Tuesday, September 9, 2008

Cesare Pavese jaio zeneko mendeurrenean

Hori dela-eta, hona hemen poeta italiarraren poema bat
italieratik Joakin Balentzia Tirapuk euskaratua


KARRIKAKO ABESTIA  ("Canzone di strada")
 
Zergatik lotsa? Batek bere zigorra bete badu,
ateratzen uzten badute, guztiak bezala delako da
eta karriketan bada ziegan egon den jendea.
Goizetik gauera ibilkatzen gara etorbideetatik
eta berdin zaigu euria egin edo eguzki ederra izatea.
Atsegingarria da etorbideetan solas egiten duen jendea aurkitzea,
eta zure buruarekin mintzo, neskak bultzadaka harrapatuz.
Atsegingarria da atarietan txistu egitea nesken zain
eta karrikan besarkatu eta zinera eramatea
eta ezkutuki erre egitea, belaun ederretan euskarrituta.
Atsegingarria da beraiekin mintzatzea, haztatu eta irri egitea,
eta gauez ohean, etzarazi nahi diguten lepora
oldartzen diren bi besoak sentituz, goizeaz pentsatzea
kartzela berriro utziko dugula, eguzkiaren hozkirrian.
 
Goizetik gauera mozkortuta ibilkatzea
eta behatzea, irri eginez, pasatzen diren oinezkoak
eta karrikan sentitzen direnean -itxusiak ere- guztiek gozatzen dutela.
Goizetik gauera mozkortuta kantatu
eta mozkortiak aurkitu eta asko irauten duen
eta egarria sorrarazten digun solasaldia egitea.
Euren buruarekin solas egiten duten lagun hauek guztiek
gurekin gauez nahi ditugu, tabernaren hondoan itxita
eta gure gitarrarekin laguntzea, airean durundituz
hordituta jauzi egiten duena eta itxita jada ez dagoena,
kanpoan izarrek edo urak euria eragiten badute ere. Ez du axola
ordu horretan etorbideetatik jada neska ederrak paseatzen ez badira:
gaur gauez bera ere atera baita kartzelatik
eta berarekin, algaraz eta kantuz, egunsentia ikusiko baitugu.
 
Cesare Pavese ("Lan egitea nekagarria da")
 




Mendeurrenaren karietara, gaur BERRIAn argitaratutako artikulua: Pavese-ren porrota ote?

No comments: