Wednesday, December 22, 2010

Euskal Poesia Nafarroa Garaian... non argitaratu ??

Euskal literatur aldizkarien kontuetan Nafarroa Garaian ez dugu deus... basamortu bat da... baina basamortuen kontuan ere, basamortuak eta basamortuak badira... eremu soildua da gurea... urik gabeko basamortua (basamortuetan ohikoa den bezala), noizbait ur putzu ugariak zituena eta Korrok aldizkariaren garaian itsaso bat izan zena (itsaso zabal bat, beti itsaso hitzari "zabal" adjektiboa erantsi ohi baitzaio).

Nafarroako basamortu honetan urik ez dago eta ura ekartzen baduzu kantinplora kentzen dizute, basamortu honetara ura ekartzea debekaturik baitago. Nazka eta guzti ematen du.

Gauzak honela... Aspaldikukook behin baino gehiagotan galdera hauxe egin diogu geure buruari: Nafarroa Garaiko olerkari batek ba al du olerki solte batzuk argitaratzerik Nafarroa Garaian literatur aldizkaririk ez dagoela kontuan harturik ?

Arazoa, agian, ez da horren larria eta aldizkaririk ez izateak beste problema batzuk konpon ditzake, adibidez, kalitate txarraren auzia. Izan ere, zure olerkiak oso txarrak badira, hobe da ez argitaratzea, herriak eta euskarak eskertuko dizu. Baina ez argitaratzea aldizkaririk ez dagoelako, non argitaratu ez dagoelako... hori ez dun/duk bidezkoa...!! gure hizkuntzaren aurkako erasotzat hartzen dut nik. Finean, edozein idazlek izan beharko luke eskubidea nahi lukeen guztia plazaratzeko, txarra izan edo ona izan, berdin zait, beste gauza da, jakina, ea irakurleak irakurriko dizuten edo ez... baina hori beste kontu bat da.

Baina, argitaldaririk ez badago, argitalpenik ere ez, eta, aldiz, euskararen kontra dagoen kultur politika bat baldin badago, hain zuzen ere, galerazteko euskal aldizkariak sortzea, orduan, zer egin ? Nafarroa Garaiko euskal prentsa ito nahi dute... euskal aldizkari (Guaixe...), irrati (Xorroxin, Beleixe... Euskalerria Irratia...!! - irrati honen kasua lotsa emateko modukoa da, baina aurpegihandi jetapalo hauek ez dira, ez, inolaz ere lotsatzen) eta telebistak (Ttipi-ttapa)... gure espresabide guztiak arazoek itota dauzkate, diru laguntzarik gabe, oztopoekin eta trabekin alde guztietan...

Nafarroako Admistrazioak gure prentsarekin honen zikin eta zeken jokatzen badu, nola jokatuko du beste era batera gure kulturarekin, gure literaturaren, euskal literaturaren alde... ? Haiei euskal literatura bost axola zaie... (ezta bost ere...!)... euskal abizena duen guztia gorrotatzen dute... euskal poetak ? zoaztela Euskal Herrira ! (Nafarroatik kanpo esan nahi dute ezjakin horiek, Aspaldikukook ongi dakigun bezala... izan ere, Tuteran master bat eman ziguten... "euskaldunegiak" omen ginelako.)

Baina, berriro ere...

Olerki gutxi batzuk argitara eman nahi badituzu, ideia solte baina (zure iritziz) garrantzitsu batzuk komunikatzeko beharra baduzu eta Nafarroa Garaian bizi bazara... non argitaratu...?

Hatsa aldizkariak poesian betetzen du hutsunea... eta Maiatz aldizkariak, poesiaz gainera, euskal literaturaren gainerako alorretan ere... Lapurdi, herrialde txikia... baina literaturaren aldetik hagitz handia... Nafarroa Garaia bera ere baino handiagoa... Lapurdik arintzen digu Nafarroa Garaian sentitzen dugun mina... neurri batean Euskal Herri osoa da Nafarroa eta, hori dela eta, Senpere eta Baiona dira Aspaldikukoontzat Nafarroako hiriburu literarioak. Eta, horregatik, baztertu dugu aldizkari bat sortzeko ideia... gainera, agian, ez genukeen lortuko.

No comments: