1.-07-01-17 / Ana Beleni
2.-07-01-24 / ITSASOA GARRAXIKA ARI ZAIT
3.-07-02-07 / Iluntasunetik argirantz
4.-07-02-09 / Gaur ez nago ondo
5.-07-02-13 / Lasaiago
6.-07-02-22 Ederra familia gurea! Kontxa irabaziko dugu
7.-07-06-18 / Astebete 25a izateko
8.-07-11-26 / 25a iritsi zela eta
07-01-17
Ana Beleni
Mina dut
mina,
min petrala
erraietaraino doakidana
Mina dut
mina,
barruraino sartu zaidan
min garratza
Zenbaterainokoa ote da
zureak eragin didana
nirea balitz bezala
samintzen nauena
Tristerik nago
triste
ez dut adorerik
ez kemenik
ez indarrik
Txiki-txiki eginda nago
atxituta
indarge
ahul
Malkoak begietan
korapiloa eztarrian
antsietatea bor-borka
kuzkurtuta bihotza
Mina dut mina,
nire ahizpa maitea.
Baina guzti honi aurre egingo diogu. Nola ez, bada, guztiok bat egingo dugu, beti bezala. Eta helduko diogu. Eta irabazi egingo diogu. Bai, Aupa Orio! esango dugu azken txanpa horretan.
Zenbat maite zaitudan
inoiz esan ez badizut ere,
jakizu hemen nauzula
nahi duzunerako.
Bihotz-bihotzez,
zure ahizpa:
07-01-24
ITSASOA GARRAXIKA ARI ZAIT
Itsasoa garraxika ari zait .
Ekaitza ekarri du.
Olatuek barra berria jan nahi dutela dirudi.
Goiko argi gorria da
une honetan antzeman dezakedan bakarra.
Antila bera ere zaztarrez beterik dago.
Hondarraren arrastorik ez.
Dena zikin, dena beltz.
Kukuarri behe lainoak irentsi du.
Itsaspeko bidea ez da ikusi ere egiten.
Desagertu da.
Dena ilun, dena beltz.
Itsasoa garraxika ari zait,
negarrez.
Dena hautsi nahi du.
Txikitu.
Mila puska egin.
Ez du amore emango.
Haserre dago.
Ilun, beltz.
Itsasoa garraxika ari zait,
minduta.
Ez du ezer ulertzen.
Lehertu egingo da.
Itsasoa garraxika ari zait.
Negarra ekarri du.
Olatuek barra berria jan dute.
Goiko argi gorria desagertu da.
Ez dago.
Antila,
hondarraren arrastorik ez.
Dena zikin, dena beltz.
07-02-07
Iluntasunetik argirantz
Iluntasunetik argirantz ote goazen iruditzen zait. Kimioaren eragin nabarmenenak atzera utzi ote ditugun. Buruko zapiak erosi ditugu. Txapela pare bat ere bai. Inauteriak datozela eta mozorroekin jolasteko moduan. Gutxiago falta da. Aurreraka hasi gara.
Gutxiago falta da.
Aurreraka hasi gara.
Etorkizun.
Poztasun.
Alaitasun.
Gutxiago falta.
aldaparik latzena,
atzeraka.
Izango dira
malda garratzak,
hozpelak,
saminak.
Izango dira
une motelak
tristeak
goibelak
Izango dira
isilune
luzeak
amaigabeak
Izango dira
belzgune
fuerteak
amaigabeak.
Baina, Aldaparik latzena
atzeraka
doa.
07-02-09
Gaur ez nago ondo.
Zergatik den
ez dakit.
Gaur, berriz ere
ez nago ondo.
Goizean
A8 autopista
ezin negarrari eutsi
Berriz ere…
Ostirala izaki
umeekin
Bittorrekin
elkarrekin
bazkaltzeko eguna izaki…
Eta hala ere
ez nago ondo
Hau idazten ari naizelarik
leihotik kanpora begiratu behar
malkoak ihes egin ez dezan
Berriz ere…
07-02-13
Lasaiago
Eguraldi ederra
Atzo telefonoz
eman zenidan
notizia bikaina:
txikituz doa.
Atzo telefonoz
eman zenidan
notizia bikaina:
menderatzen
ari gara.
Atzo telefonoz
eman zenidan
notizia bikaina:
aurrera goaz.
Bihar,
berriz ere,
zure ondoan izango nauzu
eta emango didazu
duzun
onena:
Zu zeu.
07-02-22
Ederra familia gurea!
Kontxa irabaziko dugu
Ekaitzik handiaren aurrean ere
txikienetik hasi eta
zaharrenera
denok batera
arraunari tira.
