Thursday, October 16, 2008

MAITE DITUGUN OLERKARIAK, URRIAREN 25ean


Juankar MUGARTZA-ren eguna


“Hatsa” elkartearen gomitari ihardokiz, Urriaren 25ean, Juankar MUGARTZA olerkariak, Senpere Larraldean, emanaldi poetiko bat eskainiko du.

1993an Euskaltzaindiaren Felipe Arrese y Beitia Saria eskuratu zuen “Garraren eta Karroiaren Margoak” olerki bildumarekin. ”Hatsaren Poesia“ olerki bildumaren jarraitzailea, “Nafar poesia eguna”-ren sortzale suharra, Iruñeko Euskarazko ekitaldi poetiko askoren arduratzailea.

Poesiaz ditzakeen iritzi labur batzuk eskatu diogu, eta aipatu olerki-bilduma horretatik testu gogoetagarri eta sakon hau bidali digu:

“Zer ote da enetzat poesia?

Gaueko bero berunkararen azpian garraldian naizelarik
begiak lauso eta ohean lardaskatua
azalean, urduritasunez, eraikitzen dudan
amodioaren ezin geldizko abiadura

Poesiak ezintasun guztien muga meharretatik haratago joaten erakusten digu, sentipenen, zentzumenen eta jakintzaren paradisuaren betiereko bilaketan. Finean, bidaia hori zirkularra dela ikasten dugu, paradisu hori geure buruarengan baita, baina poesiarengatik izan ez balitz ez ginatekeen inoiz ere horretaz ohartuko.”

Hatsa elkartearentzat

Auxtin Zamora


URRIAREN 25a LARUNBATEKO EGITARAUA :

Goizean oinezko ibilaldi bat Gorramendi deitu mendira (elgarretatzeko hitz ordua, Amotz-Larraldean 9ak eta erdietan).
Ordu bietan Bazkaria, Larraldean (15 Eurotan ).

Izenak eman behar dira, deituz, Urriaren 21a baino lehen, hatsaelkarte@aol.com helbide elektronikora edo 05 59 54 11 43 (Hegoaldetik 0033 559 54 11 43) telefonora.

4ak eterdietan: Larraldean: Juankar Mugartzaren olerki-emanaldia, Nafarroa Garaiko Etxarri-Aranatz herriko seme Alvaro Mundiñano Gartziandia margolariaren lanak eta herri bereko Andres Garmendia Iza kantariaren kantuak lagun izanik.

No comments: