Mende joanaz poesia liburua argitaratu zuen Maiatz argitaletxean, baina, batez ere, nobela, dibulgazioa, saiakera eta beste hainbat genero landu du.
Tuesday, December 22, 2009
Txomin Peillenek Manuel Lekuona saria irabazi du
Mende joanaz poesia liburua argitaratu zuen Maiatz argitaletxean, baina, batez ere, nobela, dibulgazioa, saiakera eta beste hainbat genero landu du.
Saturday, December 12, 2009
Nabarralde saria Jean Louis Davant olerkariarentzat
Jean Louis Davant-ek jaso berri du lehen Nabarralde saria. Euskaltzaindiaren webgunean iragarri bezala, olerkari zuberotarrak estrainekotz jaso du saria, Nabarralde elkartearen eskutik.
Aitzakia ederra Ürrüstoi-Larrabil-eko idazlearen olerki zahar eder batzuk berriz irakurtzeko.
Ia-ia duela hogeita hamar urte idatzi zuen lehen olerki liburua, Makila Gorria. Tamalez, Elkar argitaletxearen liburu hori ez dut eskuartean, lagun bati utzia edota oparitua, segur aski. Zorionez, liburu zoragarri horretatik olerki gustukoenak jaso nituen kartoizko fitxa pare batean, arkatzez zirriborratuak, orain dela hogei urte baino gehiago. Horietarik bat bederen, ekarri nahi dut orain blog xume honetara, idazle zuberotar handi hau, gure xumean badere, omentzeko.
Nafartarren gain nigar, oi zuk Lauaxeta!
Baina gerlan harturik, euskaldun poeta,
Lorca-ren adiskide, Franco-k berehala
Fusilatu zaitu, bestea bezala!
Makila gorrian agertzen diren beste hainbat eta hainbat olerki ditut jasoak:
Etxea dut aberria
Euskara dut amerria
Arima gabeko egoitza enetzat hilerria
Euskaraz ari den Euskadi, hura Euskal Herria!
Ikus daitekeenez, azken hilabeteotan hitzetik hortzera dabilen amerria hitza ez al diogu J.L. Davant-i zor?
Amaitzeko, Makila Gorria liburuan aurki daiteke beste zuberotar gogoangarri bati egindako olerki ederra, Agosti Xaho-ri izeneko olerki ederra, beste zuberotar handi horren omenez idatzia. Bidenabarkoan, ez al da laster beteko Xaho jaio zeneko bigarren mendeurrena? Zerbait egin beharko litzatekeelakoan nago..
.
.
Thursday, November 26, 2009
HATSA elkartearen ageri bat
Beste behin batez, gu guzien erdian, Poesiak egin beza bide !
Goraintziak zuri, olerkari adixkidea, eta egon ongi !
Hatsa elkartearentzat:
Thursday, November 12, 2009
Hortxe gera bitez miren Agur Meaberen hitzak: inork nahi badu gehiago edan, jo beza liburura.
Duda gaiztoak izaten ditut idazten dudanaz, baina barruko apalak ordenatzeko, oroitzaopenak eguneratzeko, izuak arrazionalizatzeko [...] nor
naizen nik neuk ez ahazteko idazten dudala badakit. Uste dut, beraz, poesia
irtenbide bat dela, egarria eta panikoa baketu beharrak eragindakoa. Egarria
asetzeko egunerokotik edaten dut. Panikoari izkin egiteko, egunerokoari oratzen
diot.
Idaztea, nolabait, hitzekin maitasuna egitea da (hurreratu, eta begiratu eta tontotu, eta ukitu, usaindu, entzun eta dastatu) , eta olgetan aritzea, jantzi eta biluztu. Idaztea, nolabait, hizkuntzaren armaiurua zabaldu eta arropa aukeratzea da.
Thursday, October 29, 2009
Dakiguna ikasten, Goizutan

Gaur Goizuetan izan naiz, edo, haien modura esanda, "Goizutan". Ikastaro batean izan naiz, dakidan apurra partekatzen, dakidana irakasten... Edota Patxiku Perurena goizuetarraren azken liburuaren izenburuak aldarrikatzen duen gisara, Dakiguna ikasten.
Goizuetatik bueltan, liburu horretako pasarte bat gogoratu nahian ibili naiz, Leitzan bizi den poeta goizuetarrak idatzia poesiaren kontura:
Poesiak [...] unibertsala izan nahi du beti, konkretua, soila alegia, eta ez adorno global hutsa. Eta gizona, funtsean, poesia besterik ez da.
Friday, October 16, 2009
Gabriel Aresti, 50 idazle
Monday, September 28, 2009
Peio Jorajuria "Maite ditugun olerkariak" saioan

"Maite ditugun olerkariak "sailaren barnean
beste egun aberats bat iragan dugu :Peio Jorajuriarekin .
Hona hemen bildumatxo eta argazki bat
Auxtin
(bilduma oso pertsonala)
Larunbat huntan ,Peio Jorajuria eta Dominik bere bizilagunarekin; ahantzi ez dezakegun egun bat oraino iragan dugu . Goizean ,Zugarramurdiko bazterretik Atxuria buruz doan bidexka hartu dugu , eta Kanpandoa mendixka igo .Handik ,inguru ,inguru ikusi dugu , gure bihotzeko lurra, parabisu bihurtu zela , dentelazko iratze eta ur gardenen artean , zuhaitzen sustrai sugetsu eta ixiltasunak dakarren bakeaz beterik
Gainean aurkitu ditugu gure arbasoek zutitu harri ezin higatuak , kasik ber-lurperatuak , baina oraino ageri Hor ziren ere oraino baseliza baten aztarnak , lehengo ezkil eta ermita baten doluan …..Han dira beti ,pean duten , Zugaramurdiko herriari , eten gabe , begira.
Juankar Mugarza , beranxko etorri izanik , ibili zauku atzetik bila baina ez gaitu atxeman . Hala ere pentsatzen dugu bere bakartiar ibilaldia asko preziatu zuela. Hain da Nafarroako geografia eta historiaz maitemindua !
Bazkaldu dugu Larraldeko amatxiren sukalde zaharrean , xixa horiez eginikako arrautzeopila janez , mila gaietaz hitz eginez , aktualitatea, historia , gizartea, lana, filozofia , ekonomia eta hainbat , biziak manatzen dituen anitzatasunez . Egonen ginen mahainean oraino luzaz baina Peioren entzutera etorriak zirenak ate aintzinean ginituen.
Horrela, Ana eta Piarres Charriton, Xan Iturria, Dominik Jorajuria Luixa Gilzu, Ainara Maia , Juankar Mugarza ,Graxi Solorzano , eta ni ,bildu gira 4etan Peioren aditzeko .
Peio-k, irakurtutako olerki guzien artetik erran zigun, bere olerkigintzaren iturria aita gazte izaiteak sortu ziola , Afrikan egonaldi batek ere asko hunkitu zuela bai eta ere bere hurbilekoen gertakizun latzek eta aktualitatearen jasangaitzek azkarki inarrosten zutela bultzatuz olerkiak idaztera. Maizetan ,gai beraz bi poema idazten ditu , lehena deskribapen bat eginez eta bigarrena, metaforo-oiartzun-sentsu sakonago bat deskribapenari emanez
Bere olerkiak dramatikoak direlarik nahi du ere aldi oroz hitz tristen artean argi bat aurkitu ,baikor esperantzaz egoera ilunak sanotzeko
Geroxago ,entzuleak, irakurle bilakatu ziren eta kasik denek nahi izan zuten Peioren olerki bat irakurri . Luixa Gilzuk goizean berean idatzitako pertsuak ezkaini zizkion , eta Ainara Maiak ere olerki goxo bat .Gainera,Hatsaelkartearen izenean , Peiok ukan zuen , Poesiaren betikotasunaren zinbolo bezala, 80Miliun urtetan fosilatu itsaslakatza bat eta bistan da luzaz hitz egin zela Peiorekin , baina olerkariak badu ere besterik egiteko.
« Bihar goizean, bizikletean, lertxunekin lerro-lerro
Bihar goizean, bizikletean, ilargira behar du joan «
Auxtin Zamora
Saturday, September 26, 2009
Lagunarte goxoa Senpereko Larraldean Peio Jorajuriarekin
Iragan da Peio Jorajuriaren eguna. Olerkiak, historia, sorginak, inkisizioa eta beste mila perpausa izan dira mintzagai eta entzungai Lapurdiko zoko maitagarri honetan. Mendian ibili gara Zugarramurdiko Kanpandorreko mendian, edo "Kanpandoa" mendian, Nafarroako mapetan izendatua den bezala. Arratsaldean, olerki saioa izan da, Peioren emazte Dominika bertan izan da, berarekin batera, Auxtin, HATSA elkarteko alma mater-a, eta Hatsaren lagunak. Giro benetan ederra gaurkoa... etorkizuneko mila proiektu berrien sorburu eta abiapuntua.
Izan ere, HATSAREN POESIAren egun ibiltari bat antolatzeko ideiari gorputza eman zaio gaur. Heldu den urteko HATSAREN POESIAren eguna izan ondoren ( Senpereko Larraldean, ohi bezala ), beste egun berezi bat antolatu nahi du Hatsak Senperetik kanpo. Hatsak bere sustraiak ongi errotuak ditu Senperen baina bere enborraren adarrak Euskal Herriko herri guztietara zabaltzen ditu eta heldu den urtean, Nafarroa Garaiko Berriozar herriraino iritsiko dira.
Honela, ekimen berri bati hasiera emanen dio Hatsa Elkarteak: Berriozarren hasiera batean, agian Bergaran beste urte batean, edo Bizkaian, eta honela hemendik aurrera, Euskal Herrietako herrialde guztietara zabalduko da HATSAREN POESIAREN EGUN IBILTARIA.
Ohi bezala, Senperen bilduko gara denak, baina, urtero, Euskal Herriko txoko ezberdin batean biltzeko aukera izanen dugu... Lapurdin, Behe Nafarroan, Nafarroa Garaian, Zuberoan, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta, berriz ere, Lapurdin, Behe Nafarroan eta... Euskal Herri osoa olerkiz bete arte.
Nafarroa
Nafarroa gurea, hain maitatua
Oi Nafarroa
Zure lurra da gure odola
Zure herriak gure bihotzeko taupadak
Zure ibaiak gure zainak
Zure oihan ta mendiak gure hatsa
Oi Nafarroa
Zu, gure iturri gozoa.
***
Nafarroa
Euskal poetek zaituzte kantatu
Entzunarazi dauzkigute
Orreagako garrasi samina
Eta orain arte dirauen gudarien irrintzina
Garaipenarena.
Bidenabar haatik
Zenbat sofrikario
Zenbat sakrifizio
Beotibarko zelaietan
Odol eta malko
Amaiurko guduan
Mila herio
Eta Monteagudon, Kaskanten,
Oliten, Tafallan ala Lizarran
Irrintzina da behin eta berriz entzun
Mendiz mendi eta zelaiez zelai hedatu
Asalduraren haizea altxatu.
Baina Kastilla sabelkoiak
Oihu guziak dauzkizu ixilarazi
Oi Nafarroa, zaitu belaunikarazi
Eta hara zure azken erregina
Zaldi zuri gainean ihes doala
Lekunberritik Donapaleuraino
Baigorriko mendi harresietan gaindi
Begiak triste
Bihotza goibel
Tronua suzko ekaitzak aurtikia
Orbaizetako arma-ola zaharra iduri
Suntsiketaren laparrek estalia.
Mendez mendeko nigarrak
Urtegi dira bihurtu
Eta Itoitz eta besteak dira ito
Baina solidarioak dira hor ere altxatu
Irrintzinaka.
***
Bazterrera utz ditzagun oraikoan
Penak eta malkoak
Eta goazen bihotza alegera
Amodioaren irrintzinak gidaturik
Luzaiden baitago izar eder bat
Maitasunak bihotza xingolaturik
Kantore berri bat diezaiogun kanta
Garruzen aldiz duzue ostiraletan merkatu
Hantxet ai zer lore pollita
Elorriz beteriko arrosa
Haiza begitarteko xangrina
Bihotzean lora dadin zoriona !
***
Nafarroak eta Zuberoak
Bi xantre paregabe
Otxalde eta Etxahun
Agur zueri adiskidiak, egun hun !
Bortu gainetik
Bota kobla
Bota bertsu
Aira ditela Goizuetaraino
Han baitago gizon bat
Deitzen zaio Trabuko
Hitzak eder, bihotza paltso
Iturengo arotzaren gisa
Saindurik ezin fida
Ez-ta ere San Fermin bera
Tratulant bihurriak saldoan
Bilduak Iruñeko ferietan
Zaldi zahar, behor mantso
Eroslea petzero
Halarikan gure bihotzak dio
Aupa San Ferminak !
***
Euskara maitea
Oi gure hizkuntza xaharra
Aspaldiko mendetan sustraitua
Gure arbasoen arbasoek
Biziarazia
Edertua
Loratua
Nafarroako erregeek ere
Mihi ezpainetan zerabiltzatena
Ekaitzek ez haute aurtiki
Uhain gaixtoek ez urperatu
Eta hor hago sendo
Lau haizetara hegaldatu nahian
Oraindik ere mendez mende
Jalgi hadi plazetara
Jalgi hadi mundura
Eta Otsagabian
Euskal Herriko Otsagabia guzietan
Baztertu hauten plaza orotan
Euskaldun ororen bihotzetan
Ahalgea bazterturik
Lotsa gainditurik
Arbuioa haizaturik
Emak airoski dantza !
***
Goazen orain alegeraki
Nafarroan gaindi
Herriz herri
Sokadantzan
Zangoak arin, begiak alai
Hara Leitza
Euskarak ez zaitu arrotza
Eta Lekunberri
Zenbat pesta, zenbat irri
Eta haratago
Oi Baldorba
Eki bero, bazter idor
Mahats-ardoz bustitako
Lur emankor
Herribehera
Eguzkia etzaten denean
Zutan amets gozo
Eta Eiheralarre
Ospe zuri Detxepare
Horra ere Baigorri
Dena gar, dena pindar
Adiskideak
Eman gogotik kantu
Gaitezen alegera
Ez utz gure bihotzak hotz !
***
Nafarroa
Mila ospe zuri
Mila izar zu baitan
Zu, gure lurrik maitatuena
Amets zoroenetako lurra
Lur beroen sabel fruitutsua
Sabel hortatik hegalda dadila arranoa
Nafarroa, arbasoen arkaitza
Euskal lurraldetan lehena
Nafarroa, goi ala behera
Bat bakarra
Gu denen Ama.
Peio Jorajuria
Thursday, September 17, 2009
Peio Jorajuria Senperen Hatsaren eskutik

“ Hatsa” elkarteak,“Maite ditugun olerkariak” saila, jarraian Senperen derama . . Oraikoan, Irailaren 26ean Peio Jorajuria nahi luke ohoratu .
Peio Jorajuria, Senpere -Bernatenean sortua , Bidarraien ezkondua, 2 seme-alaben aita , Herria astekariaren arduraduna . Jadanik duela 11 urte idatzi zuen monografía bat Bidarraiko herriari buruz. Peio-taz “Begiurdinaren blogean”.diote : “Euskara hizkuntzaren zizelkari fina eta trebea ; ageri da hitzak hautatuz ari dela, euskaldunek dakigun bezala ideiak irudikatuz”
Iaz, 1990etik 2001era idatzitako olerkiekin , “Uzkinazo luma” liburua argitaratu zuen(Maiatz editorial etxearen bitartez) eta urtero artoski , “Hatsaren Poesia “ olerki bilduman parte hartzen du
Zerk zuen bultzatu olerkien idaztera ? Noizbait nunbait hitz hauk azaldu izan ditu:
“ Neure haurrak sortu zirelarik nintzen olerki ta ipuin zonbeiten idazten hasi, haurrek dakarten biziaren miragarritasuna omendu nahiz. Mundu gogor huntan, haurren begiekin biziaren agurtzea, ze oparia !
Peio Jorajuriaren Egunaren Egitaraua
Larunbata Irailaren 26an
9h 30 Elkartzea :Senpere-Larraldean
10 etan Oinezko ibilaldia Zugarramurdiko Kanpandorreko mendian
Ordu batean bazkaria Zugarramurdin
( Bazkariarentzat izenak eman behar dira Irailaren 24eko hatsaelkartea@aol.com)
4etan, Larraldean, denetzat, Peio Jorajuriaren olerki irakurketa
Saturday, August 15, 2009
Abuztuaren 15eko bazkalondoan, Czesław Miłosz-ekin
Poeta bazara, garbi ikusiko duzu paperezko orri honetan hodei bat dagoela airean. Hodeirik gabe, ez legoke euririk; euririk gabe, arbolak ez lirateke haziko; eta arbolarik gabe, ez legoke papera egiterik. Hodeia beharrezkoa da papera egon dadin. Hodeirik ez balego, ez legoke paperezko orri hau ere. Beraz, esan dezakegu hodeia eta papera elkar lotuta daudela.
Tuesday, July 21, 2009
Eako Poesia Egunak
Emakume ederren aurrean
Lewinskyren aho urtua naiz
Clintonen hankatartean
Hedoi Etxarte irunsemearen poema baten hasiera duzu, DDRko bandera poemaren hasiera hain zuzen. Suzko lilia izeneko liburutik aterea. Egokia iruditu zait Hedoi Ea herriko Poesia Egunetan parte hartu baitu eta udako bero-galdatan bestelako berotasunak ere egon badaudela gogorarazteko.
Aurtengo edizioan gai nagusia, izan ere, erotismoa eta intimitatea izan dute. Iragaran den asteburuko Garan eta Berrian informazio osoa duzu
Poeta baten bat, baina, falta izan da. Castillo Suarez San Fermin egunean argitaratu zuen testu eder batean agerian utzi zuenez.
Tuesday, June 30, 2009
LUCES Y SOMBRAS aldizkariaren gomita

Hauxe da baldintza: euskarazko jatorrizkoa bere itzulpenarekin nahi dutela (gaztelaniaz printzipioz, baina frantsesez ere ontzat emanen dutela uste izatekoa da). Beraz, 50-80 lerro horietan sartu behar da jatorrizko olerkia eta bere itzulpena. Horretaz gainera 50 hitzetan (hau ere erdaraz -gaztelaniaz, nahiz frantsesez) gure kurrikulum txikia, nortzuk garen jakin dezaten.
Itzulpenari dagokionez, hauxe da Itxaurdik dioena:
Bestalde, badakizu zer pentsatzen dudan poemen itzulpenez... Agian we're out of time, agian there're no need to translate it, because...
Eta ematen dituen arrazoiak ixiltzen ditut, baina arrazoia ez zaio falta. Hala eta guztiz ere, olerki bat bidaltzen baduzue, mesedez, itzulpenarekin eta zuen 50 hitzezko kurrikulum txikiarekin.
Izan ongi!
Monday, June 29, 2009
Maite ditugun olerkariak: Josemari Zendoia

(interpretazio laburra eta pertsonala osoki )
Josemari Zendoia rekin , iragan eguna , itsasoak, inkonzientziari dakarkien kresal arrapo eta uhain biziez beteritako gertaera bat bezala bizi izan dugu .
Donostiako . ur eremu zabaletik Senpere- Ainhoako iratzezko ozeanotara doatzin bidexkak, dira mila . Mila , ere , dira , bidexkak , gure mundu harrigarri honen ezagutzeko, Josemari-ri, etengabeki , jakinminak sortarazten dizkienak
Uraren gainean ura hunkitu gabe doan poeta bat bezala Josemarik ereman gaitu bere hitz hautatuekin itsasoaren ametsak eta erranahi ezkutuak aurkitzera Ezin zilatu daitezken ilun- abarrak , faroek mihatzen dituzten bezala , bere begi ilargikari zorrotzak gelditu gabe dabiltza itsasoaren egoera aldakorraren zai
Ohargarria da zonbatetaraino itsasoak hildokatu duen bere izaera . Dio « Olatuak existitu izan ez balira nik ez nukeen inoiz hitz bakar bat ere idatzi izango, baina ez olatuen izate ezagatik, baizik eta olatuak izan ez balira inork ez zituzkeelako inoiz deskribatu izango » Beste olerki batean ere itsasoa eta hitzen arteko bidea azaltzen du , erakutsiz « biziaren « genesis »-a itsasoan hasten dela eta garatzen « hitz »izan arteraino . Hau da , bai , milioi eta milioiko bide luzea , baina segunda batzuez alderantziz egin dezakeguna …
Orain zure erresumako biztanlea naiz !
Bidaia guziez gose, Josemariren itsasoa lurraren eta zeruaren eremua ere da. Bere sentsibilitateak basamortuko harea negarrez bustiko luke eta ezpazioan , izar astroak gizakiekin lerrokatuko Gainera , bere poesia ez da inoiz sartzen burutazio ilun eta ezezkorretan , noski ‘ « suerte ona – daukan izar » baten pean sortua dela susmatzen duelakotz, eta, nahiz ,beharbada ,egun batez , itsasontzia hondoratua izan , zuhaitz enbor bati helduta, badaki , olatuek berriz hondartzara ,osorik eta sanorik ekarriko dutela
Bai horrelakoa da Josemari Zendoia !
Auxtin Zamora
-Josemari Zendoiaren egunaz baliatuz , Koldo Zubeldiak aurkeztu zuen azken urte hautan idatzitako olerkien antologia (Antologia poetikoa 1984-2009)… trinkotasunaren eta bakardadearen konzentrazioetan , bai eta ‘ere, » transe » askoren isurkarietan murgildu liburu bat
Eta, nik ere parte hartu nuen ,« Zernahi izan eta ere » deitu liburutxoa aurkeztuz.
Datoren « Maite ditugun olerkariak « ekimena , Peio Jorajuriarekin Irailaren azken larunbatean (26an) iraganen da. Xehetasunak geroxago bidaliko ditugu .
Saturday, June 20, 2009
HATSA Elkartearen ageri bat
Adixkide olerkaria
mezu honeri datxikola,
ageri bat,
hona hemen.
Goraintziak
Hatsa elkartearentzat,
Auxtin Zamora
“Maite ditugun olerkariak” - Jose mari Zendoia-ren eguna , Senperen
Gehi: bi libururen aurkezpenak:
- Auxtin Zamora-ren "Zernahi izan eta ere"
- Koldo Zubeldia-ren “Antologia poetikoa1984-2009"
Hatsa elkarteak ,bere Maite ditugun olerkariak” ekimenari jarraikiz (Ekainaren 27an), olerkizale guziak gomitatzen ditu Jose mari Zendoia-rekin eguna iragaitera.
Jose mari Zendoia-Sainz 46 urte, Donostiakoa matematiketan doktoregoa-duna Euskal Herriko uniberzitatean, “Ekonomia Aplikatua “ sailean erakaslea, soziolinguismoan aditua , paradoxiaz ere olerkari oparotsua Erdaraz bai euskaraz bere olerkiak , “La Taberna del Mar” Web gunean agertzen ditu , bai eta ere , azken 5 urte hautan, “Hatsaren Poesia “ Olerki bilduman.
