero, Euskal Herriko txoko ezberdin batean biltzeko aukera izanen dugu... Lapurdin, Behe Nafarroan, Nafarroa Garaian, Zuberoan, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta, berriz ere, Lapurdin, Behe Nafarroan eta... Euskal Herri osoa olerkiz bete arte.

NAFARROARI

Nafarroa
Nafarroa gurea, hain maitatua
Oi Nafarroa
Zure lurra da gure odola
Zure herriak gure bihotzeko taupadak
Zure ibaiak gure zainak
Zure oihan ta mendiak gure hatsa
Oi Nafarroa
Zu, gure iturri gozoa.

***

Nafarroa
Euskal poetek zaituzte kantatu
Entzunarazi dauzkigute
Orreagako garrasi samina
Eta orain arte dirauen gudarien irrintzina
Garaipenarena.
Bidenabar haatik
Zenbat sofrikario
Zenbat sakrifizio
Beotibarko zelaietan
Odol eta malko
Amaiurko guduan
Mila herio
Eta Monteagudon, Kaskanten,
Oliten, Tafallan ala Lizarran
Irrintzina da behin eta berriz entzun
Mendiz mendi eta zelaiez zelai hedatu
Asalduraren haizea altxatu.
Baina Kastilla sabelkoiak
Oihu guziak dauzkizu ixilarazi
Oi Nafarroa, zaitu belaunikarazi
Eta hara zure azken erregina
Zaldi zuri gainean ihes doala
Lekunberritik Donapaleuraino
Baigorriko mendi harresietan gaindi
Begiak triste
Bihotza goibel
Tronua suzko ekaitzak aurtikia
Orbaizetako arma-ola zaharra iduri
Suntsiketaren laparrek estalia.
Mendez mendeko nigarrak
Urtegi dira bihurtu
Eta Itoitz eta besteak dira ito
Baina solidarioak dira hor ere altxatu
Irrintzinaka.

***

Bazterrera utz ditzagun oraikoan
Penak eta malkoak
Eta goazen bihotza alegera
Amodioaren irrintzinak gidaturik
Luzaiden baitago izar eder bat
Maitasunak bihotza xingolaturik
Kantore berri bat diezaiogun kanta
Garruzen aldiz duzue ostiraletan merkatu
Hantxet ai zer lore pollita
Elorriz beteriko arrosa
Haiza begitarteko xangrina
Bihotzean lora dadin zoriona !

***

Nafarroak eta Zuberoak
Bi xantre paregabe
Otxalde eta Etxahun
Agur zueri adiskidiak, egun hun !
Bortu gainetik
Bota kobla
Bota bertsu
Aira ditela Goizuetaraino
Han baitago gizon bat
Deitzen zaio Trabuko
Hitzak eder, bihotza paltso
Iturengo arotzaren gisa
Saindurik ezin fida
Ez-ta ere San Fermin bera
Tratulant bihurriak saldoan
Bilduak Iruñeko ferietan
Zaldi zahar, behor mantso
Eroslea petzero
Halarikan gure bihotzak dio
Aupa San Ferminak !

***

Euskara maitea
Oi gure hizkuntza xaharra
Aspaldiko mendetan sustraitua
Gure arbasoen arbasoek
Biziarazia
Edertua
Loratua
Nafarroako erregeek ere
Mihi ezpainetan zerabiltzatena
Ekaitzek ez haute aurtiki
Uhain gaixtoek ez urperatu
Eta hor hago sendo
Lau haizetara hegaldatu nahian
Oraindik ere mendez mende
Jalgi hadi plazetara
Jalgi hadi mundura
Eta Otsagabian
Euskal Herriko Otsagabia guzietan
Baztertu hauten plaza orotan
Euskaldun ororen bihotzetan
Ahalgea bazterturik
Lotsa gainditurik
Arbuioa haizaturik
Emak airoski dantza !

***

Goazen orain alegeraki
Nafarroan gaindi
Herriz herri
Sokadantzan
Zangoak arin, begiak alai
Hara Leitza
Euskarak ez zaitu arrotza
Eta Lekunberri
Zenbat pesta, zenbat irri
Eta haratago
Oi Baldorba
Eki bero, bazter idor
Mahats-ardoz bustitako
Lur emankor
Herribehera
Eguzkia etzaten denean
Zutan amets gozo
Eta Eiheralarre
Ospe zuri Detxepare
Horra ere Baigorri
Dena gar, dena pindar
Adiskideak
Eman gogotik kantu
Gaitezen alegera
Ez utz gure bihotzak hotz !

***

Nafarroa
Mila ospe zuri
Mila izar zu baitan
Zu, gure lurrik maitatuena
Amets zoroenetako lurra
Lur beroen sabel fruitutsua
Sabel hortatik hegalda dadila arranoa
Nafarroa, arbasoen arkaitza
Euskal lurraldetan lehena
Nafarroa, goi ala behera
Bat bakarra
Gu denen Ama.

Peio Jorajuria

Thursday, September 17, 2009

Peio Jorajuria Senperen Hatsaren eskutik



Maite ditugun olerkariak” ekimena Senperen, Peio Jorajuria-rekin

“ Hatsa” elkarteak,“Maite ditugun olerkariak” saila, jarraian Senperen derama . . Oraikoan, Irailaren 26ean Peio Jorajuria nahi luke ohoratu .

Peio Jorajuria, Senpere -Bernatenean sortua , Bidarraien ezkondua, 2 seme-alaben aita , Herria astekariaren arduraduna . Jadanik duela 11 urte idatzi zuen monografía bat Bidarraiko herriari buruz. Peio-taz “Begiurdinaren blogean”.diote : “Euskara hizkuntzaren zizelkari fina eta trebea ; ageri da hitzak hautatuz ari dela, euskaldunek dakigun bezala ideiak irudikatuz”

Iaz, 1990etik 2001era idatzitako olerkiekin , “Uzkinazo luma” liburua argitaratu zuen(Maiatz editorial etxearen bitartez) eta urtero artoski , “Hatsaren Poesia “ olerki bilduman parte hartzen du

Zerk zuen bultzatu olerkien idaztera ? Noizbait nunbait hitz hauk azaldu izan ditu:

“ Neure haurrak sortu zirelarik nintzen olerki ta ipuin zonbeiten idazten hasi, haurrek dakarten biziaren miragarritasuna omendu nahiz. Mundu gogor huntan, haurren begiekin biziaren agurtzea, ze oparia !

Peio Jorajuriaren Egunaren Egitaraua

Larunbata Irailaren 26an

9h 30 Elkartzea :Senpere-Larraldean

10 etan Oinezko ibilaldia Zugarramurdiko Kanpandorreko mendian

Ordu batean bazkaria Zugarramurdin

( Bazkariarentzat izenak eman behar dira Irailaren 24eko hatsaelkartea@aol.com)

4etan, Larraldean, denetzat, Peio Jorajuriaren olerki irakurketa


Saturday, August 15, 2009

Abuztuaren 15eko bazkalondoan, Czesław Miłosz-ekin

Abuztuaren 15eko bazkalondoa nobelaren hasierak dioenez, "inoiz ez jakin batek gure sukaldean freskotasun apur bat egon dadin zer den hobe: patioko lehioa zabalik ala itxita eduki". Zerua oskarbi, aingura itxurako hodei zuri bat izan ezik. Horrek darkit gogora, Czesław Miłosz Nobel saridunaren aipu bat:

Poeta bazara, garbi ikusiko duzu paperezko orri honetan hodei bat dagoela airean. Hodeirik gabe, ez legoke euririk; euririk gabe, arbolak ez lirateke haziko; eta arbolarik gabe, ez legoke papera egiterik. Hodeia beharrezkoa da papera egon dadin. Hodeirik ez balego, ez legoke paperezko orri hau ere. Beraz, esan dezakegu hodeia eta papera elkar lotuta daudela.

Tuesday, July 21, 2009

Eako Poesia Egunak

Emakume ederren aurrean
Lewinskyren aho urtua naiz
Clintonen hankatartean


Hedoi Etxarte irunsemearen poema baten hasiera duzu, DDRko bandera poemaren hasiera hain zuzen. Suzko lilia izeneko liburutik aterea. Egokia iruditu zait Hedoi Ea herriko Poesia Egunetan parte hartu baitu eta udako bero-galdatan bestelako berotasunak ere egon badaudela gogorarazteko.

Aurtengo edizioan gai nagusia, izan ere, erotismoa eta intimitatea izan dute. Iragaran den asteburuko Garan eta Berrian informazio osoa duzu

Poeta baten bat, baina, falta izan da. Castillo Suarez San Fermin egunean argitaratu zuen testu eder batean agerian utzi zuenez.

Tuesday, June 30, 2009

LUCES Y SOMBRAS aldizkariaren gomita


Tafallako LUCES Y SOMBRAS aldizkaritik ASPALDIKU Elkarteko euskaldunoi (HATSA Elkartean gabiltzanoi bereziki) gomita egin digute 50-80 olerki-lerro bidaltzeko Uztailaren 15erako, gutxi gora-behera, Sanferminak bukatzearekin batera. NAFARROAKO EGUNGO POESIAREN ANTOLOGIA egin nahi omen dute.

Hauxe da baldintza: euskarazko jatorrizkoa bere itzulpenarekin nahi dutela (gaztelaniaz printzipioz, baina frantsesez ere ontzat emanen dutela uste izatekoa da). Beraz, 50-80 lerro horietan sartu behar da jatorrizko olerkia eta bere itzulpena. Horretaz gainera 50 hitzetan (hau ere erdaraz -gaztelaniaz, nahiz frantsesez) gure kurrikulum txikia, nortzuk garen jakin dezaten.

Itzulpenari dagokionez, hauxe da Itxaurdik dioena:

Bestalde, badakizu zer pentsatzen dudan poemen itzulpenez... Agian we're out of time, agian there're no need to translate it, because...

Eta ematen dituen arrazoiak ixiltzen ditut, baina arrazoia ez zaio falta. Hala eta guztiz ere, olerki bat bidaltzen baduzue, mesedez, itzulpenarekin eta zuen 50 hitzezko kurrikulum txikiarekin.

Izan ongi!


Monday, June 29, 2009

Maite ditugun olerkariak: Josemari Zendoia


Maite ditugun olerkariak » Josemari Zendoia rekin

(interpretazio laburra eta pertsonala osoki )

Josemari Zendoia rekin , iragan eguna , itsasoak, inkonzientziari dakarkien kresal arrapo eta uhain biziez beteritako gertaera bat bezala bizi izan dugu .

Donostiako . ur eremu zabaletik Senpere- Ainhoako iratzezko ozeanotara doatzin bidexkak, dira mila . Mila , ere , dira , bidexkak , gure mundu harrigarri honen ezagutzeko, Josemari-ri, etengabeki , jakinminak sortarazten dizkienak

Uraren gainean ura hunkitu gabe doan poeta bat bezala Josemarik ereman gaitu bere hitz hautatuekin itsasoaren ametsak eta erranahi ezkutuak aurkitzera Ezin zilatu daitezken ilun- abarrak , faroek mihatzen dituzten bezala , bere begi ilargikari zorrotzak gelditu gabe dabiltza itsasoaren egoera aldakorraren zai

Ohargarria da zonbatetaraino itsasoak hildokatu duen bere izaera . Dio « Olatuak existitu izan ez balira nik ez nukeen inoiz hitz bakar bat ere idatzi izango, baina ez olatuen izate ezagatik, baizik eta olatuak izan ez balira inork ez zituzkeelako inoiz deskribatu izango » Beste olerki batean ere itsasoa eta hitzen arteko bidea azaltzen du , erakutsiz « biziaren « genesis »-a itsasoan hasten dela eta garatzen « hitz »izan arteraino . Hau da , bai , milioi eta milioiko bide luzea , baina segunda batzuez alderantziz egin dezakeguna … Itsasoa ! … zuregana heltzeko modua aurkitzen dut: hitza.

Orain zure erresumako biztanlea naiz !