Nahiz proela
hala hankeko,
nahiz patroi
hala mutil
arraunari eman
behin eta berriz..
Tripulazio honen
tankateko galantekin
dantzan ibili behar
toletak
estropuak
brankak
eta
arraunak.
Itsasoaren zurrunbiloa
Kresalaren usaina
ez da ez bat ere erraza izan
tira egitea.
Irlaraino iristea
izugarria izan da
hala ere
lehengo txanpari aurrea hartu,
bigarrena ere
gainditu.
Puntetarako bidean
erritmoa behar dugu moteldu
ziaboga ondo ematea
da gure helburu
Adi;
arraunkada sakona
laister
ziabogarako prest.
Patroiak oihuka
Ziup-ziup
sartu barruraino,
eman.
Ziup-ziup
xuabe,baina sakon
eman.
Ziup-ziup
erritmo bizia
eman
eutsi
xuabe
sakon
Patroiak oihuka
Adi;
arraunkada sakona
baliza bertan da
ababorrak tinko
istriborrak eutsi
Patroiak oihuka
Adi;
arraunkada sakona
itxi-itxian
puntakoaren lana
patroiak eraman.
Patroiak oihuka
baliza kanpotik
goazen.
Itsasoaren zurrunbiloa
Kresalaren usain sarkorra
Ziup-ziup
erritmo bizia
eman
eutsi
xuabe
sakon
Adi;
arraunkada sakona
eman,
baliza atzean,
lortu dugu.
Ababorrak eta
istriborrak,
denak
patroiari
so egin.
….
Irlarako bidean
haizea aldeko dugu.
Patroiak oihuka:
Hau irabazia dugu.
Olatua gainean,
harrapatu beharra zion!
Tira, eman
Eman.
Eutsi.
Bat, bi,
bat,bi.
Eman.
….
Lortu dinagu
Lortu diagu.
Gure etxean
nahiz Donostian,
beti bezala,
denok
elkarrekin.
Txikienetik hasi eta
zaharrenera
bat eginda
betiko lez
eta
nola ez
KONTXA, BEHINGOZ,
GUREA DUGU!!
07-06-18
Astebete 25a izateko
Astelehenak 18
aitonarekin medikutara,
gero Oiartzunera.
Kanpoan zaude.
Gure zain?
Fatxada ederra,
itxura era bai.
Hala ere zure ondoan
ez nago lasai
Zer da ahizpa,
nekatzen hasita?
Zer da ahizpa,
indarrak ezinda?
Guztion aurrean
itxurak egin behar
“Que tal Ana”ri
“oso ondo” beti.
Fatxada ederra,
itxura era bai.
Hala ere zure ondoan
ez dakit zergatik,
baina
ez nago lasai.
07-11-26
25a iritsi zela eta
Ekainaren 25a iritsi zen,
hura ere pasa zen.
Uztailak 9 ditu.
Primeran,
dena espero bezala.
Abuztuak 2
Lan berriak, adi!
Radioak erretzen zaitu
bai barrutik
eta
baita kanpotik.
Urtarrilean hasita
barrendik kiskali zintuzten.
Eguzkiaren hilabetean,
aldiz,
kanpotik.
Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke.
Azala belztuta
formak galduta
eta hala ere
munduaren jabe.
Irailera iritsi gara
bai 2ra
eta
baita 9ra
eta jakina,
Kontxa gurea dugu.
Elkar besarkatu.
Orain arte eman gabekoak
nabaritu,
askatu,
hartu,
sentitu,
gozatu,
errotu,bizitu…
Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke
Urriak 26
notizia onak.
Besterik ez.
Bilboko PET,
oraingoz deusez.
Azaroak 26
Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke.
Lasaiago nago,
bai badakit.
Hala ere,
oraindik,
inork ikusten ez nauenean,
isilka, ezkutuka
egiten dut negar.
Bai, malkoak aldatu dira.
Ez, hauek ez dira
garratzak,
mikatzak,
mingotsak...,
zorionez.
Bai, malkoak aldatu dira.
Hauek, zorionez,
gozoak eta eztiak
dira.
Baina
malko izaten jarraitzen dute.
Ezin dira geldirik egon,
irten beharra daukate.
Eta zenbat maite zaitudan pentsatzean,
dantzan eta jirabiran
ur-jausi moduan
uholde tamainan
ari dira
kartzelan dagoenaren itxuran
ihes egin nahian.
Zenbat maite zaitudan
esan nahiko nizuke.
Agian, azkenean,
hau irakurtzean
jakingo duzu …
ZER?
Ba, hori:
ZENBAT MAITE ZAITUDAN!!!
No comments:
Post a Comment