Bere olerkietaz dio:
“Hitzak idatzten ditut , haiek zer edo zer ebatziko dutelakoan, eragiketa matematikoek zenbakizko problemak ebazten dituzten bezala. Hitz multzo bat, orden egokian jarrita, soluzio bila. Hitz ederrak, edo itsusiak, osotasunean askatuko gaituzten esperoan. Esaldi borobilak, edo eliptikoak, edo laukizuzenak, amaigabeko espiralak biran ipintzea: hori da niretzat idaztea.”
Baina ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da. Zeroen aurretik zeroak idaztea bezain hutsa, zeroen ondoren zeroak idaztea bezain inozoa.
Jose Mari Zendoia-ren egunaren egitaraua
Larunbata Ekainaren 27an
9h 1/4 Elkartzea :Senpere-Larraldean
10 etan Oinezko ibilaldia (Atxulegi Ainhoan)
Ordu batean bazkaria Zugaramurdin
(Bazkariarentzat izenak eman behar dira Ekainaren 24eko hatsaelkartea@aol.com)
4 etan , Larraldean, Josemari Zendoia –ren olerki irakurketa
5 etan : Liburu aurkezpena :
Auxtin Zamora-ren "Zernahi izan eta ere" “ Instinktozko hitz eta marraskiekin lortua “
Koldo Zubeldia-ren "Antologia poetikoa 1984-2009" "tranze askotatik iraganda idatzia"
Monday, June 15, 2009
Biltzarrari buruzko berriak
Eta horren berri ez baduzu, hona hemen esteka interesgarri batzuk jakinaren gainean jartzeko:
Gure presentziaren argazkirik ez...
Azken uneko presek aztoratu gintuzten eta errezitaldian erabilitako orriak galdu genituen... bertan partaide guztion izenak zeuden idatzita... Beraz... Orain batek daki nor izan ginen lehengo egunean.
Marisak dioen bezala, "Aspaldikuko orrian sartu gara. Gure presentziaren "argazkirik" ez duzuela ikusi dugu, ezta gure izenen berririk ere eta Itsasoko Kresalaren usain sarkorra... zenbateraino heldu ote zen Tuterara zalantzan jarri dugu..." Izan ere, belarritik tira egin behar diogu Aspaldikuri, baina minik egin gabe. Adiskideak bezala... Baina, bai, Aspaldiku, egia da... Argazkiak falta dira... Batzuei argazkiak egin zenizkion eta beste batzuei ez... Hori konpondu egin beharko da hurrengo urterako. Batzuen partaidetza "euskarri grafikorik" (bai hitz potoloa!) gabe gelditu baitzen... Baina, bai, hantxe izan ginen gu geu ere, nahiz eta argazkietan ez ageri.
Nortzuk izan ginen Tuteran...? Saia gaitezen egon ginenon zerrenda berreskuratzen eta osatzen, lan arriskutsua dela jakin arren, baten bat ahaztuko dugulako, baina hala gertatuko balitz, mesedez, mezu honi iruzkin bat atxeki zein den falta dena esaten eta denon artean zerrenda osatuko dugu.
Lehenengo eta behin, Miren Agur Meabe, jakina, eta berarekin batera oriotarrak izan ziren, Edurne eta Marisa Arruabarrena.
Bigarrenik, Bergarako Idazle Eskolako idazleak: Tere Irastortza, Gorka Azkarate, Karmele Igartua, Axun Gereka, Carmen Valois eta Itziar Gomez.
Hirugarrenik, Iruñeko jendea: Joakin Balentzia Tirapu, Josu Jimenez Maia eta Juankar Lopez-Mugartza.
Eta nor gehiago? Gogoratzen al zarete? Jakina, erdaraz aritzen diren idazleak ere izan ziren, Ana Rosetti, Marina Aoiz, Jose Luis Allo, Josu Calvo, Santi Elso, Jose Javier Alfaro, Milagros Rubio, Isabel Blanco Ollero, Dani Aldaya, Teresa... eta bertze anitz... Baina, euskaldunen artean baten bat aipatzeke gelditu al da?
Mesedez, izenen bat gogoratzen baduzue esan.
Zure zelatan, katibu
Zure zelatan, katibu.
Atzo gauean,
gauaren isiltasunean,
zure poesiaren irakurtzea
otu zitzaidan.
Atzo gauean,
zure lokartzean
nire bakardadean…
Atzo gauean,
gauaren isiltasunean,
obra eskuetan
bihotza kuzkurtua
malkoa begietan.
Zeinen eder, erraz, klarki mintza zintezke?
Hain poliki, biziki, xamurki!
Baina munduak zure berririk ez du!
Non egon zara orain arteino?
Jalgi zaitez plazara, eta mundura!
Aska bitez zure hegoak!
Eta zure luma?
Bai, MINAk arindua
Mirents zaitzaket.
Ez dakizu nola!
Esan diezazuket.
Jakingo banu nola?
Gauren isiltasunean,
gure ohatzean
zu nire alboan,
ni zure ondoan.
Hemen,
gauaren isiltasunean,
zure zelatan, katibu.
Marisa ARRUABARRENA
Aspaldikuri
Aldapa gora gogorra
bultza eta bultza
eta “laguna” mugitzen ez!
Zertan ari zarete?
Non zabiltzate?
Bai, Tuterako bidean gaude
Jakinduriaren Etxea bilatu nahian...
baina, non dago
Marcilla
Castejon hurrena
eta azkenik
ia-ia mugaz bestaldean
euskarak ere
bere lotsa galtzen duen unean;
koloretako Itsasoa.
Eta hemen ere, horia nagusi!
Hurrengoan, elkartzean
zuek Aspaldiku
eta guk aspaldiko
esango diogu elkarri.