Bidaia guziez gose, Josemariren itsasoa lurraren eta zeruaren eremua ere da. Bere sentsibilitateak basamortuko harea negarrez bustiko luke eta ezpazioan , izar astroak gizakiekin lerrokatuko Gainera , bere poesia ez da inoiz sartzen burutazio ilun eta ezezkorretan , noski ‘ « suerte ona – daukan izar » baten pean sortua dela susmatzen duelakotz, eta, nahiz ,beharbada ,egun batez , itsasontzia hondoratua izan , zuhaitz enbor bati helduta, badaki , olatuek berriz hondartzara ,osorik eta sanorik ekarriko dutela

Bai horrelakoa da Josemari Zendoia !

Auxtin Zamora

-Josemari Zendoiaren egunaz baliatuz , Koldo Zubeldiak aurkeztu zuen azken urte hautan idatzitako olerkien antologia (Antologia poetikoa 1984-2009)… trinkotasunaren eta bakardadearen konzentrazioetan , bai eta ‘ere, » transe » askoren isurkarietan murgildu liburu bat

Eta, nik ere parte hartu nuen ,« Zernahi izan eta ere » deitu liburutxoa aurkeztuz.

Datoren « Maite ditugun olerkariak « ekimena , Peio Jorajuriarekin Irailaren azken larunbatean (26an) iraganen da. Xehetasunak geroxago bidaliko ditugu .

Saturday, June 20, 2009

HATSA Elkartearen ageri bat



Adixkide olerkaria

mezu honeri datxikola,

ageri bat,

hona hemen.

Goraintziak

Hatsa elkartearentzat,

Auxtin Zamora



“Maite ditugun olerkariak” - Jose mari Zendoia-ren eguna , Senperen

Gehi: bi libururen aurkezpenak:

- Auxtin Zamora-ren "Zernahi izan eta ere"

- Koldo Zubeldia-ren “Antologia poetikoa1984-2009"

Hatsa elkarteak ,bere Maite ditugun olerkariak” ekimenari jarraikiz (Ekainaren 27an), olerkizale guziak gomitatzen ditu Jose mari Zendoia-rekin eguna iragaitera.

Jose mari Zendoia-Sainz 46 urte, Donostiakoa matematiketan doktoregoa-duna Euskal Herriko uniberzitatean, “Ekonomia Aplikatua “ sailean erakaslea, soziolinguismoan aditua , paradoxiaz ere olerkari oparotsua Erdaraz bai euskaraz bere olerkiak , “La Taberna del Mar” Web gunean agertzen ditu , bai eta ere , azken 5 urte hautan, “Hatsaren Poesia “ Olerki bilduman.

Bere olerkietaz dio:

“Hitzak idatzten ditut , haiek zer edo zer ebatziko dutelakoan, eragiketa matematikoek zenbakizko problemak ebazten dituzten bezala. Hitz multzo bat, orden egokian jarrita, soluzio bila. Hitz ederrak, edo itsusiak, osotasunean askatuko gaituzten esperoan. Esaldi borobilak, edo eliptikoak, edo laukizuzenak, amaigabeko espiralak biran ipintzea: hori da niretzat idaztea.”

Baina ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da. Zeroen aurretik zeroak idaztea bezain hutsa, zeroen ondoren zeroak idaztea bezain inozoa.

Jose Mari Zendoia-ren egunaren egitaraua

Larunbata Ekainaren 27an

9h 1/4 Elkartzea :Senpere-Larraldean

10 etan Oinezko ibilaldia (Atxulegi Ainhoan)

Ordu batean bazkaria Zugaramurdin

(Bazkariarentzat izenak eman behar dira Ekainaren 24eko hatsaelkartea@aol.com)

4 etan , Larraldean, Josemari Zendoia –ren olerki irakurketa

5 etan : Liburu aurkezpena :

Auxtin Zamora-ren "Zernahi izan eta ere" “ Instinktozko hitz eta marraskiekin lortua “

Koldo Zubeldia-ren "Antologia poetikoa 1984-2009" "tranze askotatik iraganda idatzia"