Marisa ARRUABARRENA
Wednesday, June 10, 2009
Antanaklasia: "Azala zuri, barrena zuri"
Eztabaida galdu zutenei azalduko diegu zer den: jartzea hitz pare homonimoak esaldi berean -edo elkarren ondoan-.
Oihenart klasikoak etsenplu eder pare bat utzi zigun:
Buruko bilo hori
Urhea bezain hori
Haren izena Joana,
ez ote gaizki emana
ezen orai heldu dena
Nola liteke joana
Mogelek ere, beste hau utzi zigun:
Biar egiten dabenak jan biar dau.Bizkaieraz, jakina da, biarra lana da.
Gugandik hurbilago, Lazkao Txiki bertsolari handiak beste hau utzi zigun, bidenabar esanda, gaurkotasun izugarria duena:
Politikan ez dago gauza politikanHorra hor, beraz, antanaklasia adibide zenbait, argigarri gertatuko zaizuelakoan
Saturday, June 6, 2009
Tuterako Biltzarra abian
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako Campusean abiatu dugu V. biltzarra
Hemen gaude, kultura eta artearen betiereko bilkatean, Miren Agur Meabe gurekin dugu; Ana Rossetti, berriz, Zaragozara heldu berri da trenean... Hiru ordu laurden kostatuko zaio heltzea. Tuterako Udalaren babesa eta laguntza eza gorabehera, Tuteran egitea lortu dugu.
Abiatu gara, abiatu garenez!
Tuesday, May 19, 2009
Tuterako Biltzarraren Egitaraua
Nafarroako IV. Poesia Biltzarra
Tutera 2009
XXI. MENDEKO POESIA
Ana ROSETTI eta Miren Agur MEABE
LEKUA: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Tuterako Campusean
EGUNA: 2009ko ekainaren 6a
10:30 AURKEZPENA – ARGIBIDEAK
11:00 OLERKARI GONBIDATUAK
Ana ROSETTI. Aurkezlea: Jose Luis Allo Falces de León
Miren Agur MEABE, Aurkezlea: Juankar Lopez-Mugartza
Biltzarraren hasierako hitzaldiok erdaraz izanen dira
12:15 ATSEDENA
12:30 TAILERRAK
Gaztelaniazko Tailerra: Metrikaren bideetatik.
Zuzendariak: Ana Rosetti eta Consuelo Allué Villanueva.
Euskaraz: Miren Agur Meaberen olerkigintza
Zuzendariak: Miren Agur Meabe eta Juankar Lopez-Mugartza
14:00 BAZKARIA
17:00 OLERKI ERREZITALDIA
Ana Rosettik eta Miren Agur Meabek hasiera emanen diote errezitaldiari
Gure gonbidatuen olerkiak entzun ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko olerki lehiaketetan saritutako olerkien irakurraldia.
Olerkien irakurraldi librea. Saio honetan edozeinek parte har dezake, baldintza bakar batekin: goizean zehar edo errezitaldia izan baino lehenago haien izena eman behar dute antolakuntzaren ordenagailuetan.
Arratsaldeko errezitaldi saioari bukaera emanen diote gure bi olerkari gonbidatuak. Ana Rosettik eta Miren Agur Meabek bospaseina olerki irakurriko dituzte gure biltzarrari bukaera emateko.
20:00 NAFARROAKO IV. POESIA BILTZARRAREN AMAIERA ETA HURRENGO BILTZARRERAKO GONBIDAPENA
Monday, May 18, 2009
Ez dakit konturatu zareten baina arazo batzuk badira
Bai, lasai, aurten ere bilduko gara. Miren Agur MEABE gure artean egongo da, ohi bezala, ekainaren hasierako astean. Kontua da, aurten nolabaiteko boikota izan dugula eta dirurik gabe eta lokalik gabe gabiltzala oraindik. Zehaztasun gehiago emango dizkizuegu hurrengo egunetan. Baina aurten, Tuteran bilduko gara, Aspaldiku merinaldeen hiriburuetara egiten ari den bidaia poetikoari segida emanez (Iruñea, Agoitz, Lizarra... Tutera!). Hango udaletxeko kultur arduradunen laguntza jaso beharrean, oztoporik baizik ez dugu jaso. Baina, egin, eginen dugu. Inongo zalantzarik gabe.
Beraz, motxila poetikoa prestatzen has zaitezte... nahiz eta, oraingoz, egitarauarik ez izan, non eginen dugun ez jakin, ez eta erdal adarreko poeta gonbidatua ordaintzeko haina diru izanen ote dugun ere...
Jakintsu hark zioen moduan: "Dakidan bakarra, deus ere ez dakidala da." Eta hori asko jakitea da.
Maite ditugun olerkariak: Carmen Valois, Senperen

"Maite ditugun olerkariak” ekimenean: Carmen Valois, Senperen.
Hatsa elkarteak,“Maite ditugun olerkariak” saila, bi urte honetan, Senperen, jarraian derama, horrela, poesiazale guziak, olerkari batekin eguna iragaitera gomitatuz. Oraikoan, Maiatzaren 23an Carmen Valois nahi ginuke ohoratu.
Carmen Valois (1958), Iruñean sortua, Zarautzen bizi.
Kazetaritzan lizentziaduna izan ondoren, Sozial arloan diplomaduna, Bioetikan masterra. Gaur egun, Donostian osasungintzan dihardu lanean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle lanetan.
Hainbat aldizkaritan plazaratu ditu literatura-lanak, hala nola,” Luma berrien eleak”,” Mugalari”, “Nabarra”... Halaber, argitara eman ditu bere jardunari lotutako dibulgazio-artikuluak: “Aghatos”, “Bitarte”, “Osatuz”,” Euskonews”-en.
Berak dioenez... “Emakume izatea, mila identitatetan barreiaturik den poliedro bat izaitea da Bizitza posible bat, beste hamaika aukeren artean”.
Eta poesiaz dio “Lekukotasun bat dela, kosmos bat irudikatzeko barne-begiradan”.... “emozioen munduan erroturiko den hazia.”...“atomo bat...hondar ale bat....: besteen memorian irauteko aitzakia ezin eder bat ”.
Carmen Valois-ren Egunaren-Egitaraua
Larunbata Maiatzaren 23an
9h 30 Elkartzea: Senpere-Larraldean
10 etan Oinezko ibilaldia (Sualmendi Sara-n)
Ordu batean Bazkaria Zugaramurdin
( Bazkariarentzat izenak eman behar dira Maiatzaren 21eko hatsaelkartea@aol.com )
4 etan , Larraldean, denontzat , Carmen Valois –ren olerki irakurketa bere argazkiekin
Saturday, May 16, 2009
Jose Luis Allo-ren liburuaren aurkezpena
Jose Luisekin batera Peio Etxarri eta Javier Asian aritu ziren; berrogeita hamar lagun baino gehiago bildu ziren Civican-en areto nagusian. Era berean, hiru musikari gazte bezain trebe aritu ziren errezitaldian musika pieza ederrak joaz: Saioa Alonso Allué, Leire Alonso Allué eta Maialen Zabalza.
Tuesday, May 5, 2009
Iruñean aurkeztuko da José Luis Alloren liburu berria

Iruñeko Civican-en aurkeztuko da maiatzaren 15ean José Luis Allo-Falcesen poema liburu berria: de la ceniza y otros bienes perecederos.
Lehenbizi, sorterrian aurkeztu zen, eta orain, Iruñean liburua ezagutzeko parada izanen dugu egilearen beraren ahotik. Goian aurreratu bezala, aurkezpena 15ean izanen da, ostiralarekin, arratsaldeko 7,30etan, Civican-en -Pio XII. etorbide 2-. Egilearekin batera, Peio Etxarri eta Javier Asiáin arituko dira.
Monday, April 27, 2009
José Luis Allo Falces-en liburu berria
Saturday, April 25, 2009
Zulo Poetiko arrakastatsua
Ekitaldian poemak eta musika-piezak uztartu genituen. Musika klasiko-pieza laburrak zoragarri ederki interpretatu zituzten hiru neska gaztek, Leire Alonso Allué, Saioa Alonso Allué eta Maialen Zabalzak. Zalantzarik gabe, oso ederra izan zen poemak eta musika-piezak tartekatzea eta entzuleek biziki eskertu zuten.
Errezitaldian parte hartu zuten poetak honakook dira: Mikel Balentziaga, Santi Elso, Auxtin Zamora, Ana Estepa, Juankar López-Mugartza eta Josu Jimenez Maia. Bina poema errezitatu zuten lehenbizi, baina jendea gustura zegoenez, bigarren aldiz errezitatu zuten poema bana. Ekitaldiko aurkezlea Pello Uharte Orotz izan zen, Zulo Alai Elkarteko kidea eta Zorroka euskara taldeko presidentea, eta hogeita bost lagun baino gehiago bildu ziren poemak eta musika piezak gozatzeko.
Wednesday, April 15, 2009
Zulo Poetikoa Berriozarren
Dakizukeenez, Shakespeare eta Cervantes hil omen ziren apirilaren 23 jakin batean eta, horren harira, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Iaz, apirilaren 23a hautatu genuen Muxugorri liburuaren aurkezpena egiteko eta aurten, aldiz, errezitaldi poetiko hau egiteko. Aurtengo ekitaldian musika klasiko piezak eta poemak uztartuko dira.
Izenaren bitxiak ere badu azalpena: Berriozarko Zulo Alai Elkartearen eta Aspaldikuren artean antolatua da eta poeta horietarik batzuk Zulo Alai Elkarteko kideak dira: hortaz Zulo Poetikoa.

Informazio gehiago Eguzki Plaza albistegi digitalean.
Tuesday, April 14, 2009
Idazleen Biltzarra Saran
Atzo, apirilak 13, Idazleen Biltzarra - Biltzar des écrivains ospatu genuen Sara herrian. Pazko astelehena izanik, mugaz bi aldetako idazleak eta poetak biltzeko parada izan genuen. Giro ederra, liburu anitz eta askotarikoak, eta Herria astekariari omenaldia: 3000 zenbaki eta 65 urte ez dira kopuru makalak
Poesiari dagokionez, alde batetik, Maiatz aldizkariaren zenbaki berria eskuratzeko aukera izan genuen Lucien Etxezaharretaren eskutik; bestetik, Auxtin Zamora-ren azken lana: Zernahi izan eta ere... azken lan hau saiakera eta poesiaren arteko lana dugu, zedarritzen edo sailkatzen zaila izanik.
Orobat, horrelakoetan gertatu ohi den gisara, idazle handi-handiak bertatik bertara izatea profitatu behar da, Durangoko Azokan baino askoz ere lasaiagoa den giro batean. Hor zeuden, besteak beste, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant...
Informazio zabalagoa:
Tuesday, April 7, 2009
Hatsaren Poesia Eguna 2009
Erran gabe doa, Gazteizera zenbaki handian joan diren korrikalari-poeteri, baita ere gure ondoan ezin izan zitezkeen guzieri inkonzienteki lotu girela. Guzi horien artean pentsatu dugu manera berezi batez: Iratxe Arrozpide eta Urtzi Urkizu, beren Malen deituko duten umetxo ttikia, garai honetan egun batetik bestera sortzearen zain direneri; Juankar Lopez-Mugartza Iruñean Korrika egitean zauritua izan denari; Gabriel Korta-Rekarte eta Daniela Pilote eriturik etxean egon direneri; Ainara Maia, Txekian, gure artean ez izaiteaz sakonetik sofritzen aritu denari; Elizabet Mackling New York hirian; Andoni Iturrioz Parisen, Juanmari Irigoien Almerian, Luigi Anselmi Bartzelonan; Hasier Larretxea Madrilen; Ainara Sanchez, Mikel Saumel,Julen Azpeitia, Aritz Gorrotxategi urrutira joaitea behartuak izan direneri... Oroitu gira ere manera berezi batez aurten beste mundu batera joan diren gure bi olerkari famatuez Xabier Iratzeder, eta Mikel Laboaz: hauen bien omenez hor ditugu bi olerki, liburu berrian: Eukene Lizeaga Tamayok eta Peio Jorajuriak idatziak. Halaber, Graxi Solorzano-k olerki bat idatzi du Xabier Iratzederre-z, eta Janire Rodriguez-ek Gotzon Garate-z.
Bizia horrela doa, ezin dezakegu presente izan hamaika tokitan, funtsean ez bietan ere, baina guzien lekukotasun bezala Hatsaren Poesia 2009 urteko bilduma hemen dugu, nunbait, birtualki bederen elgarren kontsolatzeko.
Hamaikagarren bilduma honek ez du aintzinekoeri deusik zor, oraikoan ere 100 bat idazleek parte hartu dute bat banazka, bai eta 200 bat haur eta umetxok taldeka.
Aurtengo olerkari berrien izenak hona hemen: Berta Alcalde, Gorka Azkarate, Haltsuko Eskolakoak, Karmele Igartua Bengoa, Paxkal Indo, Jokin Irigoien, Fertxu Izkierdo, Edurne Marin, Naiara Sanchez-Inda, Senpereko Eskola publikokoak eta Zumai
JosAnton Artzek, Usurbileko gure olerkari lagunak, idatzi du sar-hitza eta, artetik errateko, datorren urtekoa badakigu Koldo Zubeldiak idatziko duela.
Liburuari loturik diren munta haundiko bi gai azpimarratu ziren:
Lehenik, gizatasunezko bizi bat eman behar zela, olerki eta olerkarieri. Duela bi urte "Maite nahi ditugun olerkariak" Edu Zelaieta, Juanma Sarasola, Urtzi Urkizu, Juan Ramon Makuso, Belen Oronos, Ainara Maia, Oier Guillan, Idoia Beratarbide, Zigor, Itziar Gomez. Koldo Zubeldia, eta Juankar López-Mugartza-rekin hasi saila, nahi dela aurten ere segitu , pentsatuz datorren hilabeteetan, Peio Jorajuria, Jose Mari Zendoia, Carmen Valois, Xabier Soubelet gomiatuak izanen direla, beraiekin egun goxo bat pasatzeko.
Bistan da , Hatsaren Poesia liburuan parte hartzen duten guziak nahi direla egun batez gomitatuak bezala ikusi, eta hori, nor beraren mundu poetikoa gehiago ezagutzeko, sentitzeko, azken finean poesiaren arimak behar duela gizakiekin topo egin.
Bigarrenekorik, haur eta gaztetxoekin xumeki egiten den lana aipatua izan zen Literatura eskoletan ikasten bada, bai eta poesia ere literaturen programazioetan sartzen; hala ere, erakasle gutxi da , ikasletxoak olerkiak landu edo idaztera uzten duenik. Ez da harritzeko gero toki askotan "Poesia hila dela" leloa entzuten dela. Hemen nahi ditugu publikoki omendu: aurten eskoletan olerkiak idaztera utzi eta lagundu dituzten erakasleak : Marisa Arruabarrena, Zumaiako Institutoan; Maite Bergara eta Irene Ithursary, Bernat Etxepare Ikastetxean; Belen Oronos , Hondarribian; Mikel Zelestino eta Joxean Ortega, Igantziko Eskolan; Jacqueline Boutin, Senpereko Eskola publikoan; Beronika Zamora, Senpereko eskolan. Bai hemen ere, erranen ginuke poesiaren arimak behar duela haurtasun izaerarekin topo egin .
Ttotte Iratzokik Mixel Mendiren laguntzarekin prestatu apairua, jangura onez preziatua izan zen , Angela, Bittori Jeanine, Maria Helena eta Beronika zirelarik biziki lerden gu denak zerbitzatzeko. Bazkaldu eta gero, elgarren olerkiak irakurriak izan ziren, bat bederazka: ziradazko, umorezko edo sakonezko giro kontzentratu batean, Extefana Irastorza-k bere 80 urte eta pikoekin olerkari guziak abesti bat kantatzera bultzatzen gintuelarik.
- ((H)abiapuntua) , Ainara Amaia-ren emaitza bat sentimentalezko zauriez gaindizka azaltzen dena
- Mikel Laboari omenaldi bat, ez aspaldi zendu den abeslari maitagarriari eskainia. Olerki sakon eta oso poetiko batekin Eukene Lizeaga-Tamayo-k asmatu duena
- Haur hautsia Oier Guillan eta Idoia Beratarbide-k elgarrekin sortu bideoa, nun talendu hunkigarri batekin , bai tinduz bai hitzez ikusten den itxuratu haur baten aurpegiaren bide dramatikoa… estetismo arraroz josia.
- Lastozko ihesgunetan nere olerkitxo eta argazkien ezteiak. Beharbada biziaren besta serios bat idurikatzen duena
- Sarako idazleen biltzarrean, Bazko astelehen honetan, apirilaren 13an.
- Herri Urrats Egunean, Sanperen, maiatzaren 10ean.
- Iparraldean duzuen lagun baten etxean ale bat utz genezake.
- Senperen nahi duzularik: hitzordu bat finkatu ondoren: telefono zenbakia: 05 5954 1143; eta Hegoldetik deitzen diuzuontzat: 0033 559 54 11 43 edo posta elektronikoz.
- Postaz Iparraldetik urruti xamar bizi bazarete: horretarako, zuen egoitzaren helbidea behar dugu jakin.